hiri antolamendurako plan orokorra

Gasteizko hazkundea, barrura begira

Erredakzioa 2023ko ots. 2a, 08:30

Hurrengo hamar urteetan, Gasteizko hazkundea markatuko du HAPO berriak. ALEA

Gasteizko hegoaldetik etxebizitzak eraikitzeko asmoa gelditu nahi du udalak, eta urbanizaturik dauden Lakua inguruko lurzoruetan 25.000 etxebizitza eraikiko dira. Industriari toki gehiago uztea aurreikusten da.

Lurzoru berriak ez kolonizatzeko irizpidea ezartzen du Gasteizko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO), eta sailkatutako eta kalifikatutako lurzoruen erabilera areagotzea. Hurrengo hamar urteetan, hiriak barrurantz hazi behar duela jasotzen du oinarri gisa, bere iraunkortasuna eta kalitatea –ekipamenduak, espazioak– handituz. Egitasmoaren zirriborroa aste honetan aurkeztu du Gorka Urtaranen udal gobernuak. "Hiri trinkoagoa, iraunkorragoa eta kohesionatuagoa" helburu duela azpimarratu du Urtaranek.

Alkateak gogorarazi du plan horren oinarriak iaz atera zituztela aurrera Elkarrekin Podemosen babesarekin.

Proiektua otsailaren 6an bozkatuko dute hirigintza batzordean, eta hilaren 10ean, berriz, osoko bilkuran, hasierako onarpena emateko. Bertan jakingo da gobernu taldeak oposizioko talderen baten babesa duen ala ez aurrera ateratzeko, EAJk eta PSEk gutxiengoan gobernatzen baitute. Gasteizko plan orokorra ez da behin betiko onartuko urte eta erdi eta bi urte bitartean, eta, nolanahi ere, egiteke dauden izapide bakoitzak talde baten babesa  behar du udalean. Alkateak gogorarazi du plan horren oinarriak iaz atera zituztela aurrera Elkarrekin Podemosen babesarekin, eta berretsi du dokumentuak oinarri horiek errespetatzen dituela.

Hiria trinkotzea, helburu

Europako hirigune historikoen batez besteko dentsitatea hektareako 93 etxebizitza dira; Gasteizek, berriz, gaur egun, hektareako 58 etxebizitza batez besteko dentsitatea du; Iruñeak, berriz, 79 etxebizitza du hektareako, Donostiak 67 eta Bilbok 143 etxebizitza ditu hektareako. Gasteizko antolakuntza plan orokor berriak 62 etxebizitzako dentsitatea lortzea aurreikusten du, 2030. urtean, 50.000 pertsonako hazkunde hipotetikoari erantzuna emateko eta hiriaren "bizitasuna eta jarduera mantentzeko".

Gasteizko dentsitatea handitzeko proiektu garrantzitsuenen artean, lurzoru eta etxebizitza degradatuak leheneratzea proposatzen da, baita dentsitate txikiena duten auzoetan (Sansomendi, Arriaga, Lakua eta Ibaiondo) etxebizitza berriak sortzea ere. Hala,   Lakua inguruko 26.663 metro karratuetan 25.000 etxebizitza gehiago eraikitzeko proposamena jasotzen du planak. "Zuzkidura erabilera duten bost partzela hartu dira bizitegi erabilerara birkalifikatzeko, helburu bikoitzarekin: auzoa birdentsifikatzea, bere kohesioa eta bizigarritasuna hobetuz; eta hiriko beste eremu batzuk birsortzea ahalbidetzea".

Hiriko herrien ordenantzak ere ukitu dira, "herri izaten jarrai dezaten".

Izan ere, Lakuan eraikiko diren etxebizitza horiei esker, Gasteizko hegoaldean hirigintzaren presioa arindu nahi du planak. Hala, Jauregilandako industria eremuaren berrantolaketatik sortuko diren  lurzoruak ekipamendurako erabiliko dira; Olarizuko etxebizitzak eraitsiko dira, eta lurzorua ekipamendurako birkalifikatuko da, Eraztun Berdearekin lotzeko; eta Aretxabaleta auzoaren berrantolaketa eta bertako etxebizitza zaharren ordezkapena egingo da.
Beste alde batetik, ordenantzen barruan sartzen ditu kanpoan zeuden eta, beraz, obra jakin batzuk egin ezin zituzten Errota auzoko pisuak; lonjen erabilera malgutzen du bizitoki bezala erabili ahal izateko, eta teilatu-lauen erabilera ere arautzen du. Hiriko herrien ordenantzak ere ukitu dira, "herri izaten jarrai dezaten" eta birgaitzean ere arreta jar dezaten. Halaber, araudia prest uzten du, trenbidea lurperatu ondoren askatzen diren lurretan jarduteko.

Lur gehiago industriari

Jarduera ekonomikoak leku garrantzitsua du HAPO berrian, lurzoru produktiboen ahalmena areagotzen baitu. Mercedes eta Michelin enpresen zabalpena bermatzen du planak. 
Hala, Mercedes Mariturriko Bulebarretik zabaltzea jasotzen du, Zabalganeko basoaren eta auzoaren arteko nekazaritza lurretan. Espazio horretan, 1.242 etxebizitza eraiki behar ziren, baina plan berriaren arabera, ez da beharrezkoa bertan etxebizitza gehiago egitea eta auzoan dauden beste lurzoru batzuetan egingo dira. Michelinen kasuan, berriz, zabalpena bermatzeko, Agirrelandatik hurbilen dagoen udal eremua birkalifikatuko du.

Mercedes Mariturriko Bulebarretik zabaltzea jasotzen du.

Bestalde, Gamarrak eta Betoñuk Iparraldeko Industrialdea izeneko industrialdea osatuko lukete, bertako eremu zaharkituak lehengoratu eta gero, eta Betoñuren berrantolaketa aurreikusten da, erabilera mistoekin (produkzioa, bizitegia) auzoak hirigunearekin duen lotura indartzeko. Halaber, Foronda inguruan industrialdea berria sustatzeko asmoa mantentzen du udalak, baita Arabako Parke Teknologikoaren zabalpena ere, Basquevolt bateria solidoen enpresa kokatzeko. 
Era berean, HAPOren ardatz nagusietako bat d, energetikoki "eragingarria" den lurraldea sortzea. Horren barruan, berriztagarriak zabaltzeko konpromisoa jasotzen du planak, hondakinen erabilera eraginkorra egitea, uraren ziklo osoaren kudeaketa arduratsua eta energia aurrezteko estrategiak martxan jartzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago