Wynton Marsalisen eskutik, Iñaki Añua omenduko du Gasteizek

Erredakzioa 2022ko aza. 15a, 13:00
Gorka Urtaran alkatea eta Jasone Añua, Iñakiren alaba. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Datorren asteartean, azaroaren 22an, Wynton Marsalis tronpeta-jotzaile eta jazz konpositorea arituko da Aihotz plazan, 40 urtez Gasteizko Jazzaldia zuzendu eta hiria nazioarteko jazz munduan kokatu zuen Iñaki Añua omentzeko ekitaldian.

Uztailaren 13an Iñaki Añua hil zenetik lau hilabete igaro direnean, Gasteizko Udalak iragarri du omenaldi hunkigarria eskainiko diola azaroaren 22an, asteartean. Ekitaldiak Wynton Marsalis tronpeta-jotzaile, konpositore eta moldatzaile estatubatuarrarekin kontatuko du, eta bere eskutik hiriak eskerrak emango dizkio Jazz Jaialdiaren zuzendari historikoari.

Gorka Urtaran alkateak eta Iñakiren alabak, Jasone Añuak, aurkeztu dute 18:00etan hasiko den omenaldia. Sorpresaz beterik egongo da ekitaldia, baina amaiera borobila izango du 19:00ak aldera: Marsalis Goiuri Jauregiko balkoitik joko du Vitoria Suite izeneko bere laneko Iñakiren erabakia konposizioa; Aihotz plazatik jarraitzeko aukera egongo da (argiztapen bereziarekin egokituta), baita streaming bidez eta Martin de Salinas aretoko pantaila handitik ere.

Berrogei urtez (1979-2018) Gasteizko Jazzaldia "benetako pasioz" zuzendu zuen gizonarengatik "miresmena" agertu du alkateak: "Iñakiri esker, Mendizorrotzako pabiloiak lehen mailako musikarien kontzertuak jaso zituen: Ella Fitzgerald, Pat Metheny, Sarah Vaughan, Dizzy Gillespie, Chick Corea, Al Jarreau eta Bobby McFerrin, besteak beste, baina New Orleanseko tronpeta-jotzailea, Wynton Marsalis, ahaztu gabe".

Antolatzaileek azaldu dutenez, Marsalisek berak Gasteizera etortzeko "interes handia" erakutsi du, Iñakiren laguna baitzen. Eskainiko duen emanaldiaz gain, Iñakirekin eta hiriarekin zituen loturei buruz hitz egingo du jazz izarrak. "Omenaldi hau amarentzat eta niretzat benetako ohorea eta harro egoteko arrazoia da", ospatu du Jasone Añuak. "Bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu Wynton Marsalisi, uneok gurekin partekatzera etorri nahi izan duelako. Eskuzabaltasuna zer den erakutsi digu nire aitarekin zuen adiskidetasuna handia zela agertuz".

Lagunak eta senideak

Ekitaldia senide eta lagunez beteta izango da, eta, Marsalisez gain, beste talde eta pertsona askok parte hartuko dute omenaldian. Adibidez, Luis Aranburu Udal Musika Eskolako kideek jazz musikarekin girotuko dute plaza, eta Gorka Urtaran alkateak hitz batzuk eskainiko ditu.

Bestalde, Iñakiri buruzko mahai-inguru bat egingo dute ere, Montreauxeko Jazz Jaialdiko Fundazioko arduradun Michaela Maiterthekin, Curro Sanchez Varela zinemagile eta Paco de Luciaren semearekin, Pepa Fernandez kazetariarekin, Jose Ramon Pardo musika adituarekin, eta Gasteizko jaialdiko hainbat kartelen sortzaile eta marrazkilari Mikel Urmenetarekin. Brasildik, bideokonferentziaz, Chema Garcia Martinez jazzean adituak hartuko du parte.

Omenaldian zehar, gainera, hainbat bideo izango dira ikusgai: hitzordura joateko aukera izango ez duten Getxoko eta Donostiako jazz jaialdietako arduradunek hitza hartuko dute; Iñaki Añuaren bizitzari eta hiriari egindako ekarpenari buruzko bideo hunkigarri bat proiektatuko da; eta, azkenik, omenaldirako beren alea jarri nahi duten jazz zaleek emandako iritziak, mezuak eta oroitzapenak jasotzen dituen beste bideo bat ikusi ahal izango da (hamar segundoko bideo laburrak testimonios.anua@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira).

Erlazionatuak

Eskerrik asko, Iñaki!

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Jazzaldia 2022 uzt 13 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide