Aurrera egin du legegintzaldi honetan Gasteizko Udalak esku artean zituen erronka nagusietako batek. EAJ, PSE eta Elkarrekin taldeen arteko akordioa erdietsita, EH Bilduren abstentzioarekin eta PPren kontrako botoekin, astearte honetan osoko bilkurak hasierako onespena eman dio etorkizuneko hirigintza arauak zehazten dituen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) testu berriari.
Orain, herritarrek plangintza berria kontsultatu eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko da, ekainaren 1era bitartean. Horretarako, Udalak zenbait kanalen bidez eskainiko du dokumentazioa eta informazio guztia: Udalaren webgunean, San Martingo udal bulegoetan eta Herritarren Arretarako Bulegoetan (aurrez hitzordua hartuta). Gainera, gune bat prestatuko dute martxoaren 1etik ekainaren 1era (biak barne) teknikariek zalantzak argitzeko, arreta publikoko ordutegian, 08:30etik 14:00etara.
Gasteizko hazkundea, barrura begira
Baziren bi hamarkada baino gehiago Gasteizek lurzoruak kudeatzeko tresna nagusia eguneratu gabe zuela. Oinarrizko testuaren hasierako onespena lortuta, Udalak bi urteko epea izango du orain hurrengo urteetarako hiriaren diseinua eta dokumentazioa behin betiko ixtek. Besteak beste, hiri, industria eta merkataritza erabilerak eta hiri eredua garatzeko espazioen kokapena markatu beharko dira, gutxienez hurrengo hamarkada osorako.
Oraingoz, mahai gainean dagoen dokumentazioak lurzoru berriak ez kolonizatzeko irizpidea ezartzen du, baita sailkatutako eta kalifikatutako lurzoruen erabilera areagotzea ere. Hau da, hiriak barrurantz hazi behar duela jasotzen du oinarri gisa, bere iraunkortasuna eta kalitatea –ekipamenduak, espazioak– handituz.
Aurreikusitako elementu nagusien artean daude, adibidez, Gasteizko hegoaldetik etxebizitzak eraikitzeko asmoa gelditzea, urbanizaturik dauden Lakua inguruko lurzoruetan 25.000 etxebizitza eraikitzea, eta industriari toki gehiago uztea (besteak beste, Mercedeseko fabrikaren handitzearekin). Xehetasun gehiago ALEAren honako bi albisteetan:
- Gasteizko hazkundea, barrura begira (2023/02/02)
- Urtaranen gobernuak proposatutako hiri ereduaren sei ardatzak (2023/01/27)