2021ean jarri zuten hazia, eta, 2022an eragiten jarraitzeko asmoa berretsi ostean, aurten ere itzuliko dira Eragiteko janzten jardunaldiak. Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako gune eta une bat da, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.
Hirugarren edizioa, lau hilabetez luzatu beharrean, otsailean eta martxoan izango da, hil bakoitzaren 14an eta 28an; lau saioak asteartetan izango dira, 18:30ean. Eta Oihaneder Euskararen Etxerik edota Gasteiz Antzokirik ez dagoenez, Montehermoso Kulturunean egingo dira.
Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunearen atal berezian aurki daitezke.
"Euskararen normalizazioa nahi dugun gasteiztarrok zenbait urte daramagu geure amets komunei buruz hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko elkartzen. Elkarketa horiek (in)formazio edota iritzi trukerako saioak izaten dira. Horrelako saioen segidari ziklo deitzen diogu, eta zikloari Eragiteko Janzten", azaldu dute antolatzaileek. "Jakintza eta esperientzia handia dago gure artean, baina, zorionez, horrek ez du jakin mina apaldu, eta ziklo honen moduko aukerek ongi etorriak izaten segitzen dute".
Zikloaren hirugarren edizioak orain arte jorratu ez diren lau arreta gune proposatuko ditu: helduen euskalduntzea eta motibazioak, haur eta gazteen aisialdia, guraso elkarteen eragina eta ingurune digitala. Helburua, ordea, aurreko edizioetako bera da: "Gasteiztar euskaltzaleon informaziorako, hausnarketarako eta elkar aberasteko uneak eta guneak eskaintzea".
1. Helduen euskalduntzea
Lehen saioa otsailaren 14an izango da: Helduen euskalduntzea Gasteizen: motibazio iturrien bilakaera. Ruben Sanchez Bakaikoak egingo du gaiaren kokapena, eta ondoren iritzi truke parte-hartzaileari ekingo diote:
Zerk bultzatzen du pertsona heldu bat asteko edo eguneko hainbat orduz euskara ikastera edo dakiena hobetzera? Berdinak al dira motibazio iturriak gaur egun eta duela 40 urte? Erantzun posibleak hainbat dira, eta bakar bat ere ezin orokortzat hartu. Izan ere, egitekotan, motibazio anitzez hitz egin behar da, baina, antza denez, aldatuz joan dira urteak joan urteak etorri. Motibazio afektibo eta pragmatikoez hitz egiten da, baina, zer da horietako bakoitza? Zer dakarte, berez? Uztargarriak al dira? Hitz egin dezagun honetaz ere. Parteka ditzagun ikuspegiak eta esperientziak.
2. Aisialdi euskalduna
Bigarren saioa otsailaren 28an izango da: Haur eta gazteen aisialdi euskalduna nola eraiki? Urkabustaizko Lan eta Jolas elkarteak, Kukulaisi federazioak, Gasteizko Euskharan elkarteak eta Alaiki zerbitzu soziokulturalak parte hartuko dute, GEU Elkarteko kideek dinamizatuta:
Eskolak bakarrik ezin du, eta familia askok mugak dauzkate. Askok, gero eta gehiagok, barneratu dugun errealitatea da hori, nahiz eta, oraindik ez den uste guztiz orokortua. Baina, zer beste behar dute haur eta gazteek, euskara hobeto ikasteaz gain, erabilerarako jauzia emateko? Sozializazioa omen da gakoetako bat, eta hori eraginkorra izango bada, eremu askean eta jarduera gustagarrien inguruan gertatu behar da, bizipen positiboak izan behar dituzte euskaraz. Haur eta gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza ugaria da Gasteizen, askotan ordainpekoa eta gutxitan euskarazkoa, nahiz eta hartzaile gehienak euskaldunak izan. Zer eragile eta ikuspegi mota dago eskaintza bakoitzaren atzean? Zer helburu, balore eta antolakuntza darabilte? Zer urrats eman daiteke aisialdi, besteak beste, euskaldunerantz?
3. Guraso elkarteak
Hirugarren saioa martxoaren 14an izango da: Guraso elkarteak: auzoak euskaraz saretzen? Aintzira Salburu ikastetxeko guraso elkarteak eta Mendibea Zabalgana BHIko ikasleen guraso elkarteak parte hartuko dute:
Auzoetako euskaltzaleak, sarri, ikastetxeetako Guraso Elkarteetan ezagutzen dute elkar, eta bertatik eragin nahi izaten dute auzo euskaldunagoak lortu ahal izateko. Zer nolako taldeak topatzen dituzte? Zeintzuk izaten dira ekimenak? Nola antolatzen dira? Bestalde, auzoan izaten dira antzeko helburuen inguruan ari diren bestelako elkarte, talde edo erakundeak. Zer harreman izaten dute haien artean? Sortzen al dira lankidetzarako aukerak? Zer ematen die elkarlanean jarduteak? Saio honetan Gasteizen aurrera eramandako zenbait esperientzia eredugarri ezagutuko ditugu.
4. Eremu digitala
Laugarren eta azken saioa martxoaren 28an izango da: Euskara eremu digitalean: erabilera eta tendentziak. Hiru solaskide izango dira mahaiaren inguruan: Josu Amezaga Albizu, EHUko irakaslea eta NOR ikerketa taldeko kidea; Joxe Rojas, kazetaria, euskaltzalea eta teknozalea, Tokikom-eko IKT eta komunikazio zuzendaria, eta teknopata.eus blogaren egilea; eta Aritz Martinez de Luna, ALEA Arabako proiektu komunikatiboaren zuzendaria eta Tokikom-eko kidea.
Azken urteotan ohiko eszenatoki bilakatu zaigu ingurune digitala. Euskarri, plataforma, kanal eta teknologia berri guzti horiek dagoeneko ez dira horren berri eta gure artean duten tokia egunez-egun zabalagoa da gainera. Zein da gurpil zoro horren eragina? Lan eremu, informazio iturri eta aisialdi gune berrien kokalekua izanik, halabeharrez, gizartean eta norbanakoen kontsumo ohituretan eragina dute, eta, euskarari dagokionez, lehiarako fronte berri bat du parez-pare euskalgintzak. Nola erabiltzen ditugu teknologia hauek? Zein da gure hizkuntzaren presentzia sarean? Eta non pairatzen ditugu gabeziak? Posible izango du euskalgintzak komunitate propioak eraikitzea eta, teknologiak eskaintzen dituen aukerak baliatuta, merkatuko munstroen jarraibideetatik ihes egitea?
2021 eta 2022ko edizioen informazioa eta bideoak ALEAren webguneko atal berezi honetan topa ditzakezue.
EGITARAUA