Bigarren greba eguna eskola publikoan

Erredakzioa 2022ko abe. 14a, 13:20

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoak grebara jo du berriz ere, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren kontra. Milaka lagun bildu dira Gasteizko manifestazio nazionalean, eta lanuzteak %33 eta %60 bitarteko jarraipena izan du.

Hezkuntza publikoak gerra betean jarraitzen du. Eusko Jaurlaritza aurrera doa Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin, Legebiltzarreko alderdi gehienen eskutik. Sindikatuen artean, berriz, urak harrotuta daude. Testuinguru horretan, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek grebara deitu dituzte gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitatera arteko eskola publiko guztietako langileak; bigarren greba eguna da gaurkoa, azaroaren 30eko deialdiaren ostean.

"Hezkuntza Lege aurreproiektuari ez esaten diogu. Balizko hezkuntza legerik izango bada langileokin eraikitakoa izango da", aldarrikatu dute sindikatuek. "Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu. Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duena. Publifikazio marko eta araudi orokor adostua ezarriko duena. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituena. Euskara erdigunean jarriko duena. Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituena. Enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituena. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo dena".

Jarraipenari dagokionez, ohiko zifren dantzak lehen deialdiaren antzeko datuak utzi ditu gaurkoan: sindikatuen arabera, langileen %60k bat egin du lanuztearekin; Hezkuntza Sailak, berriz, %32,7an kokatu du jarraipena, ikastetxeen %96aren datuak aztertuta. Sindikatuak azpimarratu dute Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan jarraipena "nabarmen handiagoa" izan dela.

Hala ere, datu zehatzetatik harago, 8.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute goizean Gasteizen egindako manifestazio nagusian. Gainera, arratsaldean, hiriburuz hiriburuko mobilizazioak egingo dira 18:00etan: Gasteizen kasuan, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Publikoa, euskalduna eta propioa helburu lelopean egin dira lanuzteak eta mobilizazioak, eta unibertsitate arteko sare publikoko langile guztiak daude grebara deituta, 30.000tik gora: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko langileak, hezitzaileak, sukaldeetako beharginak, garbitzaileak...

"Gauzak horrela, behin betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egin ditugun greba eta mobilizazioak baloratuko ditugu, eta hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu", ohartarazi dute hiru sindikatuek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide