Fournierreko langileek Gasteizko erdigunera eraman dute protesta

Erredakzioa 2022ko urr. 24a, 11:00

Fournierreko langileen manifestazioa, Gasteizko Alde Zaharrean barrena. / Argazkia: ELA

Hiru greba egunen ostean, Fournierreko langileek manifestazioa egin dute larunbatean, Gasteizko Alde Zaharra zeharkatuz. Hitzarmen berrirako negoziazioaren "blokeoa" salatu eta KPIaren araberako soldata igoerak exijitu dituzte.

Heraclio Fournier karta fabrikako langileek grebara jo dute urrian, hiru lanuzte —hilaren 13an, 18an eta 20an— eta plantillaren %90eko jarraipenarekin. Gainera, joan den larunbatean, manifestazioa egin zuten Gasteizko Alde Zaharrean barrena, Aiztogile kaleko Karta Museotik abiatuta.

ELA eta LAB sindikatuek datozen bi urteetan KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea eskatu dute. Izan ere, oinarrizko soldata %3 baino ez da igo 2013tik, KPIa inoizko handiena den arren (2021ean, %6,5ekoa); horrez gain, gainerako igoerak ez dira inoiz kontsolidatu. Horrez gain, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatu dute, aurrerapausorik eman ezean mobilizazioak areagotuko dituztela ohartaraziz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago