Olatz Salvador

"Bi urteko bideari amaiera emango diogu azken kontzertuekin"

Anakoz Amenabar 2023ko urt. 27a, 08:30

Gasteizkoaren ostean, Donostian eskainiko du azkeneko kontzertua. / O. Salvador

Lagunez inguratuta, kontzertu berezia eskainiko du Olatz Salvadorrek Gasteizen, urtarrilaren 27an; 'Aho uhal' diskoarekin egindako ibilbide oparoa amaituko du honekin, atseden eta proiektu berrien bila.

2021eko udaberrian aurkeztu zuen Aho uhal diskoa Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990), eta geroztik ez du etenik izan. Dozenaka kontzertu eta proiektu berri batu dira denbora honetan, eta orain geldialdia egiteko garaia dator. Gasteiz eta Donostian eskainiko dituen azkeneko bi kontzertuen ostean atseden hartu eta beste egitasmo batzuekin hasiko da. Urtarrilaren 27an izango da Gasteizen, Vital Fundazioa kulturunean, 20:00etan, eta lagunez inguratuta gainera; Idoia Asurmendi, Miren Narbaiza Mice, Jon Basaguren, Haizeatxo eta Karmele Jaiorekin konpartituko du oholtza.

Kontzertu batean eta bestean, azken urtean gelditu gabe aritu zarela ematen du...

Azkeneko bi urteak intentsitate handikoak izan dira bai, eta esperientzia asko bizitzeko aukera eman digu. Lehenengo urtean 60 emanalditik gora egin genituen, eta horrek esperientzia oso ezberdinak ekarri zizkigun, eta azkeneko urtean, berriz, kanpoan ibiltzeko aukera izan dugu, Italiako Udineko jaialdian edota Japonian, esaterako, joan den abenduan.

Harrera beroa izan du lanak. Zein izan daiteke 'Aho uhal'-en arrakastaren formula?

Ez dakit, ez dut uste formula bat eta bakarra dagoenik; are gehiago, ez dut uste arrakastaren formularik dagoenik ere. Batzuetan momentuarekin eta lekuarekin gehiago edo gutxiago asmatzea da kontua, edo agian jendearen puntu zehatz bat ukitu duzulako, baina ez dakit esaten zergatik.

"Pixkat oxigenatu behar dut; denboratxo bat beharko dut gauza berrietarako"

"Barruraino bustitzen gaituen zaparrada zintzo bat da. Zuzenean lotzen gaitu gure ahuldade eta hutsuneekin", dio Karmele Jaiok lanaren inguruan. 

Bai, hortik asko dauka, eta uste dut Karmelek oso ondo harrapatu zuela esan nahi nituen gauza asko. Tonu horretan doaz asko; aldarrikatuz gizakiak garela eta neurri batean ahulak, baina horrek ematen diola aldi berean alde positibo edo humano hori.

Gasteizko kontzertuan bezala, diskoan ere kolaboratzaile sorta zabal bat izan duzu. Gustuko duzu elkarlanean aritzea?

Asko gustatzen zait. Proiektu honek izaera bakarti xamarra dauka, nahiz eta jende askorekin egiten dudan lan, eta gustatzen zait aliantzak egitea. Gainera bide honetan ezagutu dudan jendeak uste dut ondo islatzen duela sortu diren harreman politetako asko.

Besteak beste, Rozalenekin 'Ahots hari' kanta.

Bai, oso eskuzabala da. Berak egunero hogei bat kolaborazio eskaera jasoko ditu, eta oraindik ulertezina dirudi nola aukeratu gintuen gu kolaborazio hori egiteko, eta nola eman zizkigun horrenbeste erraztasun, baita bideoklipa grabatzeko ere. Halako agenda bat duen pertsona batentzat oso konplikatua da hau egitea eta borondate handia behar da, eta berak izan zuen. Hemendik milesker Rozaleni.

Kolaborazio horiek beste txoko eta taula batzuetara eraman zaituzte? Ireki dituzte ateak?

Zaila da jakiten zergatik iritsi zaren leku batera edo bestera, baina egia da jende askok esan didala Rozalenekin batera egindako kanta entzun duela, bai estatu espainiarrean, eta baita kanpo ere, latinoamerikar askok ere. 

Urte amaieran kontzertu berezia izan zenuten Araian, ezta? Salvadortarrak elkarrekin taula gainean.

Aitonaren jaioterria zen, eta familia topaketa bat izan genuen. Nire aita, baxujolea dena –Eduardo Salvador–; nire osaba, pianojolea –Iñaki Salvador–; eta anaia, baxujolea eta gitarjolea – Jagoba Salvador–. Kontzertu bat eskaini genuen osabaren eta nire kanten arteko nahasketa bat sortuz, eta oso polita izan zen. Azken batean, gure familian beti egon da musika oso bizirik, eta niretzako hori omentzeko modu polita izan zen.

"Proiektu honek izaera bakarti xamarra duen arren, gustatzen zait aliantzak egitea"

Oroitzapen asko dituzu familian  musikari lotuta?

Bai, asko. Betidanik egon da piano bat amonaren etxean, eta uste dut biloba guztiok pasa garela piano hortatik, bakoitza bere abileziekin, baina horrek nolabaiteko testuingurua ematen dizu, eta agian musika bizitzeko edo maitatzeko era bat; gero bakarrik irteten zaizu musika bidez adieraztea.

Noiz hartu zenuen musikara dedikatzeko erabakia?

2010ean hasi nintzen Skakeitan taldearen dinamikan sartzen. Lehenengo kontzertuak eman nituen orduan, eta urte asko pasa genituen sentituz musika denbora-pasa edo zaletasun bat zela, asko ematen zigula, baina ezingo zela hori lan bilakatu, zaila zelako. Horrekin batera, 2015 inguru hartan, nik nire kanta batzuk aurkeztu nituen, eta orduan hasi nintzen espazio txikietan nire abestiak jotzen soilik gitarrarekin; nire lehenengo estudioko bakarkako lana grabatu nuenean ere –Zintzilik– ez nuen espero posible izango zenik ogibide bilakatzea, eta disko honekin bai, apustu hori gauzatzeko aukera izan dut. Azken finean ez dago norberaren esku bakarrik; nahiz eta lan handia egin, harrera bat izan behar duzu, eta hori bermatzen ez baduzu, ezinezkoa da. Nire kasuan, orain posible izan da, baina bihar auskalo.

2021ean aurkeztu zuen 'Aho uhal' bakarkako bigarren lana. / O. Salvador

Beste proiektu batzuetan ere ibili zara azkenaldian, besteak beste, 'Mauriziak ez dau inor hil' emanaldiekin.

Feministaldian egiteko emanaldi bat bezala sortu zen, helburu hori zuen, lehenago beste saiakera batzuk izan ziren arren. Ines Osinaga eta Lore Argarate aurretik ziren, eta ni Itziar Garaluzerekin batera hasi  nintzen. Gauza batek bestera eraman gintuen, eta dinamika horrekin jarraitu genuen eroso egon ginelako, baina, era berean, proiektu asko ditugu eta uztartzeko ez da hain erreza izaten. Denborak esango du, baina momentuz standby egoeran dago.

Une honetan, hilaren 27ko Gasteizko eta martxoaren 4ko Donostiako kontzertuak dituzu buruan, beraz.

Bai, saiatzen ari naiz energia guztia kontzertu hauetan jartzen, kolaboratzaileekin batu eta dena prestatzen. Bi kontzertu hauekin amaiera eman nahi diogu prozesu honi, bi urteko bideari. Gero atsedena, eta proiektu berriak.

Sortzeko atsedena behar duzu ala zurrunbiloaren erdian ere sortu daiteke?

Nik behintzat lasaitasuna behar izaten dut beti. Eduki ditudan momentu lasaiagoetan sortu izan dut gauzaren bat, baina amaiera honekin, hain justu, sentitzen dut pixkat gelditzeko beharra dudala, eta gogoa etortzen zaidanean berriro hasiko naiz prozesu horrekin; desgaste handia daramat, eta pixkat oxigenatu behar dut, eta gogoz hartu hurrengo prozesua. Beraz bai, denboratxo bat eta hutsune bat beharko dut gauza berriak iritsi ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago