Gasteizko erdigunearen bideozaintza eredua zalantzan jarri du Elkarrekinek

Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 12:30

Udalak 268.100 euro inbertituko ditu erdigunearen bideozaintzarako. / Argazkia: PIXABAY

Elkarrekin udal taldeak bideozaintzarako 17 kamera eta videowall bat jartzeko 268.100 euroko inbertsioa "beharrezkoa ote den" erakusten duten txostenak eskatuko ditu Herritarren Segurtasunerako Batzordean.

Gasteizko Udalak bi lehiaketa abiarazi ditu urtarrilean, hiriaren erdigunean azterketa inteligenterako bideozaintzako 17 kamera instalatzeko (133.100 euro) eta Agirrelandako polizia-etxean zortzi monitoreko pantaila handi edo videowall bat jartzeko (135.000 euro).

Horren aurrean, Elkarrekin udal taldeak zalantzan jarri du, alde batetik, Alde Zaharrean eta Zabalgunean zaintzarako hamazazpi kamera jartzea "beharrezkoa ote den", eta, bestetik, 268.100 euroko inbertsioa bera ere. Ezkerreko taldeak bideozaintzarako gailu horiek jartzeko premia erakusten duten txostenak eskatuko ditu Herritarren Segurtasunerako Batzordearen bileran, asteazken honetan.

"Ez dugu ulertzen nola hartu duen Udalak filmaketa sare hori ipintzeko erabakia, noiz eta Herritarren Segurtasunerako buruak berak, Susana Alfonsok, esan duenean Gasteiz hiri seguru bat dela", adierazi du Garbiñe Ruiz zinegotziak. "Are berriki saritu dute Segurtasunerako Urrezko Plakarekin, Gasteiz Espainiako hiririk seguruenetako bat dela aitortzeko".

Intimitaterako eskubidea

"Zerk motibatu du erabakia? Saileko txostenek bermatuta dago?", galdegin du zinegotziak. Izan ere, Elkarrekin beldur da horrelako kamerek "inguru horretan bizi diren eta handik pasatzen diren milaka lagunen intimitaterako eskubidea" urratu dezaketelako; izan ere, kamerak buru eta objektibo ugarikoak izango dira, eta 360 graduko ikuspegia izatera iritsi ahal izango dira. Era berean, kamerak jende gehien ibiltzen den lekuetan jartzea zalantzan jarri dute, "eta ez kalerik eta gunerik bakartuenetan eta auzoetan, lekukorik gabeko eta urrutiko toki horietan baitago babes falta handiena, hor gerta baitaitezke deliturik larrienak".

Gisa horretako sistemak instalatzeko orduan, "proportzionaltasunaren, egokitasunaren eta premiaren baldintzak" bete behar direla deritzo Elkarrekinek, eta jakin nahi du "zenbateraino gauden kasu horretan". Horrekin batera, Podemos, Ezker Anitza IU eta Berdeak EQUO biltzen dituen taldearen ustez, horrelako gailuak "ezinbestekoak diren tokietan bakarrik" jarri behar dira, "herritarren segurtasuna ezin bada lortu hain inbaditzaileak ez diren neurriekin".

Azkenik, Ruizek "tokiko poliziaren ereduaren alde gehiago egitea" eskatu dio Herritarren Segurtasunerako Sailari: "Herritarrengandik hurbil egoteak izan behar lukeela nortasun ikur nagusia. Kalean bizikidetza harmonikoan egongo den eredu baterantz egin beharko genuke, Gasteizko udaltzainen eta herritarren interakzio eta kooperazio eredu baterantz, zeinetan harreman normalizatua eta konfiantzazkoa izango baita bi alderdien artean".

Kokaleku zehatzak

Lizitazioaren agirian adierazitakoaren arabera, hauek izango dira kamera horien kokalekuak:

  • San Frantzisko Xabierkoaren kantoiko arrapala mekanikoetan, bat.
  • Bakardade Kantoiko arrapala mekanikoetan, hiru.
  • San Frantzisko aldapan, bi.
  • Mateo Benigno Moraza kalean, bi.
  • Plaza Berrian, lau.
  • Udaletxerako sarbideetan, bi.
  • Andre Maria Zuriaren plazan, hiru.
Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago