Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean ospatuko den Euskaraldia gainean dugu. Dagoneko hainbat arigune osatu dira, eta orain, entitateen izen-ematea itxita, oraindik egin ez duten norbanakoek ahobizi eta belarriprest rolak aukeratzeko txanda da; euskaraldia.eus webgunearen bitartez egin dezakete oraindik.
Behin izena emanda edo aurreko edizioetako parte-hartzea berretsitakoan, txapak jasotzeko unea izango da. Horretarako, norbere auzoko gizarte etxera edo Montehermoso eraikinera hurbildu eta bertan eskatzea besterik ez da egin behar; bakoitzak aukeratutako rolaren txapa jaso ahal izango du bertan.
Gasteizen, Euskaraldia sustatzeko batzordeak osatu dira hainbat auzotan. Orain arte, ariguneak lortzeko lanketan jardun dute buru belarri, eta hemendik aurrera norbanakoen izen-ematea sustatzen jardungo dute. Lanketa horretan laguntzeko, auzoetan zenbait ekitaldi jarri dituzte martxan, eta ekitaldi horietan guztietan egongo da Euskaraldiaren inguruko informazioa biltzeko aukera:
- Azaroak 10: Mintzodromoa + Mintzapoteoa, 18:00, Judimendiko Sumendi Espazioan.
- Azaroak 11: Ane Gebara + Txokolatada, 17:30, Iparralde Gizarte Etxean.
- Azaroak 11: Salburuan Euskara Plazara, 17:30, Ekialdeko Parkean.
- Azaroak 11: Euskaraldiskoa, 18:00, Abetxuku Ikastolan.
- Azaroak 18: Elssie eta Dekker + Txokolatada, 17:30, Hegoalde Gizarte Etxean.
- Azaroak 18: Euskaraldiskoa, 18:00, Salburua Gizarte Etxean.
Azaroko bigarren hamabostaldirako, beste auzo batzuetan ere antolatuko dira ekintzak, eta horien berri ematen joango da Gasteizko Euskaraldia.
Euskaraldiaren hasierako jaia
Gainera, Euskaraldia hasi aurreko egunean, azaroren 17an, Euskal Herriko hiriburu guztietan ekintza bateratu bat antolatuko dute. Bakoitza bere hiriburuan, baina denok elkar hartuta, orain arte auzo eta herrietako batzordeek egindako lana eskertu, izena emandako ariguneak hauspotu eta ahobizi zein belarriprest guztiak gonbidatuko dituzte, giro onean eta elkarrekin, txapa jartze bateratu bat egitera.
ETBk zuzeneko emankizuna plazaratuko du hiriburu guztietako ekitaldiak tartekatuz. Hona hemen Gasteizko ekitaldiaren xehetasunak:
AZAROAK 17, OSTEGUNA
Euskaraldia Gasteizko ekitaldi nagusia
Andre Mari Zuriaren plaza
- 18:00 Ipurbeltz kale antzerkia, Nai eta Ameztu Produkzioaken eskutik
- 19:00 Ekitaldia
- 19:30 Txapa jartzea eta argazkia
- 19:40 DJ Malandro ibiltaria, Eraman Koop-en laguntzarekin
- 21:00 MICE kontzertuan, Hala Bedi tabernan, Lautada disko berriaren zuzeneko aurkezpenean
EGITARAUAK