Film eta dokumentalen zikloari berrekingo dio Orbainek

Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 09:30
Sex Pistols taldearen inguruko dokumentalaren txanda izango da gaur. / Argazkia: ORBAIN K.E.

Urtarrilaren 17an, 25ean eta 31n, D.O.A.: A Right Of Passage, Reincidentes: Erre que Erre eta Black is Beltza filmak proiektatuko dituzte Orbain Kultur Elkartean.

Urte berriarekin batera, Orbain Kultur Elkarteak Doku-Mental zikloa berreskuratuko du. Urte osoan zehar (salbuespenekin), asteartero 19:00etan izango dira film eta dokumentalen proiekzioak, Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian kokatutako lokalean.

Ikus-entzunezkoen zikloa maiatzean abiatu zuen Orbainek, eta orduz geroztik 22 dokumental proiektatu dituzte, ondorengo solasaldi, eztabaida eta gogoetekin. Askotariko gaiak landu dituzte, betiere punk musika eta bere ingurukoak ardatz hartuta: besteak beste, lan mundua, Sahara, armadak, turismoa, Palestina, Joe Strummer, LGTBIQ+ mugimendua, Sid Vicious, errepresioa, okupazio mugimendua, emakumea, La Polla Records, drogak, punka Madrilen, punka Norvegian, Shane MacGowan eta drogak izan dituzte hizpide.

D.O.A.: A right of passage

Aurtengo lehenengo hitzordua astearte honetan izango da, urtarrilaren 17an, D.O.A.: A right of passage (Lech Kowalsky, 1980) punk rock kulturaren dokumental mitikoarekin. Kultuzko film bat da, zuzendari ingelesaren lehen lanetako bat, punkaren jatorria ezagutzeko ezinbestekoa. Sex Pistols taldeak 1978an AEBetan egin zuen bira kontatzen du; herrialdean egindako bira bakarra izan zen, eta Kalifornian amaitu zen, Flower Power-aren lurraldean, taldea desegin zenean.

Lech Kowalsky zuzendariak erregistratutako materiala apartekoa da, esku-kamera hartuta bandari jarraitu baitzion AEBetako zazpi hiritako klub eta tabernetan zehar. Hori guztia beste talde garaikide batzuen irudiekin, modaren hiriburuetako joerekin eta forma zein kolore guztietako punkekin nahastuta. Kowalskik punk mugimenduaz goren-gorenean zikindutako irudi pikortatu bat harrapatu zuen. Gainera, Johnny Rottenen taldea ez ezik, funtsezko beste talde batzuk ere agertzen dira dokumentalean: The Clash, Dead Boys, X-Ray Spex, Generation X, Sham 69 eta The Rich Kids (Sex Pistols taldeko kide ohi Glen Matlockekin). Hori guztia gutxi balitz, Sid Vicious eta Nancy Spungenekin egindako elkarrizketa famatua.

 

Reincidentes: Erre que Erre

Doku-Mental zikloarekin jarraitzeko, urtarrilaren 25ean (kasu honetan, asteazkena) Reincidentes: Erre que Erre (Miguel Paredes, 2013) dokumentala emango dute, eta, ondoren, bideo-dei bidez, Fernando Madina Reincidentes taldeko baxu-jole eta abeslariak parte hartuko du.

Dokumentalari dagokionez, Espainia eta Latinoamerikaren historia sozial, politiko eta kulturalaren aurreko 25 urteetan zehar egindako ibilbidea da, Reincidentes taldearen ibilbide musikalaren haritik tiraka. Sevillako taldearen asmoa ez da protagonista izatea, baizik eta antropologoei, politikariei, musikariei, militanteei eta lagunei hitza ematea, ahaztutako borroka horiek, lortutako lorpenak eta rockak urte zail hauetan bizitako egoera politikoetan izan duen inplikazioa aletzeko. Taldekideak bizitzea egokitu zaien gatazka eta aldaketa politikoek markatutako belaunaldi baten parte dira.

 

Black is Beltza

Urtarrileko azken hitzordua hilaren 31n izango da, asteartean: Black is Beltza I (Fermin Muguruza, 2018) filmarekin. 1965eko urria. Iruñeko erraldoien konpartsa, San Fermin jaietako irudi tipikoa, New Yorkeko Bosgarren Etorbidean desfilatzera gonbidatu zuten. Baina denak ezin izango dira irten: arraza-bereizkeria dela eta, agintari estatubatuarrek bi erraldoi beltzen parte-hartzea debekatzen dute.

Gertaera horretatik abiatuta, animaziozko filmak erraldoietako bat eramateaz arduratzen den Manexen istorioa kontatzen du. Bidaia luze eta ustekabeko batean murgildurik, Manex historiako gertakari garrantzitsuen lekuko izango da. Fikzioa eta errealitatea uztartzen dituen istorio korapilatsu honek maitasunaz, iraultzaz eta espioitzaz hitz egiten du, soinu-banda paregabe batek lagunduta.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide