Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Eguneko mobilizazioen ostean, larunbat goizaldeko 04:30ak aldera, emakume batek sexu erasoa jasan zuen Gasteizen. Etxera bidean zela, gizon batek atzetik jarraika zuen. Etxeko atarira iritsi zenean, barruan zokoratu eta sexu erasoa egin zion.
Biktimaren mutil-laguna etxean zegoen, eta oihuek ohartarazita etxetik jaitsi zen bere bikotekideari laguntzeko. Erasotzaileak ihesari ekin zion, baina mutil-lagunak harrapatu eta atxiki egin zuen, handik gutxira patruila bat iritsi zen arte. Ertzainek 36 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, sexu eraso eta lesio delituak egotzita; izan ere, ustez, mutil-laguna jipoitu zuen ere, atxiki zuenean.
Biktima Txagorritxu ospitaleko Larrialdietara eraman zuten, zauriak artatzeko eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babesteko protokoloaren arabera aztertzeko.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atxilotuak polizia-aurrekariak zituen, eta segituan eraman zuten Lakuako ertzain-etxera, zegozkion izapideak egitera. Eginbideak amaituta, igande arratsaldean jarri zuten Gasteizko Guardiako Epaitegiaren eskuetan. Epaileak, ustezko sexu erasotzailea behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen.
Hiru atxilotu genero indarkeriagatik
Bestalde, asteburuan zehar, Udaltzaingoak beste hiru gizonezko atxilotu ditu genero indarkeria delitua egotzita. Larunbatean, 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, Domingo Beltran kaleko taberna baten barruan bere bikotekideari eraso egiteagatik. Igandean, 20 urteko bi gazte atxilotu zituzten: haietako bat Lakua Arriagako etxebizitza batean bere bikotekideari mehatxu eta eraso egiteagatik; bigarrena, berriz, Olagibel kaleko etxebizitza batean, eztabaida baten erdian bikotekideari bultza egiteagatik.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.