Maribi Armendariz Iraola

"Gizarte gaixo batera goaz, eta gazteak eta umeak dira ahulenak"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abe. 11a, 08:00

Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalean lan egiten du Maribi Armendarizek. E.U.

Osakidetzako Arabako Osasun Mentaleko haurren eta gazteen eguneko ospitalean %50 handitu da eskaera azken urtean. Covid-19aren pandemiak gazteen osasun mentaleko arazoak azaleratu dituela uste du bertako psikologo Maribi Armendariz Iraolak, eta kalte handiena adin txikikoak pairatzen ari direla. 

Osakidetzako Osasun Mentalaren Sareak duela hiru urte martxan jarri zuen Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitalean izan da ALEA, Gasteizko Olagibel anbulatorioko bosgarren solairuan, bertako psikologo klinikoarekin, Maribi Armendariz Iraolarekin (Gasteiz, 1966). Zerbitzu aitzindaria izan da Euskal Autonomia Erkidegoan adin txikikoen arretan. Psikiatra bat, psikologo kliniko bat, erizain bat, erizain laguntzaile bat, terapeuta okupazional bat eta irakasle bat jarduten dira bertan, eta zaintza intentsiboa behar duten 18 urte arteko umeak eta gazteak artatzen dituzte. "Gaixo mental larriak dira, baina ez daude ospitalizatzeko moduan, ezta kontsulta arruntetan egoteko ere". Gainezka dago zerbitzua pandemiaren ondoren. "Itxaron zerrenda dago eguneko ospitalean, inoiz ez dugu izan, eta orain badugu", azpimarratu du.

Zer arreta mota eskaintzen du Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitaleak? Nola funtzionatzen du?

Arreta Intentsiboko Programa deitzen den zerbitzua izan zen lehena. Bertan, adinaren arabera talde desberdinak daude, plaza gutxirekin: 6-12 urte bitarteko umeak, 13-15 urte bitartekoak eta 16-18 urte bitartekoak. Ohi baino arreta intentsiboagoa behar dutenak etortzen dira, eta astean behin artatzen ditugu. Hori izan zen Eguneko Ospitalea sortzeko hazia. Honetan programa ezberdinak daude, nagusia Azpiakutuen Unitatea da, eta horretaz gain bi programa ditugu: mugako nortasunaren nahasmendua daukaten gazteentzat egindako bat, berria dena, eta beste bat nahasmendu kognitiboa dutenentzat. Hala ere, aurtengo uztailean martxan jarri dugu trauma osteko estresa duten gazteak laguntzeko beste programa bat. Urtean bost paziente ikusiko genituela uste genuen, baina azaroan gaude eta dagoeneko lau paziente ikusi ditugu. Eromen bat da. Itxaron zerrenda dago Eguneko Ospitalean; inoiz ez dugu izan eta orain badugu.

Arabako Haur eta Gazteen Eguneko Ospitaleko lantaldea.

Baliabide gehiago behar dituzue osasun mentaleko zerbitzu honetan?

Jakina. Ez bakarrik baliabide gehiago, lehen arretan egon behar gara prebentzio lana behar bezala egin ahal izateko. Hona etortzen diren pazienteak nabarmentzen direnak dira, baina lehen arretan ez gaude psikologoak, eta prebentzio lana hortik egiten da. Gure ikuspuntutik, artatzen ditugun egoerak ez lirateke hain larriak izango alerta seinaleak aurretik antzemateko aukera izango bagenu. Horra hor suizidio tasarekin gertatzen ari dena; prebentzioa ezinbestekoa da, baina baliabiderik ez dago. Nafarroan, esate baterako, horretarako lehen partida bat lotu dute, Katalunian ere bide horretatik doaz, eta joera horretara doa. Etorkizuna hortik doa, bestela espezialistok ezingo dugu artatu etorriko den guztia. 

Nola iristen da ume edo gazte bat zerbitzu honetara? Zer profil dute hemen jasotzen dituzuen pazienteek?

Familia-pediatrak bideratzen ditu. Badago lantalde bat eskaera aztertzen duena, egiten zaio lehen kontsulta bat, eta ondoren erabakitzen da zer egin. Mutil txikietan gehienbat ikusten duguna jarrera arazoak dira. Neskek, aldiz, normalean ez dituzte jarrera arazoak izaten, oso larriak edo psikotikoak ez badira; isilak dira, bere munduan ezkutatzen dira, eskolan ez badute jarrera arazorik gauza asko ez dira ikusten. Nesken kasuan nagusitzen direnean azaleratzen dira arazoak. Eta krak handi bat dago hamabi urtetik aurrera, hor nerabezaroarekin batera beste zailtasun batzuk agertzen dira. Batez ere etorkizunean nortasunaren nahasmenduak izango dituztenak ikusten ditugu. Guk 18 urtera arte ezin ditugu diagnostikatu, baina asko ikusten dira bipolarrak  edo mugako nortasunaren nahasmendua izango dutenak. Gaur egun ditugun neska gehienak profil horretakoak dira.

Nola eragin du pandemiak gazteek eta haurrek dituzten buruko gaitzetan?

Konfinamenduak eta pandemiak atzean zeuden hainbat arazo azaleratu dituzte. Ehunekoetan, 2019. urtearekin alderatuta, %50 igo da eskaera osasun mentalean. Eta baliabide berdinekin gaude. Denok gaude ehuneko ehunean lan egiten. Denbora kontsultan luzea da, eta baliabide berdinekin ezin dugu. Gainera, larritasuna handitu egin da.

"Mugikorren erabilerarekin ikaratuta gaude, batez ere ume txikien artean"

Jarrera arazoak aipatu dituzu lehen. Zer arazotaz ari gara? Nola antzematen dira?

Lehenik eta behin, eskola arazoak daude. Gazteen artean dugun arazo larri bat absentismoa da. Iristen da momentu bat non frustrazioak gainditzeko zailtasun ikaragarriak dituzten, pilo bat angustiatzen dira, berdinkideekin egoteak izugarri estresatzen ditu, eta etxean gelditzea erabakitzen dute; poliki-poliki gertatzen den prozesu bat da: izan daiteke "ez dut joan nahi", "tripako mina daukat" edo "antsietatea daukat"… eta gazte horiek mobilizatzea oso zaila da. Batzuk gurekin daude, eta beste batzuk ez dira oraindik iritsi, baina institutuekin hitz egiten dugunean hori da mahai gainean jartzen duten arazo handietako bat. Fenomeno berri bat da, gainera, beste garai batzuetan inork ez zuen planteatzen institutura ez joatearena. Gauza bat da piper egitea, eta beste gauza bat da esatea "ez noa eskolara ezin dudalako jasan horrek suposatzen duen estres maila, antsietatea eta harremanetarako zailtasuna". Osasun mentaleko arazo bat dago hor atzean. Erizainek komentatzen dute pediatrek bidaltzen dituzten kasu batzuk eguneroko bizitzaren arazoei aurre egiteko ezintasunak direla, gazteek kudeatu ezin dituzten ohiko arazoak, eta horrek zerikusia du gizarte motarekin, gurasoen zainketa motarekin…

Zer da zehazki haur eta gazte horiei falta zaiena bizitzaren ohiko arazoei aurre egiteko?

Gurasoek ez dituzte mugak jartzen, eta arauak ez daude argi, gehiegi babesten dituzte, eta umeek ez dakite frustrazioa kudeatzen. Bestalde, gurasook ez diegu laguntzen ume izatetik nerabe izatera arteko trantsizioa egiten; ordurarte babestu ditugu eta hamabi urtetik aurrera bakarrik uzten ditugu, baina ez diegu erakutsi bakarrik ibiltzen, eta agobiatu egiten dira. Beste alde batetik, pantailen eta bideo-jokoen gehiegizko erabilera dago. Guzti horrek eragiten du frustrazioaren aurrean txikiek jarrera arazoak izatea eta nagusiak isolatzea harremanak izateko arazoak dituztelako. 

Pazientearen familiarekin ere lan egiten duzue eguneko ospitalean?

Bai. Banakako eta taldeko saioak egiten ditugu, beraien esperientzietatik abiatuta elkar ulertuz eta elkar entzunez; eta horrek asko laguntzen die. Familiarekin, eskolarekin eta banakakoarekin egiten dugu lan; interbentzio osoa egiten da. Sarean lan egitea funtsezkoa da, familia, Hezkuntza saila eta gu geu, eta Udalak dituen zerbitzu sozialek ere oso ondo funtzionatzen dute.

Pandemiak arazo berriak eragin ditu gazteen artean? Lehendik zeuden buruko gaitzak areagotu ditu?

Arazo berriak baino, bereziki igo dira elikadura nahasmenduak, kontrolarekin zerikusia dutenak, eta handitu dira baita ere beren buruari min egiteko jarrerak: autolesioak. Lankideek diotenez, hamahiru urtetik gorako nerabeen ehuneko handiena autolesioekin sartzen da zerbitzuan.

Zer dela eta zauritzen dute beren burua?

