Ixone Ruiz de Sabando (Gasteiz, 2004) eta Paul Candela (Gasteiz, 1999) Ernaiko kideek Gazteok prekarietatea suntsitu lelopean martxan jarritako kanpainaren nondik norakoak azaldu dizkiote ALEAri.
"Krisiz krisi bizi garen belaunaldia gara", diozue...
Egoera ez da berria, urteak daramatzagu krisiak pairatzen. Krisia besterik ezagutu ez dugun belaunaldia gara, eta hori erabakigarria da gure nortasunaren eraikuntzan. Sistema kapitalista zisheteropatriarkal eta kolonialak eragin digu etengabeko krisi ekonomiko, sozial, kultural, politiko eta ekologiko batean bizitzea; krisiak gero eta sakonagoak dira, eta gure bizitzaren esparru guztietan zapalkuntzak eragiten dizkigute. Urteotan, gainera, areagotu egin dira, pandemia tarteko. Horrek guztiak zibilizazio krisi batera eraman gaitu.
"Krisia besterik ezagutu ez dugun belaunaldia gara, eta hori erabakigarria da gure nortasunaren eraikuntzan"
Beraz, zergatik prekarietatearen aurkako kanpaina hau?
Euskal Herrian egoerak berezko forma hartzen du. Oldarraldi ekonomikoak bizi duin bat garatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzeko ezintasuna handitu du, pobrezia areagotuz eta zapaltzaile eta zapalduen jendartean sakonduz. Eta gazteok egoera partikularra bizi dugu, pairatzen genuen prekarietatea areagotu baino ez delako egin. Euskal oasi bat izatetik urrun, kriminalizazioak, langabeziak, emantzipatzeko ezintasunak, osasun mentalarekin lotutako gaitzen gorakadak... ezaugarritzen dute egungo Euskal Herriko gazteria.
Adibidez, emantzipatzeko ezintasunaren aurrean, zer aldarrikatzen duzue?
Datuak beldurgarriak dira. Emantzipazioa 30 urteetan kokatzen da EAEn, eta adina igo besterik ez da egingo. Alokairuaren batez besteko prezioa 1.017 eurokoa da. Urteak daramatzagu etxebizitzaren problematika pairatzen, eta bizitzaren garestitzeak problematika okertu du. Ezinbestekoa da etxebizitzaren auziari irtenbidea bilatzea. Gazteok erabateko ziurgabetasunean bizi gara, eta bizi proiektu duinak garatzeko aukerak murrizten jarraituko du.
"Ezinbestekoa da etxebizitzaren auziari irtenbidea bilatzea"
Horrenbestez, Gasteizen alternatiba baliagarriak eraikitzeko apustua egiten dugu, problematikari aterabidea ematen zaion bitartean gazteok ezin dugulako gaur egungo egoera pairatzen jarraitu. Ezin ditugu putre funtsen mesederako prezio mugagabeak ordaindu edota gure soldata prekarioen ehuneko handiena etxebizitza ordaintzera bideratu. Hamaika baliabide mahaigainean jartzea beharrezkoa da, hobekuntza errealak ematen ez diren heinean gure esku dagoen guztia egiten: saretzen, okupatzen, elkar laguntzen, auzo proiektuak garatzen... eta egoera jasanezin hau salatzen.
Lan merkatuan ere harresi baten aurrean al daude gazteak?
Gazteok ez dugu lanik; eta lana izateko aukera dugunok egoera kaxkar eta prekarioetan gaude. Lan merkatura ateratzeko oztopo ugari ditugu: errotazioa, lan kontratu partzialak, kontratapeko lanak, praktikako kontratuak, soldata baxuak... eta baldintza horietan ezinezkoa dugu bizi proiektu duinak aurrera ateratzea. Gure lanak erregulatu gabe edota ETT zein azpikontraten menpe daude. Klase partikularrak, kirol jarduerak, udako lan prekarioak, goi mailako ikasleen programa dualak...
"Sorosleek, kirol jardueretako langileek eta beste hainbatek egindako moduan antolatzen, batasunean eta eskubideen borrokan jarraitu behar dugu"
Horren aurrean, antolatzeko eta gure lan eskubideak borrokatzeko gida bat plazaratu genuen aurreko ikasturtean, denon artean hausnartu eta ekiteko. Hori da alternatiba bakarra, datuei erreparatuz gero egoera kezkagarria delako: Hego Euskal Herrian 16.196 gazte langabe, gazteon batez besteko soldata 895 eurokoa... Horregatik Gasteizko gazteok sorosleek, kirol jardueretako langileek eta beste hainbatek egindako moduan antolatzen, batasunean eta eskubideen borrokan jarraitu behar dugu.
Hezkuntza Legearen eztabaida pil-pilean dago...
Hezkuntza sistemaren egoera larria da: euskalduntzearen datu txarrak, segregazioa, ratioak, pedagogia eredua, eduki didaktikoak... Ikasleon hezkuntza prozesua duina izatetik urrun dago, eta gure herriaren biziraupena ere kolokan jartzera hel daiteke. EAJk urteak daramatza neurri murriztaile eta pribatizatzaileak aplikatzen, eta horrek eragin zuzena izan du egun bizi dugun egoerara iristeko. Aldaketa bat beharrezkoa da, eta horretarako lege berri bat ezinbestekoa da.
"Hezkuntzan aldaketa bat beharrezkoa da, eta horretarako lege berri bat ezinbestekoa da. Lege aurreproiektua aldendu egin da hezkuntza hitzarmenean jasotakotik"
Zein hezkuntza eredu nahi du Ernaik?
Hezkuntza hain gai estrategikoa izanik, lege bat osatzea zaila da oso, interes partidista asko baitaude jokoan. Interes horien gainetik, herri honen eta ikasleriaren beharrei erantzuteko lege bat da urgentziaz behar duguna. Euskalduntzea eta euskal kulturaren transmisioa bermatu behar da, pedagogia eredua errotik irauli, kanpo esku-hartzerik ezin dugu onartu, eta doakotasuna bermatu behar dugu. Hori guztia ahalbidetuko duen legea eskatzen dugu. Hezkuntza eredu burujabe, feminista, euskaldun eta publikora bidea da urratu behar duguna, ikasleria erdigunean egonik.
Eta ados zaudete lege aurreproiektuarekin?
Lege aurreproiektua aldendu egin da hezkuntza hitzarmenean jasotakotik, eta aipatutako erronketatik oso urrun dago. Hori onartu ez eta hitzarmenean jasotako minimoak eskuratu behar ditugu. Lege batek ez du egoera zuzenean konponduko, baina ezinbesteko agertoki berri batean kokatuko gaitu.
Osasun mentalaren problematika ere politikaren erdigunera ekarri nahi duzue, ezta?
Gero eta agerikoagoa da. Suizidio tasek gora egin dute nabarmenki, eta 15 eta 29 urte artekoen heriotzen bigarren kausa da Hego Euskal Herrian. Antsietatea, depresioa eta estresa ere gero eta orokortuago daude gure artean. Gazteon ondorio psikologiko eta emozionalak arazo estrukturala dira, bizi baldintza eta baldintza materialekin zuzenki lotuta: lan prekarioak, ikasketak, harreman eredu toxikoak... oinarrian dauden auziak dira. Orain arte, egoera mentalaren gaia tabu bat izan da, aurreiritzi eta trataera eskasaren ondorioz. Bada ordua gaia normalizatzeko eta behar den trataera emateko. Honen aurrean salatzekoa da EAJk osasun zerbitzuan egindako murrizketak. Guztiontzako eskuragarria den kalitatezko osasun zerbitzu publikoa ezinbestekoa da, eta horretarako mekanismoak jarri behar dira.
"Gazteon ondorio psikologiko eta emozionalak arazo estrukturala dira"
Zuen ustez, ba al dago irtenbide politikorik egoera horiei guztiei aurre egiteko?
Gazteria gero eta despolitizatuago dagoela sumatzen da, eta kezkaz bizi dugu. Sistema kapitalista zisheteropratriarkalak eragiten digun egoerari aurre egiteko pertsona ororen aktibazioa eta inplikazioa beharrezkoa da. Beharrezkoa da kalean, heziguneetan zein lantokietan lan egitea, ahalik eta eragile zein norbanako gehien elkartzea, eta gazte mugimenduaren batasuna bilatzea, helburu komunen alde borrokatuz. Gure oraina eta etorkizuna kolokan daude. Gazte borroka erdigunean izango duen olatu berri bat osatu behar dugu, fronte bat, balio batzuk hedatu, bizi eredu berri bat eta zentzu komun berri bat eraikitzen laguntzeko. Epe motzeko borrokak arnas luzeko borrokarekin uztartu. Eguneroko beharrei erantzuten dieten borrokak aktibatu, herri honen eraikuntzarekin lotutako prozesuak eraikitzen ditugun bitartean. Eta hori guztia gazte eta herri bezala ditugun baliabide guztiekin soilik izango da posible.
Eta dinamika hau eguneroko beharrei lotutako borroka horietako bat da?
Pairatzen dugun prekarietatea salatzeko helburuarekin jaio da, eta sozializazioari ekin diogu. Denok ulertu behar dugu zer egoeratan gauden eta nora eramaten gaituen; baliabidea informatiboak zabaldu, irtenbide edo baliabideak bilatzeko. Tresna erabilgarriak eskaintzea da gure planteamendua.
Martxoan Ernairen 10. urteurrena, apirilean Gazte Topagunea... Zer garrantzi izango du gaur egungo gazte belaunaldientzat?
Gazte Topaguneak historikoki izan dira gazte independentista eta abertzaleon elkargune. Urtez urte aldatu bada ere, bere izaerari eusten dio. Gazte belaunaldientzat hausnartzeko, ekiteko, harremantzeko, saretzeko, ahalduntzeko... aukera izango da Elorriokoa. Bestelako bizi eredu bat irudikatuko dugu, amesten dugun Euskal Herria islatuz. Egitarau politikoaz, kontzertuez, aisialdi forma ezberdinez... gozatzeko aukera izango dugu, gure proiektu politikoa zabaldu eta elikatu bitartean. Gainera, Ernairen 10. urteurrena ospatzeko aukera ere izango dugu. Datozen asteetan informazioa zabaltzen joango gara, sorpresa bat baino gehiagorekin.