ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, Heraclio Fournierreko langileen oinarrizko soldata %3 baino ez da igo, KPIa inoizko handiena den arren (2021ean, %6,5ekoa); horrez gain, gainerako igoerak ez dira inoiz kontsolidatu.
"Arabako enpresa historikoa da, erreferentea munduan, eta urtez urte irabaziak dituena. Baina langileak etengabe probretzen ari dira, eta igoerak langileen kontrolpetik kanpo dauden beste aldagai ekonomiko batzuen menpe daude", salatu dute.
Egoera horren aurrean, enpresa batzordeko bi sindikatuek hiru lanuzte deitu dituzte urrirako: lehenengoa gaur egin dute, %90eko jarraipenarekin; hurrengoak hilaren 18an eta 20an izango dira, txanda bakoitzeko bi.
Protesta horiekin, datozen bi urteetan KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea eskatuko dute. "Langileen erosahalmena bermatzea marra gorria da enpresa hitzarmenaren negoziazioan", ohartarazi dute.