Zuri-beltzeko Gabonetan, ezina eginez

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko abe. 17a, 08:00

1985. urtean, Errege Magoen kalejiran integratuta atera zen Olentzeroren karroza. V. Fernandez/Gasteizko Artxibategia.

1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hasieran, diktadura bete-betean eta euskal kulturaren pizkundean, antolatzen hasi ziren Euskal Liburu eta Disko Azoka eta Olentzeroren kalejira Gasteizen. Gabonetako beste ekitaldi batzuen artean, euskaldunentzat eskaintza txertatzen asmatu zuten.

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak, Euskal Herriko handienak eta garrantzitsuenak, Gasteizen du jatorria. Anaitasuna aldizkari zaharrean hala jaso zuten: "Azoka hau egitea,  –Durangokoa– elkartearen sortzaileetariko baten ideia izan zen. Leopoldo Zugazarena. Gerra aurretik euskal liburu azoka bat Gasteizen izan zela entzuna zuen nonbait. Behin egindako feria horrek jarraipena behar zuen, egun jakin batean egina, eraberritua, gaurkotua". Horrela mintzo dena Jose Luis Lizundia da, euskaltzain emeritu eta Gerediaga elkartearen sortzaileetariko bat. Bere hitzak Anaitasuna aldizkarian jaso zituzten, 1975eko urriaren 31n, eta Joxe Ugarrizak gogoratu zituen hitz horiek, 1981ean, aldizkari berean Durangoko Azokaren harira idatzitako erreportaje zabal batean.

Euskal Liburu Azoka, 1974; Jose Miel Barandiaran omendu zuten. NORTE EXPRES

Ugarrizak berak kontatzen duenez, gainera, Gasteizen sortutako liburu batek eraman zuen 1965eko lehen Durangoko Azokaren sari sinbolikoa. "Urriaren 30ean, arratsaldeko lauetan zabaldu zituen bere ateak lehen Liburu eta Diskoen Azokak, Andra Mari elizpean. Azokara hogeita bost argitaletxe azaldu ziren, argitaratu zen katalogotxoak 28 orrialde izan zituelarik. Sari sinboliko bat eman zitzaion libururik interesgarrienari, antolatzaileen ustez: Sociología y Pastoral de una Diócesis: Vitoria liburuari".

70. hamarkadan, lehen azoka

Hala ere, Durangokoaren inspirazioa izan omen zen Gasteizko liburuen inguruko azoka horren arrastorik ez dago erakunde nagusien artxiboetan. Izan ere, gerra aurretik eta ondoren, euskal liburuen azoka bati buruz agertzen den lehen aipamena 1970. urteko abenduaren 24koa da, Norte Expres egunkariaren orrietan. Urte horretan, Gabonetako ekitaldien artean, Manuel Iradier Txangolari elkarteak antolatu zuen I. Euskal Liburu eta Disko Azokaren albistea dakar kazetak: "Gaur, egun osoan zehar eta gaueko bederatziak arte, Gasteizko Kutxaren Alaba Jeneralaren kaleko erakusketa aretoan, Euskal Liburu eta Diskoen Erakusketa egongo da zabalik, Manuel Iradier Txangolarien elkarteak antolatuta. Erakusketa honetan bi mila liburu eta mila euskal disko daude ikusgai". 

Euskal Liburu eta Disko Azoka, 1972. NORTE EXPRES

Sariak, liburu eta disko onenei

Lehen edizio horretatik aurrera, liburuen salmentarekin batera, antolatzaileek euskarazko eta gaztelaniazko liburu onenak, ikerketa lanak, abeslariak eta diskoak saritu zituzten. Hala, 1974ko edizioan, adibidez, euskarazko liburu onenaren saria Bitoriano Gandiagak lortu zuen, Hiru gizon bakarka poema liburuarekin; eta Martin Ugaldek jaso zuen gaztelaniazko saria, Hablando con los vascos lanagatik. Urte horretan bertan, Joxe Migel Barandiarani azokaren Urrezko Domina eman zioten, bere ibilbidea aitortzeko asmoarekin.

Pixkanaka, Gabonetako liburu eta disko azoka sendotzen joan zen, baina halere, jendea nekez hurbiltzen zen azokara, antolatzaileek beraiek aitortzen zutenez: "Gure ezagunak, dantza taldeetakoak, euskaldun berriak eta euskaltzaleak. Horietarik ziren gutiz gehienak. Hortik kanpora oso gutti". Gasteiztik kanpo inor azoka horretaz ohartu ere ez zelako egiten kexu ziren gainera, eta euskal argitaletxeen aldetik parte-hartze handiagoa faltan bota zuten. Eusebio Osa idazleak Anaitasuna aldizkarian, 1974. urtean, honela zioen: "Liburuen eskasia harrigarria izan zen. Editorial-etxeek oso liburu gutti bidali zuten. Adibidez, Jakinek bi baino ez zuen igorri, Lurek lauzpabost, Etorrek eta Gerok ere berdintsu. Eta ez liburu seinalatuenak, gainera. Zergatik gertatu zen hau? Gasteiztarrok ez ote dugu hori baino gehiago merezi?", galdetzen zuen idazleak. Eta salaketarekin jarraitzen zuen: "Editorial-etxeek, bestalde, ez ziguten ordezkari bat ere bidali. Horrela, nola informa jendea liburuen gaiaz, tankeraz, balioaz, eta bestez? Nola zirika jendea zerbait eros zezan? Lastimagarria benetan, nigargarria ez esatearren!".

Sei urte geroago, 1980ko abenduaren 26an, jendea erakartzeko asmotan gutxi lagundu zuen erabakia hartu zen, eta Euskal Liburu eta Disko Azoka Arka plazan zuen lokaletik Hizkuntz Eskolara lekualdatu zuten. Manuel Iradier Txangolari elkarteak prentsaurreko batean salatu zuen hartutako erabakia. Halere, azokan bildutako eleberrien eta diskoen kalitatea nabarmendu zen edizio horretan, eta hala jaso zuen garaiko prentsak: "Panorama zabala dago azokan. Axular liburudendaren ekarpenak asko lagundu du erakusgai dauden obrak sakontzen eta zabaltzen, eta musikak ere bere lekua du, Oskorriren eta Mikel Laboaren ekarpen berriekin", idatzi zuen Pensamiento Alaves kazetak.

Lehen Olentzero

Euskal literaturaren eta musikaren eskaintza zabalaren erakusleiho bihurtu zen azokarekin batera, 60ko eta 70eko hamarkadetako Gasteizko Gabonetako egutegian euskaltzaleen bultzadaz txertatu zen beste ekitaldi bat Olentzeroren kalejira izan zen. Gaur, ezinbesteko bilakatu den Gasteizko Gabonetako protagonistak bide luzea eta korapilatsua egin behar izan zuen, frankismoaren zentsurak eta garaiko gizarte grisaren eta atzerakoiaren mesfidantzak eta trabak gainditzeko.

Olabide Ikastolaren 1992ko Olentzeroren kalejiraren iragarkia. Santiago Orue eta Javier Ruiz/Gaceta Municipal

Hala, 1966an egin zen lehen kalejira Gasteizen, gaurkoarekin alderatuta, oso ezaugarri bereziekin. Diru-biltzea bezala planteatu zuten Olentzeroren martxa, San Jose zaharren egoitzan bizi ziren adinekoei laguntzeko asmoarekin hain zuzen. Helburu horrekin antolatu zuen La Blanca klubean biltzen zen mendizale talde batek lehen Olentzero; eta kalejiran parte hartu zuten gazte guztien izen-abizenak Espainiako Poliziaren komisaldegian ematera behartu zituzten. Dena den, abenduaren 24an, aparteko arazorik gabe ibili ziren kalejiran, gasteiztarren harridurarako.

Ihauteria edo Olentzero

Lehenbiziko aldia zen Olentzeroren karroza eta kalejira ikusten zituztela gasteiztar askok, eta inauteri festa batekin nahastu zuten. Jose Mari Sedano kazetariak Olentzeroren izaera argitu behar izan zuen, Pensamiento Alaves egunkarian: "Badirudi herrikide batzuek ez dutela festaren izaera ulertu, eta inauteri moduko batekin nahastu dutela, mutil bat  –Olentzeroren pertsonifikazioa– aurkeztu digutelako, aurpegia beltzez margotuta. Bada, ez lagunak: La Blanca zentroak benetako Olentzero aurkeztu zigun, Jesusen jaiotzaren berri baserrietatik iragartzeaz arduratzen zen euskal mitologia kristautuaren pertsonaia ospetsua. Eta pertsonaia hori ikazkin batean zegoen sinbolizatuta. Hori dela eta, bere horretan irudikatu behar da eta, beraz, Olentzero ikatzez zikinduta ikusiko genuke kaleetan. Inauterietatik, ezertxo ere ez".

Lehen urteko nahasmena alde batera utzita, hurrengo edizioetan normaltasunez ekin zioten gazteek Olentzeroren kalejira antolatzeari. Ikazkinaren karrozarekin batera, jaiotza biziduna ere eramaten zuten, baita euskal sukaldaritza irudikatzen zuen beste karroza bat ere; artzainez jantzitako lagunak, txistulariak eta dantzariak ere biltzen joan ziren ikazkinaren martxara. 1973. urtean, berriz, Olentzeroren kalejiraren antolaketa Arabako Dantzarien Elkartearen esku geratu zen, eta hurrengo urtean Manuel Iradier Txangolarien elkarteak hartu zuen ardura, kalejiraren ibilbidea berriarekin.

Olabide Ikastolako Olentzero

Euskaltzaleek sortutako Olentzeroren kalejira ondo sustraitua zegoen, eta hiriko haurren parte-hartzeari esker, are gehiago zabaldu zen. Izan ere, 1977. urtean, Olabide Ikastolako umeak izan ziren Olentzeroren kalejiraren protagonistak, lehen urtez atera baitziren horretan. "Txikiek tradizio eta alaitasun nota jarri zuten hotzaren eta izotzaren artean, Raimundo Olabide Irakaskuntza Kooperatibaren eskutik". Halaber, 80ko hamarkadan, aldaketa handia eman zen. Errege Magoen kalejiran integratu zuen Gasteizko Udalak Olentzeroren karroza, ordurarte Manuel Iradier elkarteak antolatzen zuen ekitaldia bereganatuz; eta1982an, lehen aldiz, Errege Magoen kalejiran atera zen Olentzeroa, bere karroza propioarekin. Olabide Ikastolaren kalejirak, ordea, bere ibilbidea eta izaera mantendu zituen. Hala, abenduaren 24an arratsaldean ateratzen ziren umeak kalejiran, Eusko Legebiltzarretik, Indarra eta Ikuska fanfarreak, eta Udal Folklore Akademiako gaiteroak eta trikitilariak lagunduta, Plaza Berriraino, eta ondoren jai batekin amaitzen zen ospakizuna.

Euskaltzaleek hauspotu zituzten ekitaldiekin batera, Gasteizko eguberrietako agenda tradizionalean errotuta zeuden hitzorduek ere jarraipena izan dute, hala nola Gabonetako Nekazaritza Merkatua, Floridako Jaiotzaren inaugurazioa, Errege Magoen kalejira, kaleen argiztapena, edo Gabon Zaharreko kotilioiak. Gaur arte, aldaketa gutxi batzurekin. 

Errege Magoak, umeak jasotzen, 1964an.

Errege Magoak,1952. urtean, Gasteizen, umeen eskaerak jasotzen eta opariak banatzen. schommer-koch/photoaraba

Gabonetako merkatua, 1962. urtean.

Gabonetako nekazal merkatua eta lehiaketa, Gasteizko Plaza Berrian, 1962an. arque/gasteizko artxibategia.

Floridako jaiotzaren inaugurazioa, 1964an

Floridako jaiotzaren inaugurazioa, 1964an, Manuel Iradier abesbatzaren esku. schommer-koch/photoaraba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago