Gasteizko Udalak inoizko aurrekonturik handiena proposatu du 2023. urterako, iazkoa baino %5,53 altuagoa: 434,6 milioi euroko proiektu ekonomikoa (zehazki, 434.606.945 euro; 491.349.599 euro, udal sozietate eta erakundeak gehituz gero), "aurrekaririk gabeko inbertsio gaitasuna" izateko eta 1.194 enplegu zuzen sortzeko asmoz. Izan ere, Europako funtsen eta berezko baliabideekin egindako inbertsioaren batura 80 milio eurotara hurbilduko da.
Lehenik eta behin, ibilbide luzeko hainbat proiektu amaitzeko urtea izango da 2023 Udalarentzat: Koroatzeko SmartenCity (Aldabe plaza inguruko obrak), Biktimen Memorialaren inguruko erreforma (Errege Ateko, Aska kaleko eta Nueva Fuera kaleko obrak erabat amaituz), Tuvisako garajeen nukleo nagusiaren eraikuntza (bigarren fasea amaituz) edo tranbia Salburura zabaltzeko lanak.
Baina, era berean, beste hainbat obra egiten hasteko urtea izango da ere: Zaramagako birgaitze integrala, Principal Antzokiaren erreforma, Herrandarren kalearen birmoldaketa, Tuvisako 4. linea elektrifikatzea edo Goia eraikina birgaitzea izango dira proiektu nagusiak.
Inbertsio horiekin, maiatzeko udal hauteskundeen atarian, Gorka Urtaranen gobernuak eutsi nahi dio "Gasteiz nazioarteko eta Europako abangoardiako erreferente bilakatu duen ereduari, mugikortasun jasangarria, auzoen berroneratzea, trantsizio energetikoa edo karbono-hustulekuen babesa bezalako ardatz estrategikoetan aurrera egiteko".
2023rako aurrekontu proiektuaren xehetasun guztiak prentsaurreko batean iragarri dituzte Gorka Urtaran alkateak, Maider Etxebarria alkateordeak eta Iñaki Gurtubai alkateorde eta Ogasun Saileko zinegotziak.
Mugikortasun jasangarria
Europako funtsen babes handia izango dute Mugikortasun jasangarriaren arloko proiektu nagusiek, bai lan batzuk amaitzeko, bai berriak hasteko:
- Garraio publikoaren 4. linearako hamar autobus elektriko erosiko dira: 5.790.000 euro.
- Tuvisako garajeen bigarren fasea amaituko da: 5,3 milioi euro.
- Tranbia Sailburura zabalduko da: 1.038.450 euro.
- Bidegorriak: 2.498.650 euro.
- Bizikletentzako aparkaleku seguruak: 505.945 euro.
- Bizikleta azpiegiturentzako aurrekontua: 400.000 euro.
Horri guztiari gehitu behar zaio Tuvisarentzako esleipen orokorraren barruan aurreikusita dagoela udal autobusak doan izatea 12 urtetik beherako bidaiarientzat.
Auzoen birgaitzea
Datorren urterako aurrekontuen inbertsioa auzoetan ere islatuko da:
- Zaramaga auzoaren birgaitze urbanistiko eta sozial integrala: 30 milioi euro, Eusko Jaurlaritzaren (25) eta Gasteizko Udalaren (5) artean.
- Birgaitzera bideratutako laguntzak (21 Zabalgunea): 1.050.000 euroko esleipena du.
- Espazio Publikoaren Gida Planaren hasierako esleipena: 3,3, milioi euro, eta, oraingoz, Europatik etorritako beste 13,5 euro gehitu zaizkio.
- Esku-hartzeak eraikin historikoetan: 2.550.000 euro.
Azpiegitura berdeak eta trantsizio energetikoa
Gasteizko karbono-hustulekuen balio estrategikoak eta trantsizio energetikoak ere isla handia izango du aurrekontuan:
- Berdeguneen, zuhaiztien eta Eraztun Berdearen zaintza, mantenua eta garapena: 6.453.095 euro.
- Ingurumen Ikasketetako Zentroa: 2.985.000 euro.
- Plaka fotovoltaikoak eta energia berriztagarrien beste sistema batzuen instalazioa: 1.120.000 euro.
- Hiriko argiak LED teknologiarekin berritzea: 600.000 euro.
Enplegua, merkataritza eta turismoa
Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak 14,2 milioi euro izango ditu, iaz baino %6 gehiago:
- Enplegua: 8,2 milioi euro (Sustapen Ekonomikorako aurrekontuaren %60).
- Merkataritza eta Ostalaritza Zerbitzua: 1,6 milioi euro (%10 gehiago).
- Kongresu eta Turismo Zerbitzua: 1,5 milioi euro (%7 gehiago).
Aurrekontu soziala
Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren arloan, aurrekontu sozial "indartsua" bilatuko du udal gobernuak, baliabideak egokitzeko, behar berriak hauteman eta horiei erantzuteko, eta Udalaren gizarte zerbitzuak indartzeko. Hortaz, sailak 49,8 milioi euro izango ditu, aurtengo ekitaldian baino 2,4 milioi gehiago:
- Etxeko Laguntza Zerbitzua: 15,8 milioi euro (milioi bat euro gehiago).
- Gizarte larrialdietarako Laguntzak eta Udal Laguntzak: 10,4 milioi euro (aurrekontuaren bosten bat baino gehiago).
- Adinekoen Zerbitzua: 9,6 milioi euro (%9 gehiago).
- Informazio Bulegoa eta Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zerbitzua zabalduko dira.
- Adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programa: 112.446 euro (%16 gehiago; iaz, 97.000 euro).
Digitalizazioa eta parte hartzea
Aurrekontu proiektuan presentzia nabarmena duten beste partida batzuk honako hauek dira:
- Udal Administrazioa eta Eraldaketa digitala: 31,3 milio euro.
- Kirol instalazioen mantentze lanak: 836.000 euro.
- Herritarren parte hartzea: 5,2 milioi euro; bizilagunen elkarteentzako 240.000 euroko diru laguntza barne.
- Hezkuntza eta Kultura Saila: 12,6 milioi euro; azken hamarkadan izandako aurrekonturik altuena.
- Herritarren Segurtasunerako Saila: 1,2 milioi euro.