Harrika: teknoa, larrua eta dantzalekuen askapena

Mikel Buruaga 2022ko aza. 26a, 06:00

Galder Beramendi, Santa Klaux, Adriana Urmeneta eta Laura Legido, Jimmy Jazzen. / ALEA

Martxotik antolatzen dituzten jaialdietan ezin da argazkirik atera. Baina Gasteizen gertatzen ari den iraultza tekno, queer eta feminista gertutik ezagutzeko aukera izan du ALEAk, Harrika Kolektiboaren eskutik.

Musika elektronikoaren inguruko kontrakultura ez da soilik Detroit, Berlin, Bartzelona edo Madril bezalako hirietan, diskoteka handietan, topa daitekeen zerbait. Orain eta hemen, Euskal Herrian, Gasteizen, "dantzalekuen askapenerako mugimendua" loratzen ari da.

"Zure lehen aldia bada, flipatuko duzu: baina nondik atera da jende hau?"

Adriana Urmeneta

Horrela izendatzen du bere burua Harrika Kolektiboak. Tekno jaialdi queer eta feministak antolatzeko xedez jaio zen aurtengo martxoan. Jimmy Jazz aretoan, kolektiboaren aterpean, lau kiderekin elkartu gara proiektuaren berri lehen eskutik izateko. Galder Beramendi (Gasteiz, 1991), Adriana Urmeneta (Iruñea, 1991), Laura Legido (Gasteiz, 1994) eta Klaudia Santa Klaux DJa (Gasteiz, 1998) mintzatu dira ALEArekin.

"Zure lehen aldia bada, flipatuko duzu. Atea ireki eta galdetuko duzu: baina nondik atera da jende hau?", ohartarazi du Urmenetak. "Baina utzi zaitez eramaten, eta ikusiko duzu inork ez zaituela epaituko: normal jantzita etor zaitezke, edo biluzik, edo latexez jantzita... Berdin dio". Ostiral iluntzean hirian zehar gazte talde bat janzkera berezi horrekin ahaldunduta ikusi baduzu, ez kezkatu; ez zaitu pelikula baten filmaketak harrapatu: Harrika eguna da.

Bidea, harriz harri

Harrikaren jatorria ulertzeko, ezinbestekoa da lau urte atzera egitea: 2018ko irailean, Gasteiz eta Berlingo eszena elektronikoek topo egin zuten Garaion Sorgingunean (Ozeta), Harrikada izeneko jaialdi aitzindarian. Hiru eguneko egitarauaren barruan, Alemania eta Euskal Herriko DJak, musikariak eta sortzaileak elkartu ziren bertan.

"Teknoak baldintza oso berezi batzuk ditu Gasteizen komunitatea eta eszena super guapo bat sortzeko"

Galder Beramendi

Beramendi antolatzaileetako bat izan zen, eta hainbat urtez Berlinen bizi ostean bildutako esperientzia, lagunak eta kontaktuak baliatu zituen horretarako. Izan ere, urte horietan maitemindu zen teknoarekin eta bere frekuentzia grabeekin, baita musika horren inguruan topatu zuen giroarekin. "Kristoren giroa sor dezakezu edozein musikaren inguruan, baina teknoak baldintza oso berezi batzuk ditu Gasteizen komunitatea eta eszena super guapo bat sortzeko", aldarrikatu du.

Handik urte eta erdira, Covid-19aren pandemia iritsi zen. Dena pikutara joan zen. Baina, aldi berean, konfinamenduaren ostean gazte kontrakultura berri batek eztanda egin zuela dio Beramendik: "Gazte pilo bat mugitzen hasi ziren musika elektronikoaren inguruan, produzitzen, pintxatzen, kolektiboak sortzen... Jai ilegalak etxeetan, raveetan... Gauzak egiteko gogo pilo bat zegoen". Hain zuzen ere, abagune horretan piztu zen Harrikaren ideia.

"Gazteak gara eta kokoteraino gaude, punk pentsaera hori" itzuli dela uste du Urmenetak, eta pandemiaren eraginez "zerotik zerbait berria" sortzeko aukera izan dute. Gainera, Euskal Herri osoan queer, genero disidentzia, BDSM eta fetitxismoaren inguruko "gauza asko sakabanatuta" egiten ari ziren, eta horien "elkargune" bat beharrezkoa zela ikusi zuten. "Hasieran ideia bat genuen, eta azkenean ideia baino askoz hobea izan da sortu dena", ospatu du, barre artean.

Harrika jaialdia posible egiten duen taldearen zati bat.
Argazkia: NEREA GARCES (@nngam_photo)

 

Jaialdia kabinaren barrutik

Martxotik hona bederatzi festa antolatu dituzte, hilean behin, ostiraletan, 01:00etatik 06:00etara. Gehienak, zazpi, JJ Klubean izan dira, Jimmy Jazz aretoko goiko solairuan. Baina, uda baliatuz, kalera atera izan dira ere: behin Txapelarri tabernako kantoira, Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaietan; eta beste behin, nola ez, Gasteizko Txosnetara. Jimmy Jazzeko langile den heinean, Beramendik antolaketa, programazio, azpiegitura eta backstage lanen zati handi bat bere gain hartzen du.

"Zoragarria da: lehen lerroak neskaz edo queer pertsonaz beteta daude"

Santa Klaux

Jai bakoitzean, underground eszenako bi edo hiru DJren sesioak programatzen dituzte: nazioarteko bat, Euskal Herriko beste bat, eta bertako DJ bat. Beramendik azaldu duenez, beti saiatzen dira emakumeei eta genero disidenteei protagonismoa ematen, "ez izateko programazio maskulinoa, beste %99 bezala". Hiru DJ erresidente dira, eta horietako batek beti pintxatzen du jaialdian, hiru hilean behineko txandatan.

Hain zuzen ere, horietako bat da Santa Klaux, Sudo eta Villatek-ekin batera. Duela bi urte ekoizle eta DJ gisa aritzen hasi zen Gasteizen, bere kabuz ikasita. Baina "oso parrandazalea" denez gero, berehala ezagutu zuen Harrika, Harrikakoek bera ezagutu zuten bezala. Berehala fitxatu zuten. "Artista bezala hazi egin nau Harrikak, eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit", ospatu du Klaudiak.

Dantzalekuan 150 eta 200 lagun artean egon ohi dira, eta kabinaren barrutik hori ikustea "zoragarria" dela dio: "Lehen lerroak neskaz edo queer pertsonez beteta daude, eta nik orain arte ez neukan hori ikusita. DJa emakumea eta bollera izateak zure parekoak hurbiltzea bultzatzen du, beste erreferente mota bat ikusten delako. Oso babestuta sentitzen naiz, eta oso polita da".

Aurretik reggaetoiaren inguruan mugitua zen —"oso giro heteroa", bere ustez—, baina teknoaren kultura ezagutu izanak "mundu bat ireki" dio, are gehiago queer izanda. "Komunitate gehiago egiten da, zure estiloko jende gehiago ezagutzen duzu, eta pentsamendu askeago bat dago".

"Orain hilabete osoa antolatzen dut Harrika izango den egunaren arabera"

Laura Legido

Heteropatriarkatuaren aurkako barrikada

Hala diote euren manifestuetako batean. Izan ere, hileroko jaialdien ardatza musika elektronikoa da, bai, baina ez edozein modutan ulertuta. Egungo jai ereduari kritika egitearekin batera, proiektuaren oinarrian dago gaueko espazioetan erreproduzitzen diren baloreak iraultzea, baita "urdanga, marikoi edo estrecha" bezalako kontzeptuei buelta ematea. Errespetuan, elkartasunean eta zaintzan oinarritutako gune bat sortu nahi dute.

Harrika "gorputz disidenteen fetitxeak garatzeko mailua" ere bada, estetika, sexualitatea eta fetitxismoa berebiziko papera jokatzen duten elementuak direlako. Pertsona bakoitza nahi bezala doa jantzita, eta nahi duena egiten du, jakina. Baina ohikoena da azal biluzia, larrua, titiburuak airean, latexa, pintxoak, lepokoak eta sokak ikustea, baita askotariko jolasak ere; betiere onespenean eta ahalduntzean oinarrituta.

Galder Beramendi, Santa Klaux, Laura Legido eta Adriana Urmeneta, Jimmy Jazzen. / ALEA

Legido, adibidez, atzeko lerroetan lasai asko geratzen zen publiko bezala joan zen lehen aldietan. Ez zen lehenengo jaietara joan, gainera. Beste lagun baten bultzada behar izan zuen urratsa eman eta full latex jantzita bertaratzeko; queer giroagatik batez ere, eta ez hainbeste musikagatik. Denborak, ausardiak eta ahalduntzeak aurrera egin ahala, lehen lerroetan dantzatzera animatzen hasi zen.

"Aurreiritziekin apurtzea oso prozesu polita izan da niretzat. Reset egitea bezala. Orain hilabete osoa antolatzen dut Harrika izango den egunaren arabera", azaldu du. Eta ez da bakarra; gero eta jende gehiago jaialdira hurbiltzen ari dela nabaritu dute, bertan topatuko dutenaz gero eta kontzienteago. Legidok Shibari praktikak egiten ditu ere; jatorri japoniarreko bondage estilo bat da, eta zuntz naturalezko sokak erabiliz modu artistiko eta estetiko batean lotzean datza. "Aske sentitzeko espazio bat" bezala ulertzen du berak Harrika. Beramendik, bere aldetik, "gainontzeko jai ereduekin talka egiteko barrikada bat" dela azpimarratu du.

Zaintza, erdigunean

"Ez beti da ezetz. Agian ere ezetz da. Isiltasuna ere ezetz da. Baimenik gabe ukitzea eraso bat da. Soilik bai da baietz", dio Harrikaren arauetako batek. Jaialdiak ez du baimentzen inor deseroso sentiarazten duen jarrerarik, eta, gainera, lehen lerroak emakumeentzat eta zisheteronormatik kanpo dauden pertsonentzat dira.

"Gau guztiak horrela izatea nahiko nuke, baina bitartean utopia txiki bat da"

Adriana Urmeneta

Nola bermatu arauak errespetatzen direla? Urmenetak azaldu duenez, jaialdiaren izaeragatik beragatik "modu naturalean" ateratzen den zerbait da. Nolanahi ere, berak eta beste hainbat emakumek osatutako zaintza talde bat dago, besoko berde distirakor batek identifikatuta: "Egunero emakumeok egiten dugun zaintza lana egiten dugu, baina besokoak gizonezkoen pribilegioen aurrean autoritate puntu bat ematen digu, baita ikusgarritasuna ere", azpimarratu du. Helburu nagusia komunitatea zaintzea da, baina arazorik badago, bi tresna dituzte: lehena, "heztea, gauzak ongi azalduz"; bestela, azken aukera gisa, pertsona hori kanporatzea.

Antolaketan eta komunikazioan aritzeaz gain, ohiko segurtasun eredutik aldendutako talde horren arduraduna da Urmeneta. "Militantzia" bezala ulertzen du lan hori guztia, "espazio seguru eta osasuntsu bat" bermatze aldera; hala ere, ardura hori kolektiboa dela dio, "besokoa eraman ala ez".

Berarentzat "oasi bat" da Harrika. "Gau guztiak horrela izatea nahiko nuke, baina bitartean utopia txiki bat da", azaldu du. Gazteagoa zenean tekno kulturarekiko zituen aurreiritziak gainditu ditu azken urteetan, eta "kontrakultura" gisa ulertzen hasi da: "Punka bezala, baina beste genero batekin. Askatasunarekin lotutako zerbait da".

1. Adriana Urmeneta, zaintza taldeko kidea.
2. Galder Beramendi, Harrika kolektiboaren sortzaileetako bat.
3. Klaudia 'Santa Klaux', Harrikako DJ erresidentea.
4. Laura Legidok Shibari performanceak egiten ditu, besteak beste.

 

Probatu duenak badaki zer den hau

Harrikaren jaietan debekatuta dago argazkiak ateratzea, baita bideoak grabatzea ere, DJen irudien kasuan izan ezik. Zaila da telefono mugikor bat ikustea, gaueko beste gune gehienetan ez bezala. Beraz, Harrikan gertatzen dena Harrikan geratzen da. "Intimitateagatik", batez ere, Beramendik azaldu duenez; baina baita "pantailarik gabe gozatzeko eta harremantzeko espazio bat" delako. "Hemen eta orain dagoen jendearentzako festa da. Ez argitaratzeko, ezta inori erakusteko ere", azpimarratu du Legidok. 

"Hemen eta orain dagoen jendearentzako festa da. Ez argitaratzeko, ezta inori erakusteko ere"

Laura Legido

Erreportaje honetan hori guztia jasotzen saiatu gara; ez dakigu lortu ote dugun. Nolanahi ere, gure solaskideek hainbesteko grinarekin deskribatzen duten esperientzia, emozio eta magia hori bizi ahal izateko modu bakarra, hain zuzen, jaialdi batera hurbiltzea da. Aurreiritzirik gabe, urratsa ematea. Kuriositateak jota dauden horiei "etortzeko eta probatzeko" gonbidapena luzatu die Beramendik: "Ez duzu zertan latexaren erregina izan".

Aurrera begira, jaialdi bezala handitzea baztertu dute oraingoz. Ordea, beste esparru eta genero batzuk Harrikaren filosofiarekin kutsatzea eta sareak ehuntzea da Urmenetaren helburuetako bat: "Nahi duguna eszena bat sortzea da, eta jada sortzen ari da. Kolektibo gehiago eratzen ari dira Harrikaren antzeko arau eta ideiekin. Horrekin ni pozik nago jada. Nik ez dut beste inork kopiatzea nahi ez dudan negozio ideia bat; alderantziz, kopiatzea nahi dut, mesedez".

ALEAk esklusiban jakin duenez, hurrengo jaialdia abenduaren 16an izango da, eta, besteak beste, Herbehereetatik datorren eta Berlinen bizi den DJ ospetsu batekin kontatuko du.

Uztailean, Zaharraz Harron, Alde Zaharrera eraman zuten Harrika.
Argazkia: Olga Martinez de Marigorta

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago