MAZOKA

"Saiatu naiz grafiak musikaren hizkuntzara eramaten"

Juanma Gallego 2022ko abe. 12a, 06:00

Mazoka jaialdiko hainbat ekimenetan parte hatuko du Inge Condek. I. CONDE

Hilaren 16an hasiko den Mazokaren aurtengo edizioan musikak berebiziko garrantzia izango du. Hortaz, antolatzaileek ez dute zalantza askorik izan Inge Conderengana jotzeko, bi munduak menderatzen dituelako.

Arte Ederrak eta Kontserbatorioa aldi berean ikasi zituen Inge Conde artistak (Barakaldo, 1988). Aurtengo Mazokaren gai nagusia musika izanik, Condek protagonismo berezia izango du ilustrazioaren erreferentziazko azokan. Herbeheretan sei hilabetez bekadun ibili eta gero, autonomo gisa aritzen da gaur egun ilustrazioaren eta musikaren munduan; aldi berean, bi abesbatza zuzentzen ditu Condek.

Zurea da aurtengo Mazokaren kartela. Zer irudikatu nahi izan duzu bertan? 

Kartela egiteko, sinestesian eta koloreetan hasi nintzen pentsatzen, baina gero nire eremura ekarri nuen gaia. Izan ere, Arte Ederrak eta Kontserbatorioa aldi berean egin ditut. Musikagilea izanda, beti beste modu batzuk bilatu izan ditut konposatzeko. Nire tresna bat da grafien bidez hasierako zirriborro bat eratzea, eta gero grafia horiek itzultzea musikaren hizkuntzara. Beraz, ildo horretatik jarraitu nuen. Historian zehar hainbat konpositore ditugu grafiekin konposatu dutenak. Horietako batzuetan inspiratu nintzen kartela egiteko. Horregatik sinbolo pila daude, eta partitura grafiko bat bezala ikus dezakegu. Bi pertsonaia daude ere interpretearen eta sortzailearen figura adierazten dutenak. Haien arteko eragina jasotzen saiatu naiz. Erdian bi esku daude, biribiltxo bat inguratzen. Horren zergatia da irakatsi didatela zuzendaritzaren arloan soinua beti eskuetan dagoela. Hau da, eskuek soinua moldatzen dutela: abesbatzari gehiago edo gutxiago egitea eskatzen dietelako. Zuzendari gisa, soinua abesbatzaren eta nire eskuen artean dago. Soinua irudikatzeko modu bat da.

Zelan irudikatu daiteke ba soinua modu grafiko batean?

Hori prozesu guztiz subjektiboa da. Grafikaren bidez konposatu duen konpositore bakoitzak bere metodoa du. Batzuek forma konplexuak, edo Kandinskyren koadroen antzeko figurak erabiltzen dituzte. Beste batzuek, koloreak baino ez, figurak alde batera utzita. Niri errazena iruditzen zait halako oinarrizko formak erabiltzea: puntuak, marrak, edo burura datozkidan formak. Beharbada eragina izango du niregan gaiaren bueltan egin dudan ikerketak. Halako inpultsoak direla esango nuke. Nire kasuan bederen, ezin dira forma konplexuak izan. Batzuetan, imajinatzen dituzun formak dira. Puntu bateraino prozesu kontzientea da, baina baita inkontzientea ere. 

Zer garrantzia izan du notazioak musikaren historian?

Hasieran pneumak zeuden, eta horiek imitatzen zuten abesbatzen zuzendarien keinuak. Transmisioa ahozkoa zen. Melodia ezagutu behar zuten, eta gero sinbolo horiekin indartu. Baina pentagrama asmatu zen arte ez zen izan erreferentzia puntu bat soinu bat kokatzeko. Hori oso garrantzitsua izan zen, edonor gai zelako musika deszifratzeko, ahozko transmisiorik gabe. Nire abesbatzan, musika irakurtzen ez dakiten arren, beti aurrean partitura dute, noten buruak gora edo behera ikustean, horrek gogoratzen dielako buruan duten melodia. Hobeto gogoratzen dute zer egin behar duten. 

Zer nolako esperientzia izan duzu Mazokan?

Iaz gehiena digitala izan zen. Esperientzia polita izan zen, baina faltan bota nuen bertan egotea. Erakusketa bat egin zuten, eta elkarrizketak egin genituen. Aldi berean, aukeratu nindutenean, bazekiten musika lantzen nuela; beraz, nitaz gogoratu ziren gaia musika zelako. Epaimahaian egon naiz, bisita gidatuak egingo ditut, eta tailer batzuetan egongo naiz. Oso gustura lan egin dut.

Besteak beste, MD-60-66 erakusketa izango da. Zer da hori?

Distentsio eta tentsio puntu batzuk sentitzeko pelikula bat ikusi nuen. Hasi nintzen marrazten pelikula horren sei minutu. Nahiko arraroa zen. Pentsatu gabe forma batzuk marrazten hasi nintzen, eta konturatu nintzen tentsio puntu altuenetan forma gehiago zeudela. Musikariek jo ahal izateko, beren hizkuntzara eraman nuen. Prozesu luzea izan zen, baina partitura bat lortu nuen. Emaitza izan zen tentsio handiko musika. Oso latza eta iluna. Ez zen pelikularen musika, nire buruko pentsamenduen musika baizik.

Etorkizunari begira, zer asmo?

Bizitzak orain arte erakutsi dit misterioz beterik dagoela. Ezusteko asko etorri zaizkit, eta han-hemenka ibiltzean sareak osatzen ditugu. Egia esanda, ez dakit. Gero eta ezagunagoa izatea espero dut, horrek laguntzen dizulako proiektuetan parte hartzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago