Hamar bat urtez itxita egon den Arana Klinikaren eraikina Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa izango da etorkizunean, Espainiako Gobernuaren Migrazioen Estatu Idazkaritzak bertan gune hori jartzeko lizitazioa abiatu baitu.
Obrak urtebetez luzatuko dira, esleipenaren arabera, baina aurretik lau hilabete beharko dira ere proiektua idazteko. Orotara, 14,7 milioi euro inguru inbertituko dituzte eraikina lehengoratzeko, eta behin martxan dagoela 350 plaza izango ditu, Vitoria En Construcción blogak sare sozialen bidez aurreratu duen informazioaren arabera.
Gorka Urtaran alkateak adierazi du Gasteizek "ez duela behar" halakorik, eta ezagutarazi du udalak bazuela udaratik asmo horren berri Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministerioaren aldetik. Dioenez, orduan ere Madrili esan zioten aurka zeudela.
PPk ere eman du gaiaren gaineko iritzia. Alderdiak ohar batean aurreratu du "azalpenak" eskatuko dituztela Gasteiz gune hori jartzeko aukeratu izanaren arrazoiaz, eta gaia "isilpean kudeatzea" leporatu diete Madrilgo gobernuari zein EAJri. Argudiatu dute Gasteiz ez dela "leku egokia" halako gune bat jartzeko, eta ez dela aintzat hartu "hiriaren errealitatea".
Madrilek urgentziazko lizitazioa argudiatu du "migrazio presio handiari erantzun bat emateko".