Frustrazioa, antsietatea eta depresioa, nahastuta. Frustrazioari aurre egiteko zailtasunak dituzte, neska gazteek batik bat, eta gehienak moztu egiten dira: institutura ez du joan nahi norbaitek gaizki begiratu diolako edo esan duelako zer potolo dagoen, edo gustuko duen mutilak keinu txarra egin diolako, edo sexuarekin jarrera desegokiak dituzte… Modan dago moztea, metodo antsiolitiko bat da, min fisikoak min emozionala estaltzen duelako, eta mozten direnean ez dute sentitzen min emozional hori, eta ez diote aurre egin behar. Horregatik mozten dira. Pertsona batek ezin badio aurre egin min emozional bati, zerbait egin behar du. Bizitza frustrazioz beteta dago, sarritan gauza txikiak dira, baina ez diegunez erakutsi huts egiten ez dakite zer egin, angustiatzen dira; txikiek buruko minak eta tripako minak dituzte, eta nerabeak moztu egiten dira edo hasten dira antsietatea, depresioa kate batean eta etortzen dira bere buruaz beste egiteko ideiekin; bere buruari min egiteko ideiak ere oso orokortuak daude. Eta gurasoek sekulako ezintasuna sentitzen dute.

"Gazteak galduta daude gizarte honetan, eta helduak sare sozialetan gaude"

Kasu horien atzean, frustrazioaz gainera, faktore gehiago daude?

Konturatu gara nesken gehiengoak badituela atzean sexu-abusuak. Lehen estatistikek esaten ziguten adin txikikoen kasuan sexu indarkeriaren %50a familia barrukoa zela; momentu honetan, berriz, guk hemen ikusten dugun gehienak dira berdinkideen arteko sexu-abusuak.

Kuadrillaren barruan, lagunen artean, gertatzen dira sexu-abusu horiek?

Baten bat familiarra da, baina gehien-gehienak beste kuadrillakoak edo ezagunak dira… Hor nahasten dira gauza desberdinak: gazte horiek nola ulertzen dituzten harreman sexualak edo harreman afektibo-sexualak, eta horrekin batera kontrolaren gaia. Sexu-indarkeriarekin lotuta dago ere sare sozialen erabilera, oso ohikoak dira Instagram edo TikTok plataformetan osagai sexualak dituzten argazkiak eta bideoak elkarbanatzea; eta gauza bat da harreman batean bideoak elkarbanatzea eta intimitatean geratzea, eta beste bat da sare sozialen bitartez lortzea adin txikikoek eduki sexualak igotzea. Bestalde, gero eta gehiago dira taldean egiten diren bortxaketak, eta gure sentsazioa da gero eta gehiago direla berdinkideen artean. Eztabaidagarria da, baina uste dut orain arte ez zirela ematen. Emakumearen kontrako jazarpenak ez du sexuarekin zerikusirik, iseka egitearekin baizik, indarkeriarekin, eta horregatik ateratzen dituzte bideoak eta argazkiak, nolabait bere maskulinitatea indartzeko, eta taldean egiten den bortxaketak taldea indartzen du. Bortxaketa horiek egiten dituzten pertsona horiek anestesia emozionala dute, ez dute enpatiarik sentitzen.

Eta zerk eragiten du gazteek horrelako portaerak izatea? Nola sortzen da anestesia emozionala?

Nik uste dut neurri handi batean bideo-jokoen mundu horretatik. Bonbardaketa etengabe bat jasotzen dute gazteek, eta normalizatzen dituzte jarrera biolento horiek: ez da ezer gertatzen. Hori oso larria da. Gazte batek horrelako zerbait egiten duenean sentituko balu enpatia minimo bat ez luke egingo edo lagunduko luke beste pertsona, baina ez dira gaizki sentitzen. Gazte horiek ez dira gure zerbitzura iristen, guk ikusten ditugunak biktimak dira, eta neskak dira, eta tamalez ematen du gero eta gehiago direla. Horregatik sortu dugu, hain zuzen, trauma osteko estresa artatzeko programa, ikusten ari garelako gero eta neska gehiago bortxatuak izan direla, eta planteatu nuen lanketa berezi bat egin behar zela profil horrekin. Ezin dugu trauma hori landu kontsulta arrunt batean egiten den bezala, intentsiboki lan egin behar da. Baldintzak dira direnak, baina gutxienez aukera dugu paziente horiekin beste modu batean lan egiteko.

"Gero eta gehiago dira taldean egiten diren bortxaketak, maiz berdinkideen artean"

Bortxaketak artatzeko zerbitzua zarete?

Ez. Gasteizko Udalak baditu baliabideak horretarako, Hegoak ere badago, baina guri denbora luzez ezkutuan egon direnak iristen zaizkigu. Ditugun pazienteak, bortxatuak izan direnak, orain dela urte bat edo bi urte erasotu zituzten; etorri zen bat hiru urtez bortxaketa jarraituak izan zituena, eta beste bat bost edo sei urterekin bortxatua izan zena. Kasu horiek ezkutuan gelditzen dira, eta momentu batean eztanda egiten dute. Klinikoki desoreka bat dagoenean iristen dira gure pazienteak izatera.

Muturreko kasuak dituzue. Esango zenuke orokorrean gazteen osasun mentalarekin zerikusia duela hemen ikusten denak?

Ezin dugu joera orokortu eta pentsatu gazte guztiak horrela direla, gure inguruan ez ditugulako horrenbeste gaixo ikusten. Guregana etortzen direnak hor daude, ehunekoa asko handitu da, eta hori hor dago. Dena den, pentsatu behar dugu zergatik gazteak gero eta gehiago gaixotzen ari diren, eta nik uste dut arazo estrukturala dela, pandemiak egin duena da arazoa azalarazi, baina ez da onargarria gazteek duten prekarietatea, helburuen falta, frustrazioari aurre egiteko zailtasunak… Lehiakortasunarekin du zerikusia: inor baino politagoa izan behar dut, hobeagoa, lirainagoa, inteligenteagoa… eta horrek estres maila ikaragarria eragiten du, eta ez ditugu prestatzen horretarako. Badago alde batetik gehiegizko babesa, eta beste alde batetik lotura arazo asko ikusten ari gara txikietan.

Lotura falta ikusten duzue umeen eta gurasoen artean?

Ziurtasun eza handia da gurasoen partetik, anbibalenteak dira, eta hori da txarrena. Batzuetan egurra eta beste batzuetan babesa, eta sortzen ditugun umeak ez dakite zeri eutsi, nahastu egiten dira eta ez dakite nola antolatu beren burua, ziurtasunik falta horretan hezi direlako. Lehengo gurasoek beste hezkuntza bat zuten, ez ziren batere malguak, baina koherentzia bat zegoen; ez dut esaten lehengo eredu hori ona zenik, baina askotan sen ona falta da. Gazteak galduta daude gizarte honetan, eta helduak sare sozialetan, pantailetan murgilduta gaude, eta ez ditugu umeak begiratzen.

"Modan dago moztea, metodo ansiolitiko bat da min fisikoak min emozionala estaltzeko"

Kezkatuta zaudete sare sozialen, telefono mugikorren eta pantailen erabilerarekin?

Mugikorren erabilerarekin ikaratuta gaude, batez ere ume txikien artean. Umeek emozioak sentitu behar dituzte, harremanak izan behar dituzte. Zer egiten du sei urteko ume batek bere telefono mugikorrarekin? Gizartea oso trebea da, jakina, eta justifikazioak bilatzen ditu. Guk guraso taldeetan gaia planteatzen dugunean esaten digute "bakarrik joaten denez eskolara…". Barirudi jakin behar dutela uneoro non dagoen umea, eta erabiltzen dute erloju berezi bat edo telefono mugikorra kontrolatzeko. Ikaragarria da, baina asko justifikatzen da kontrol birtual hori. Ez da pertsonek egiten duten kontrola, gailu batek egiten du, laguntzaile batek. Desberdina da nik esatea telefonoa utzi behar duzula 22:00etan edo ni-laguntzaile batek esatea. Ez ditugu gure ardurak onartu nahi, eta hirugarren bati trasladatzen dizkiegu, kasu honetan sakelakoari, horrela errua ez da nirea, mugikorrarena baizik. Behin, gure ume bati esan nion imajinatzeko etorkizunean uharte batean izango zela nahi zuen bizitza egiten, eta egin ahal izango zituen gauza guztien artean bat aukeratzeko. "Que desaparezca el control parental", esan zidan. Ikaragarria da!

Gizartean dagoen arazo baten isla dira umeen eta haurren buruko gaitzak?

Faktore ugarik bultzatzen dituzte umeak zerbitzu honetara, baina gizarte honetan oso pronostiko txarra dute gazteek. Sistemari interesatzen zaio gure gazteak pantailetan egotea, ez pentsatzeko. Oso pronostiko txarra dugu gizarte bezala ez baditugu pertsona kritikoak hezten eta gazteei eta umeei beste balore batzuk erakusten: naturarekin harremana, adibidez. Ume hauek ez dira apenas ateratzen kalera. Asteburuetan zer egin duten galdetzen baldin badiezu, gehienak etxean sartuta egon dira pantailari begira, edo buelta bat ematera joan dira Bulebarrera. Gauza gutxi egiten dira familian, besteak beste telebista pantaila bat baino gehiago dagoelako etxe gehienetan. Garbi dago gizarte gaixo batera goazela, eta ahulenak umeak eta gazteak dira. Pandemia osoan kaltetu nagusiak umeak izan dira, kalera ateratzen azkenak izan direlako, eta gazteak ere errudun egin ditugu; kutsatzeen eta pandemiaren arazoa gazteena zen, eta horrek presio handia eragin die. Pronostiko txarra du gizarteak, eta gazteek panorama latza dute. Horregatik ikusten ari gara osasun mentaleko zerbitzuetan hainbesteko igoera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago