Eleberri grafiko bat, fanzine-erakusketa bat eta websail bat hautatu ditu Batera deialdiak

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 19:30

Irabazleak, Oihaneder, Gauekoak, Laboral Kutxa eta Vital Fundazioko ordezkariekin.

Aritz Ibarraren Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea eleberri grafikoa, Sandra Salazarren Idi-gosea fanzine eta erakusketa, eta XUP! antzerki taldearen Beita websaila dira crowdfunding kanpainak abiatzeko Batera deialdian aukeratutako proiektuak.

Ostegun honetan, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak programak iazko urrian martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin diru laguntza deialdiaren proiektu irabazleak aurkeztu dituzte. Hiru proiektuek crowdfunding kanpaina bana jarriko dute martxan, eta, gainera, 2.000 euroko ekarpena jasoko dute antolatzaileen, Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren eskutik.

Proiektuen sustatzaileek hilabete inguru pasa dute ideia bakoitza egikaritzeko crowdfunding-a prestatzen, aholkularitza jasota. Itsulapikoa.eus plataforman kanpainak gaur abiatuta, 40 egun izango dituzte beharrezko dirua biltzeko.

Uxue Ruiz de Arkaute Oihanederreko ordezkariak hiru lanen "orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezaketen interesa" azpimarratu du. Honako hauek izan dira epaimahaiak aukeratutako proiektuak:

  • Gasteizko proiektu onena: Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea, Aritz Ibarraren eleberri grafikoa. Diru laguntza Oihaneder-Gauekoak bikotearen eskutik. Beharrezko dirua: gutxienez 4.500 euro. Diru kopuru optimoa: 6.500 euro. 
  • Arabako proiektu onena: Idi-gosea, Sandra Salazarren fanzinea eta erakusketa. Diru laguntza Vital Fundazioaren eskutik. Beharrezko dirua: gutxienez 3.000 euro. Diru kopuru optimoa: 6.000 euro. 
  • Euskal Herriko proiektu onena: Beita, XUP! antzerki taldea Aitor Gomezen websail proiektua. Diru laguntza Laboral Kutxaren eskutik. Beharrezko dirua: gutxienez 3.000 euro. Diru kopuru optimoa: 10.000 euro. 

Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea eleberri grafikoa

Aritz Ibarrak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea izenburuko eleberri grafikoa egin nahi du. Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri bat ezagutaraztea helburu du proiektuak: 1200. urtean tropa gaztelarrek Nova Victoria (Gasteiz) hiri nafarra konkistatu zuten, eta bertako hiritarren eta euskaldunen herriaren etorkizuna errotik aldatu zuten. Garai hartako gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, eta horrela hiriaren setioak 8-9 hilabete iraun zuen.


Idi-gosea fanzine eta erakusketa

Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak aztertuko ditu. Bi ataletan banatuta egongo da: fanzinea eta erakusketa. Fanzinean nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak aztertuko ditu, argazkiekin eta aldizkarietako hitzekin egindako collage-n bidez. Erakusketan fanzineko collage-ak izango dira hainbat informazio osagarrirekin.


Beita websaila

Taldean aurkeztu du bere proiektua XUP! antzerki taldeak, eta Aitor Gomez dabil ordezkari lanetan: Beita proiektuak hamabost minutuko zortzi ataleko websaila izan nahi du, eta eduki osagarriez lagundua argitaratu. Proiektu digital eta transmedia izango da, beraz, zortzi atalak oinarri digital batean izango dira eskuragarri. Ikuspegi gazte eta feminista batetik sortutako lana da, gazteok gazteontzako eta euskaraz sortua; misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago