Arabarron memoria

Labetik atera da 'Gasteiz 1200, defentsa amaigabea' eleberri grafikoa

Erredakzioa 2022ko aza. 7a, 14:30

Laster emango dituzte salmentaren inguruko xehetasun guztiak. / Argazkia: ARITZ IBARRA

Urte eta erdiko lanaren ostean, Aritz Ibarra Agirrezabal ilustratzaile gasteiztarrak azaroaren 17an aurkeztuko du Gasteiz 1200, defentsa amaigabea eleberri grafikoa, Montehermoso Kulturunean.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak programak sustatutako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiaren aurtengo edizioa irabazi zuen proiektuetako bat da Gasteiz 1200, defentsa amaigabea eleberri grafikoa. Aritz Ibarra Agirrezabal ilustratzaileak buru-belarri marrazten eman ditu azken hilabeteak. Baina, azkenik, datorren azaroaren 17an, ostegunean, bere lanak argia ikusiko du, Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan 19:00etan egingo duten aurkezpen ofizialarekin.

 

Ilustratzaile gasteiztarrak, Fernando Sanchez Aranaz historialariaren (gidoilari gisa), Nabarralde Fundazioaren eta Martin Ttipia Kultur Elkartearen laguntzarekin, Gasteizko setioa eta bere testuingurua kontatu ditu komikian.

Historia eta istorioa 1199 eta 1200 urteen bitartean kokatuta daude: orduan, Alfontso VIII.ak gidatutako Gaztelako Erresumaren armadak Nova Victoria (Gasteiz) hiri nafarraren aurkako erasoaldia burutu zuen, Nafarroako Erresumaren mendebaldeko lurrak konkistatzeko kanpainaren barruan, Antso VII.a Nafarroakoaren garaian.

Azkenean Gasteizek kapitulatu egin zuen, Nafarroako erregearen baimenaz, baina lehenago konkistari aurre egin zion. "Gasteiztarrek suharki defendatu zuten hiria, nafarrak izaten jarraitzeko, bertan gotortuz eta setioa zortzi edo bederatzi hilabetez luzatuz", gogora ekarri dute egileek, beren asmoa irakurlea defentsa ikaragarri horretan murgiltzea dela azpimarratuz: "Gorde data zure egutegian, eta murgil zaitez gurekin nafartarron etorkizuna zeharo aldatu zuen gertaera latz bezain epiko honetan".

Komikia ez da izango labetik aterako den bakarra; izan ere, soinu-banda eta guzti argitaratuko dute. Gasteiz 1200, defentsa amaigabea azaroaren 17ko aurkezpenaren ostean erosi ahal izango da, 20 euroko prezioan; laster emango dituzte salmentaren inguruko xehetasun guztiak. Bere garaian crowdfunding kanpainan ekarpena egin zutenek, berriz, dagokien alea jaso ahal izango dute aurkezpenaren egunean, laguntza eskertzeko materialarekin batera.

Gasteizko aurkezpenaren egun berean, Donostiako Okendo Kultur Etxean ere egingo dute aurkezpena, 19:00etan. Hurrengo asteetan, gainera, Hernanin, Algortan, Iruñean eta Durangon ere izango dira komikiaren egileak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago