Zerk bultzatzen du pertsona heldu bat asteko edo eguneko hainbat orduz euskara ikastera edo dakiena hobetzera? Berdinak al dira motibazio iturriak gaur egun eta duela 40 urte?
Erantzun posibleak hainbat dira, eta bakar bat ere ezin orokortzat hartu. Izan ere, egitekotan, motibazio anitzez hitz egin behar da, baina, antza denez, aldatuz joan dira urteak joan urteak etorri. Motibazio afektibo eta pragmatikoez hitz egiten da, baina, zer da horietako bakoitza? Zer dakarte, berez? Uztargarriak al dira?
Hitz egin dezagun honetaz ere. Parteka ditzagun ikuspegiak eta esperientziak. Otsailaren 14an, asteartean, 18:30ean Montehermoso Kulturunean, Ruben Sanchez Bakaikoak bideratuta eta AEK, IKA, Udaberria eta Hegoalde euskaltegien parte hartzearekin. Gainera, Ruben Sanchezek berak gaiaren inguruko erreportaje bat argitaratuko du aste honetako ALEAn; ostegunetik aurrera kalean, eta, asteburuan zehar, baita sarean ere.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Berriz da abian Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. 2021ean jarri zuten hazia, eta, 2022an eragiten jarraitzeko asmoa berretsi ostean, aurten ere itzuliko dira jardunaldiak. Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako gune eta une bat da, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.
Hirugarren edizioa, lau hilabetez luzatu beharrean, otsailean eta martxoan izango da, hil bakoitzaren 14an eta 28an; lau saioak asteartetan izango dira, 18:30ean. Eta Oihaneder Euskararen Etxerik edota Gasteiz Antzokirik ez dagoenez, Montehermoso Kulturunean egingo dira.
Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunearen atal berezian aurki daitezke.