EAEko hezkuntza publikoa gerra betean dago. Eusko Jaurlaritza aurrera doa Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin, Legebiltzarreko alderdi gehienen eskutik. Sindikatuen artean, berriz, urak harrotuta daude. Testuinguru horretan, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek grebara deitu dituzte gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitatera arteko eskola publiko guztietako langileak.
Jarraipenari dagokionez, ohiko zifren dantzak honako datu hauek utzi ditu gaurkoan: sindikatuen arabera, langileen %60k bat egin du lanuztearekin; Hezkuntza Sailak, berriz, %38,6an kokatu du jarraipena, ikastetxeen %43ren datuak aztertuta.
Nolanahi ere, milaka pertsonak parte hartu dute goizean Bilbon egindako manifestazio nagusian, baita arratsaldean, Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako mobilizazioan, azken hilabeteetan deitutako protesta jendetsuen ildotik. Sare publikoko langile guztiak daude grebara deituta: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko langileak, hezitzaileak, sukaldeetako beharginak, garbitzaileak...
Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin eraiki lelopean egin dira lanuzteak eta mobilizazioak. Gainera, abenduaren 14an grebara deituta daude berriz ere.