Blackstone putre funtsak Gasteizko familia bat etxegabetu nahi du. Hala jakitera eman du aste honetan Etxebizitza Sindikatuak, Plaza Berrian, udaletxearen aurrean, eskainitako prentsaurreko batean. Horren berri eman zuten 2022ko azaroan, baina orain, etxegabetzea hurbildu ahala, bere burua identifikatzeko prest agertu da sindikatuaren parte den familia, hasiera batean, "ondorio errepresiboengatik", aukera hori baztertu zuen arren.
Azaldu dutenez, familiak Gizarte Zerbitzuetara jo zuen bere egoeraren berri emateko eta irtenbide bat eskatzeko. "Beti bezala, administrazioak ez du aukerarik eskaini", salatu du Etxebizitza Sindikatuak. "Berriz ere agerian geratu da gizarte ezkutuaren neurrien eraginkortasunik eza. Etxegabetzeen luzamenduak, batzuen exekuzioa atzeratzen badu ere, ez du arazoa konpontzen. Gainera, ugaritu egin dira etxejabeek egindako legez kanpoko etxegabetzeak: sarraila aldaketak, poliziak hornitutako ordenarik gabeko etxegabetzeak, eta etxejabeen presioak jasan ondoren etxetik alde egiten duten maizterrak".
Horren aurrean, "autodefentsa sozialista" aldarrikatu du sindikatuak. "Etxejabeen eta errentisten erasoen aurrean antolatutako defentsa, gure bizi-baldintzen okertzea gelditzeko eta, aldi berean, etxebizitza-sistema sozialista berri bat aldarrikatuko duena, non aberastasunerako sarrera unibertsala izango den".
Azkenik, Udalari eta Blackstone funtsari hiru eskaera egin dizkiete: "Etxegabetzea berehala eta baldintzarik gabe etetea. Jabetzaren, Udalaren eta sindikatuaren arteko negoziazioak hastea, familia etxebizitzan erregularizatzeko. Benetako eta kalitatezko bizitoki alternatiba bermatzea".