Asteartero filmak eta dokumentalak eskainiko dituzte Orbain Kultur Elkartean

Erredakzioa 2022ko api. 12a, 13:00

Ikus-entzunezkoen dinamika aurkezteko prentsaurrekoa. / Argazkia: ORBAIN K.E.

Maiatzaren 2tik aurrera, Ivan Muñiz zuzendariaren Una orquesta armada dokumentalarekin hasita, Orbain Kultur Elkarteak musikarekin eta gai sozialekin lotutako ikus-entzunezko lanak eskainiko ditu astearteetan.

Orbain Kultur Elkartearen programazio erritmoak ez du etenik, eta gaur goizean dinamika berri bat aurkeztu du punk-rock kultura sustatzea helburu duen elkarteak: maiatzaren 2tik aurrera, asteartero ikus-entzunezko lan bat proiektatuko dute Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakiko lokalean, Doku-mental izeneko zikloaren bitartez.

Musika eta gai sozialak ardatz dituzten filmak, dokumentalak edo bestelako ikus-entzunezkoak izango dira asteroko hitzorduan, Euskal Herrian ekoitzitakoa eta kanpotik datorrena uztartuz, betiere punk rock unibertsoaren presentzia nabarmenarekin. Izan ere, Orbaineko kideen ustez, elkartearen helburuak kontuan izanda, apustu garrantzitsua izango da dibulgazio kulturalaren ikuspegitik.

"Azkenaldian, ikus-entzunezko materialen ekoizpena handiagoa ari da izaten, eta gero eta kalitate handiagoa dute bai errealizazioan, bai edukietan. Interes berezikoak iruditzen zaizkigun gaiak jorratuko eta horietan sakonduko dugu", azaldu dute.

Gainera, posible denean, ikus-entzunezkoarekin zerikusia duten pertsonekin —prozesuan inplikatuta daudelako edo lantzen den gaiari buruz duten ezagutzagatik— solasaldia egiten saiatuko dira emanaldiarekin batera.

Lehen emanaldiak, maiatzean

Hilero, proiektatuko diren lanak eta bakoitzaren sinopsia iragartzeko kartel bat plazaratuko du Orbain Kultur Elkarteak. Horrekin batera, ikus-entzunezkoa aurkeztera edo gaiari buruz hitz egitera hurbilduko diren gonbidatuen berri emango dute.

Bide batez, ikus-entzunezko sortzaileen eta askotariko eragileen eskura jarri da elkartea, ziklo honen barruan elkarlaneko jarduerak antolatzeko. "Gure azpiegitura, agertokia eta lokala euren eskura jartzen ditugu, eta ez gara ixten espiritu horrekin datozen edozein motatako proposamenetara", azaldu dute.

Maiatzean jarriko dute egitasmo berriaren lehen mugarria, eta, oraingoz, hitzordu guztiak astearteetan 19:00etan izango dira, maiatzaren 2koa izan ezik. Iragarri dutenez, gainera, emanaldi guztiak doakoak izango dira, eta ikus-entzuleek krispetak hartzeko aukera izango dute:

  • Maiatzak 2an, 18:00etan: Una Orquesta Armada. ¿Puede la música cambiar el mundo? dokumentalaren aurkezpena, Ivan Muñiz zuzendariaren presentziarekin. Musikaren botere eraldatzaileari buruzko film dokumentala da. Iñaki Urbizu Pela bezalako hainbat musikariren eskutik, gogoetak eta bizipen interesgarriak jasotzen ditu.
  • Maiatzaren 10ean, 19:00etan: Lana eta gizartea. Las costuras de la piel dokumentalaren proiekzioa. Ondoren, UGT eta CNT sindikatuetako ordezkariekin solasasldia. Duintasunezko istorio bat: Bangaloreko ehungintzako langileak gerran daude, eta badakite lan baldintza justuak lortzeko modu bakarra ugazabekin zuzeneko konfrontazioa dela.
  • Maiatzaren 17an, 19:00etan: Arabiar Saharar Demokratikoa Errepublika ezagutzen. Kafana ¡Basta ya! dokumentalaren proiekzioa. Ondoren, Arabako SEADen Lagunen Elkartearekin solasaldia. Kafana ("Aski da!") saharar errefuxiatuen sentimendua da, eta beren herrira itzultzea eskatzen dute indarrez.
  • Maiatzaren 24an, 19:00etan: Armadak. El ejército secreto de la OTAN: Operación Gladio dokumentalaren proiekzioa. Gladio Operazioa NATOrekin lotutako ezkutuko espioitza-sare bat izan zen, Gerra Hotzean Mendebaldeko Europan jardun zuena eta Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIA) finantzatu zuena.
  • Maiatzaren 30ean, 19:00etan: Punk jarrera. Punk Attitude dokumentalaren proiekzioa. Don Letts-en lan honetan, generoko hainbat figurek punk rockari buruzko beren ikuspegia eta esperientziak kronologikoki kontatzen dituzte: David Johansen (New York Dolls), Thurston Moore (Sonic Youth), Henry Rollins (Black Flag), Captain Sensible (The Damned), Jim Jarmusch, Mick Jones (The Clash), Jello Biafra (Dead Kennedys) eta Siouxsie Sioux (Siouxsie and the Banshees), besteak beste.

Streaming bidezko emisioak

Azkenik, Orbain Kultur Elkarteak jakinarazi du streaming bidez zuzeneko emisioak egiteko edo ekitaldiak grabatzeko ekipoa jarri dutela martxan. Horrela, hitzaldiak, erakusketen inaugurazioak, disko edo liburuen aurkezpenak eta kontzertuak grabatu edo zuzenean igortzeko aukera eskainiko diete lokaletik igarotzen diren gonbidatuei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide