Gasteizko aurrekontua aurrera ateratzea ahalbidetuko du Elkarrekin taldeak

Erredakzioa 2022ko abe. 14a, 12:30
Elkarrekin taldeko ordezkariak, akordioaren aurkezpenean. / Argazkia: ELKARREKIN

Laugarrenez, 2023rako aurrekontu akordioa erdietsi du EAJ-PSEk Elkarrekin taldearekin, besteak beste etxebizitza politikarekin, klima ekintzarekin eta haurreskolen doakotasunarekin lotutako 30 zuzenketa baino gehiago onartuz.

Zaramaga, Herrandarren kalea eta garraio elektrikoa izan ziren azaroan Gasteizko udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren ardatz nagusiak. Hilabeteko negoziazioen ostean, EAJ eta PSErekin aurrekontu hitzarmena lortu duela iragarri du Elkarrekin Gasteiz taldeak (Podemos, Ezker Anitza IU eta Berdeak EQUO) asteazken honetan.

"Horri esker, erantzun ahalko zaie herritarren premiarik handienei, baita krisi sozial eta energetikoari ere", aldarrikatu du talde ezkertiarrak. Izan ere, besteak beste, etxebizitza politikak indartzeko, ekonomia klima ekintzaren bitartez berreskuratzeko eta aurretik zetozen lan ildoei jarraipena emateko 33 zuzenketa sartzea lortu du Elkarrekinek. Zuzenketa berrien artean, gainera, indarkeria matxista borrokatzeko, etxegabetzeetan aterpea emateko eta familia zein ekintzaileentzako laguntzak zabaltzeko neurriak daude.

Horrenbestez, guztira 3.243.863 euroko proiektu ekonomikoa izango du Gasteizek 2023rako. Akordioak "funtsezko" konpromiso politiko eta ekonomikoak "blindatuta" uzteko balioko duela azpimarratu du Elkarrekinek.

"Ukrainako gerra dela-eta energia krisi zorrotza ikusten ari garen honetan, beharrezkoa zen gizarte babesa ematea familiei, haien ekonomian eragina izaten ari baita eta atzean inor ez gelditzeko", azpimarratu du Oskar Fernandez Elkarrekin taldeko bozeramaileak. "Zuzenketen bitartez sartutako hobekuntzekin, Elkarrekin taldeak errotik hobetu du aurrekontu proiektua, eta lortu du krisia gogorrago jotzen ari denei babes hobea eta handiagoa eskaintzea".

Etxebizitza

Neurri zehatzetako batzuk, etxebizitza politikekin lotuta daude. Adibidez, etxe hutsen kanona aplikatzeko egutegia lotzea higiezinen zentsua egin eta gero: "Horrela, Gasteizek bete egingo du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Dekretua". Gainera, Udaleko Berdintasun Zerbitzuko laguntzaile taldeari jarraipena emango zaiola ziurtatzeko programa kontratu bat zabalduko da.

Bestalde, etxegabetzeetan larrialdiko aterpea emateko funtsa, etxebizitza sozialak martxan jartzeko udalaren etxeak birgaitzeko inbertsioak, eta Koroatzearen auzoan SmartenCity proiektuaren birgaitze inbertsioak handitzea adostu dute Elkarrekinek eta udal gobernuak.

Gizarte politikak

Akordioaren beste jarduketa garrantzitsu bat osasun mentalarena da, bereziki gazteena eta haurrena; izan ere, handitu egingo da Gizarte Politiken Sailean xede horretara bideratzen den diru kopurua. Era berean, Zainketa eta Lotura Plana nabarmendu dute, auzoetan komunitate ehuna eta adinekoenganako laguntasuna sorrarazteko xedez. Bestalde, 120.000 euro baino gehiagoko partida bat adostu dute udal haurreskolak doakoak izateko. Azkenik, indarkeria matxistak borrokatzeko diru sailean 250.000 euroko gehikuntza bat adostu dute ere.

Politika berdeak

Komunitate energetikoak bultzatzeko Eraldaketa Komunitariorako Bulegoa sortu izana da Elkarrekin taldeak akordioaren politika berdeen arloari dagokionez nabarmendutako puntu nagusia. Horrez gain, eguzki plakak udal eraikinen estalkietan eta espazio publikoan instalatzeko diru saila 500.000 eurotan handituko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide