Igande goizaldeko 06:00ak aldera, dei batek Larrialdi Zerbitzuei jakinarazi zien liskar bat zegoela Gasteizko Glow diskotekaren barruan. Ustez, hainbat pertsona borrokan ari ziren bertan, eta, eztabaida gogor batean ostean, arma zuri bat zeraman gizonezko batek lau pertsona, hiru gizon eta emakume bat, sastakatu eta zauritu zituen; ondoren, lokaletik irten zen.
Bertaratu ziren Ertzaintzaren baliabideek eta osasun zerbitzuetako langileek egiaztatu ahal izan zuten biktimetako batek, gizonezko batek, ebakiak zituela beso batean, baita sabelaldean zauri larri bat ere; Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten, eta bere egoera larria da une honetan, arriskutik kanpo bada ere. Halaber, beste bi gizonezkoek eta emakumeak ere ebakiak zituzten besoetan eta eskuetan, eta Santiago Ospitalera eraman zituzten.
Osasun zerbitzuek zaurituak artatzen zituzten bitartean, Ertzaintza ustezko erasotzailea bilatzen hasi zen, eta handik gutxira topatu eta atxilotu zuten. Susmagarria 21 urteko gazte bat da, eta giza hilketaren saiakera eta lesio delitua leporatuta eraman zuten polizia-egoitzara, dagozkion eginbideak betetzeko. Astelehenean zehar, Guardiako Epaitegiak behin-behineko espetxea agindu eta Zaballako kartzelara bidali du.