Hamasei ikastetxek eta 300 gaztetxo baino gehiagok parte hartuko dute Kantari ikuskizunean

Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 06:00

Kantari ikuskizunaren aurreko edizio baten irudia. / ALEA

Euskarazko kantuak sustatzeko Kantari karaoke ikuskizunaren aurtengo edizioak 325 partaide izango ditu, 14 ikuskizunetan banatuta.

Aurten, lehendabizikoz, udaberrian ospatuko da Kantari Gasteiz musika ikuskizuna. Zehazki, 2023ko martxoaren 18 eta 19an ospatuko da aurtengo Kantari ikuskizuna, eta aldez aurretik, martxoaren 11 eta 12an egingo da entsegu orokorra.

Beste behin Kantari ikuskizunaren arrakasta bermatu egingo dute ilusioz beteriko parte-hartzaileek. Izan ere, aurreko edizioetan bezala, eskaera kopuruak nabarmen gainditu du ikuskizunaren gaitasuna eta ia 600 izen-emate jaso dira online galdetegiaren bitartez.

Izen-emate guztien artean zozketa egin behar izan da azkenik, eta antolatutako 14 saioetan parte hartzeko aukera izango duten kantariak, 16 ikastetxetako 325 gaztetxo izango dira. Parte-hartzaile bakoitzari jakinaraziko zaio dagoneko norberari dagokion ordu eta egun zehatza. Hortaz, aurtengo edizioan oholtzan izango diren kantariak hasi dira dagoeneko beraien abestiak eta koreografiak ikasten eta prestatzen. 

Aintzat izan behar da, gainera,  Kantari ikuskizunak ez du inolako lehiaketa kutsurik; ez da irabazle ezta galtzailerik izango. Beti bezala, parte hartzea eta ondo pasatzea izango da garrantzitsuena.

Kantari ikuskizunaren 2023ko edizioaren informazio guztia ALEAren webguneko atal berezi honetan izango da ikusgai. Zalantzak argitu edota informazio osagarria eskuratzeko, honako kanalen bidez harremanetan jartzeko aukera dago:

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago