Aste honetan ezagutu dugu Espainiako Gobernuaren Migrazioen Estatu Idazkaritzak hamar bat urtez itxita egon den Arana Klinikaren eraikinean Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa sortzeko proiektua lizitaziora atera duela, "migrazio presio handiari erantzun bat emateko". Gisa horretako EAEko lehen zentroa litzateke, 350 plaza izango lituzke eta obrak urtebetez luzatzea aurreikusi dute, 14,7 milioi euro inguruko inbertsioarekin.
Albistea argitara atera bezain laster, Gasteizko udal gobernuan zein Eusko Jaurlaritzan bazkide diren PSEren eta EAJren arteko gatazka piztu da, maiatzeko udal eta foru hauteskundeen atarian. Hasiera batean, Gorka Urtaran alkateak adierazi zuen Gasteizek "ez duela behar" halakorik, Udalak bazuela udaratik asmo horren berri eta orduan ere Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari esan ziotela aurka zeudela.
Ondoren, Urtaranen adierazpenei batu dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta, gero, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako sailburua eta EAJren Gasteizko alkategaia: "Gure ereduak gizarteratzearen aldeko apustua egiten du, ghettizazioa eragin dezaketen makro-zentroetatik ihesi".
Polemika, hauteskundeen atarian
PSEren erantzuna ostegun honetan iritsi da, Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiaren eskutik, EAJren jarrera "argi eta garbi elektoralista" dela ziurtatuz, eta jeltzaleei "diskurtso xenofoboa" erabili izana leporatuz. Halaber, Anduezak azpimarratu du hilabeteak direla lehendakariak eta sailburuak proiektuaren berri dutela, eta EAJk babestu zituen Estatuko aurrekontu orokorretan agertzen zela. Horrez gain, PSEk 2018an kokatu du proiektuaren jatorria, orduan Eusko Jaurlaritzak Arana Klinika erabiltzeko proposamena egin zuela ziurtatuz.
Bi alderdien arteko tirabiretatik harago, iheslarien harrera zentroa datozen hauteskundeetarako gai nagusia bilakatu da dagoeneko. Rocio Vitero eta Ainhoa Domaika EH Bildu eta PPko alkategaiak ere beren posizioa agertu dute jada, zentroa arbuiatuz. EH Bildu, udalerriek migranteen lehen harrera errazteko baliabideak izan behar dituztela onartu badu ere, makro-zentroen ereduaren kontra agertu da.