Soziometroa

Lehia estua EAJ eta EH Bilduren artean Gasteizen

Erredakzioa 2023ko ots. 10a, 12:00

Beatriz Artolazabal (EAJ) eta Rocio Vitero (EH Bildu). / Argazkiak: IREKIA eta EH BILDU

Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Soziometroak jeltzaleen garaipen zabala aurreikusi du hiru aldundietan eta hiriburuetan, Gasteizen izan ezik: EAJk (%24,3) eta EH Bilduk (%21,6) zinegotzi kopuru bera lortuko lukete.

Urtarrilaren 31tik otsailaren 6ra bitartean telefono bidezko 3.000 inkesta baino gehiagorekin (horietako 728 Araban) egindako Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroak 2019ko hauteskundeek utzitako mapa politikoaren oso antzekoa aurreikusi du 2023ko udal eta foru hauteskundeetarako; salbuespen nabarmen batekin: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietan eta Bilbo zein Donostiako udaletan EAJ lehen indarra izango litzatekeen arren, Gasteizko Udalean lehia estua espero da EAJ eta EH Bilduren artean.

Beatriz Artolazabal alkategai jeltzaleak Gorka Urtaranen garaipena berretsiko luke, botoen %24,3rekin eta zazpi zinegotzirekin. Hala ere, EH Bilduk goranzko joerari eutsiko lioke Miren Larrionen osteko garaian, eta Rocio Vitero alkategai subiranista Artolazabaletik oso gertu geratuko litzateke, botoen %21,6ko babesarekin (EAJrekiko %2,7ko aldea). Nolanahi ere, bi talde politikoen arteko berdinketa teknikoa suposatuko luke horrek, bi kasuetan zazpi zinegotzi lortuta.

Gainerako indarrei dagokienez: PSEk (Maider Etxebarria) botoen %20,9 eta sei zinegotzi lortuko lituzke; PPk (Ainhoa Domaika) Leticia Comeronekin lortutako bost zinegotziei eutsiko lieke, botoen %18,1ekin; azken indarra Elkarrekin Podemos-IU (Garbiñe Ruiz) litzateke, %6,8ko babesarekin hiru zinegotzi izatetik bi izatera igarota. Bestalde, Voxek botoen %4 lor dezake; hala ere, ultraeskuina udaletik kanpo geratuko litzateke, gutxienez botoen %5 lortzea ezinbestekoa delako.

Batzar Nagusietan, betiko martxa

Arabako foru hauteskundeetan, EAJk bi puntuko igoera lortuko luke, botoen %31,5 eskuratuz; gobernu bazkide PSEk, berriz, puntu bat galdu eta %18 lortuko luke; bien erdian EH Bildu legoke, bigarren indar gisa, botoen %22,8rekin; PPk duela lau urteko emaitza errepikatuko luke, hau da, %15; Elkarrekinek emaitza okerragoa, %6,6rekin; eta, azkenik, Voxek %3,1 lortuko luke, eserlekua lortzetik gertu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago