1955eko otsailaren 12an pertsona batek bost lagun tirokatu zituen Gasteizko Carabanchel tabernan. Antza, eroaldi baten ondorioz izan zen. Julio Corral (Madril, 1969) egile gasteiztarrak gaia ikertu eta El crimen de Carabanchel liburua idatzi du Marian Tarazona idazlearekin batera. Bertan zalantzan jarri dute orain arteko bertsio ofiziala, gaurdaino ezagutzen ez ziren datu eta testigantzak kaleratuz.
Zer gertatu zen 1955eko otsailaren 12an?
Egun horretan, inork ezagutzen ez zuen gizon bat Gasteizko Carabanchel tabernan sartu zen, eta edari bat eskatu zuen. Arturo Santamaria zen. Ondoren lagun talde bat sartu zen tabernan. Une horretan Santamaria komunean sartu zen, eta, atera zenean, lasaitasun askorekin lagun talde horretakoak tirokatu zituen, lau hil eta bat larriki zaurituz. Lasaitasun berarekin geltokira hurbildu zen. Suposatzen da Frantziara itzuli nahi zuela, Gerra Zibilaren ondoren bertan aterpetuta zegoelako. Baina sereno batek ikusi zuen, eta Polizia Armatuari abisua eman zion. Gaueko hamaiketatik goizaldeko lauak arte mantendu zen Santamaria geltokian. Une horretan, bertsio ofizialaren arabera, hesia zeharkatu zuen, bidea libre zegoela sinetsita. Baina Guardia Zibila zain zegoen, eta tiro trukaketa baten ondoren hil zuten, bertsio ofizialaren arabera. Alabaina, zenbait lekukok diote —tartean guardia zibil batek—, ez zela tiro trukaketarik egon, eta hor bertan exekutatu zutela.
Nola iritsi zineten istorio hau ikertzera?
Egun batean, Sancho El Sabio fundazioan ikertzen ari nintzela, El Caso egunkariaren ale batek atentzioa eman zidan, hilketa horren inguruan hitz egiten zuelako. Eta egun horretan bertan, adineko pertsona batzuekin mintzatuz, horietako batek esan zidan bera soldadutzan zegoela garai horretan, eta hilketa gertatu baino ordu batzuk lehenago kuartelean alerta egoeran zeudela. Baina, dakigula, ez zegoen horretarako ziorik. Susmatzen hasi nintzen, eta Marian Tarazonak eta biok ikertzeari ekin genion. Konturatu ginen krimen honen atzean kontatutakoaz gain beste zerbait bazegoela. Armada ez ezik, bazirudien Guardia Zibilak ere bazekiela zerbait gertatu behar zela egun horretan.
"BERTSIO OFIZIALAREN ARABERA, KRIMENA EROALDI BATEN ONDORIO IZAN ZEN; BAINA HORI EZ DA SINESGARRIA"
Zein da zuen susmoa?
Garai horretan zabaldu zen bertsio ofizialak zioen eroaldi baten ondorioa izan zela hilketa hori, eta Santamariak biktimak ausaz aukeratu zituela. Baina taberna horretan maila guztietako pertsonak zeuden, arotzak, langileak... halere, berak alkatearen semea, abokatuak... oso jende garrantzitsua aukeratu zituen. Are, jende guztia korrika atera zen taberna horretatik, eta jabea baino ez zen barruan geratu; bada, ez zuen jabea hil. Eroaldi hutsa izan balitz, azken tiroa jabe horrentzat izango zen.
Zer teoria egon dira kasua azaltzeko?
Askotarikoak. Santamariak bere buruaz beste egin nahi izan zuela aipatu da, baina ez du zentzu askorik, ordu batzuk lehenago kiniela bat zigilatu zuelako. Tartean, maitasun kontu bat egotea aipatu da, edo familia barruko liskarren bat. Azken honen abiapuntua da hiltzaileak eta bi biktimak abizen berdinak zituztela. Baina biktima horien abizena Santa Maria zen, tartearekin. Atzean hilketa politiko bat egotea izatea planteatu zen ere, Santamaria kolpisten aurkako miliziano errepublikanoa izandakoa zelako. Baina garai horretan, noski, galarazita zegoen eztabaida horiek publikoki egitea, eta etxe barruan baino ez zen hitz egiten halakoen inguruan. Orduan gehienek sinetsiko zuten bertsio ofiziala, baina egun ez da sinesgarria.
Hortaz, maki kutsuko zerbait litzateke. Antzeko beste kasuren bat aurkitu duzue?
Ziur nago egongo direla, baina, egiari zor, ez dugu ikertu. Seguruenera egongo ziren motibazio politikoa izan zuten hilketak, baina diktadura ondo moldatu zen albiste horiek estaltzen. Niri behintzat gustatuko litzaidake liburu honetatik abiatuta antzeko kasuak azaleraztea. Hau argitzea garrantzitsua izango litzateke, bai hiltzaileak zein biktimek familiak zituztelako. Ez dut inondik inora justifikatu nahi ez hilketa ez biktimen ideologia politikoa, baina ez da berdina senitarteko bat hil izana eroaldi baten ondorioz edo norbaitek bere ideiak babestu zituelako.
Biktimak ondo posizionatuta zeuden garaiko gizarte frankistan, baina ez zuten botere askorik...
Hori egia da, baina agerikoa da hilketa aurretik prestaketa bat egon zela. Ez zen hilketa inprobisatua izan. Goizean Santamaria ibilitakoa zen biktima bati buruz galdezka. Lagun horiek ez ziren erregimenekoak, baina bazuten lotura. Hau nire iritzi pertsonala da: oraindik Errepublikaren aldekoa zen pertsona batek Frankismoaren aurka egindako erasoa izan zen. Garaiko burgesiaren adierazle ziren biktimak. Gainera, liburuan erakutsi dugu beste lagun bat ere egon zela jomugan, baina hori liburuan irakurri beharko da. Funtsean, airean geratzen den zalantza handia da nola zen posible bai ejerzitoak zein Guardia Zibilak aurretik jakitea zerbait gertatu behar zela.