Ertzaintzak 21 urteko gazte bat atxilotu zuen igande goizaldean, Gasteizko Glow diskotekan piztutako liskarrean arma zuri batekin hiru gizon eta emakume bat sastakatzea egotzita. Astelehenean zehar, Guardiako Epaitegiak behin-behineko espetxea agindu eta Zaballako kartzelara bidali du. Biktimetako bat larri dago Txagorritxun, arriskutik kanpo bada ere.
Gertatutakoak zeresan handia eman du astelehen honetan, bai hedabideetan bai Gasteizko udaletxean. Horren aurrean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek erasoa gaitzetsi du eta erasotuei elkartasuna adierazi die. Gainera, ohartarazi du "ez dela kasu isolatu bat", eta bi proposamen egin ditu: alde batetik, diskoteketako sarreretan metal-detektagailuak jartzea; bestetik, arma zurien aurkako zigorrak gogortzea, bai labanak eramateagatik, bai horiekin erasoak egiteagatik.
Nolanahi ere, azken polemika honen aurrean, Gasteizko Udalak ez du eskumen zuzenik bi kasu hauetan. Metal-detektagailuen kasuan, erabakia areto bakoitzeko jabeena litzateke une honetan, eta soilik Eusko Jaurlaritzak (eta ez udalek) ezar lezake derrigorrezko neurri gisa; Madril bezalako hiri batzuek neurria baztertu dute, segurtasun ezaren sentsazioa areagotu lezakeelako. Bestalde, soilik Espainiako Kongresuak alda dezake Zigor Kodea.