Iñaki Arriola (PSE) buru duen Garraio Sailak azterlan informatiboan aukeratutako behin betiko ibilbidea egin du publiko ostiral honetan, urtebete inguruko itxaronaldiaren ostean. Proiektuaren oinarria Lovaina plaza eta Zabalgana auzoa lotzea da, San Martin auzoa zeharkatuz: Adriano VI.a, Abendaño, Diaz de Olano (udal bulegoen parean), Teodoro Dublang eta Pedro Asua kaleetatik igaroko litzateke; ondoren, Borinbizkarrako geltokiaren ostean, bi adarretan banatuko litzateke, bat Jundizera eta beste bat Mariturrira.
Jundizeko ibilbideak beste bi geltoki izango lituzke: Nazio Batuen Hiribidea (Zabalgana HLHI ikastetxearen aurrean) eta Jundiz (Mercedesetik gertu, 13 minutu Lovainatik). Mariturriko adarrak, berriz, Zabalgana Hiribidea, Giza Eskubideen Hiribidea, Iruña-Veleia Hiribidea eta Mariturriko Bulebarra (17 minutu Lovainatik).
Halaber, etorkizunean sare horri zerbitzua emango dioten unitateentzako kotxetegi berriak Aretxabaleta kontzejuaren ondoan eraikitzea erabaki du Garraio Sailak; aztertutako beste alternatiba Betoñuko lursail batean kokatzea zen, baina aukera horrek puntuazio txikiagoa lortu du azterlanean.
Orain, informazio azterlanean aukeratutako ibilbidea jendaurrean jartzea ebatzi du Eusko Jaurlaritzak, dagozkion alegazioak aurkezteko aukera irekiz. Fase horren ostean, hurrengo urratsak azterlana bera onartzea, eraikuntza proiektua diseinatzea eta obra gauzatzea izango dira.
Proiektuak Zabalganeko 30.000 biztanleei zerbitzua emateko helburua izango du. Lanak burututa daudenean, 28 geltoki izatetik 39 izatera igaroko da Gasteizko tranbiaren sarea.
Eztabaida Udalean
Hala ere, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak San Martin zeharkatzeari uko egin dio, eta proiektua bertan behera uztea eskatu dio Jaurlaritzari. Alkatearen adierazpenek goiz mugitua eragin dute Udalean, baita udal gobernuaren barruan ere. Izan ere, Maider Etxeberria alkateorde eta alkategaiak (PSE) "lasaitasuna eta Eusko Jaurlaritzako teknikarien lanari errespetua" eskatu dizkio Urtarani.
Bestalde, oposizioak ohartarazi du hiriaren hegoaldeko "trafikoaren kaosa" areagotu egingo litzatekeela. PSE gobernukideak eta EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos oposizioko taldeek kotxetegiak Salburuan kokatzea lehenetsi dute, Iturritxu ingurua gehiago ez kolapsatzeko.