Ara Malikian Gasteizen izango da abenduaren 30ean, Aitzina Folk jaialdian

Erredakzioa 2022ko urr. 11a, 13:40

Ara Malikian, jatorri armeniarreko biolinista libanoarra. / Argazkia: AITZINA FOLK

Ara Malikian biolinista ospetsua urritik urtarrilera ospatuko den Aitzina Folk jaialdi solidarioan izango da, besteak beste, John McCusker, Mike McGoldrick, Muireann Nic Amhlaoibh, El Naan, Kuttune, Ana Alcaide, Pärbo eta Alos Quartet-ekin batera.

Azaroko eta abenduko asteburuetan eta urriaren 4ko azken kontzertu batekin ospatuko den Aitzina Folk jaialdi solidarioaren X. edizioa urriaren 15ean, larunbatean, 19:00etan aurkeztuko dute, Gasteizko Santa Maria Katedralean antolatutako kontzertu batean.

Karlos Subijanaren emanaldi berezia izango da larunbatekoa, hainbat artistak lagunduta: Xabier Martinez de Otxagabia (biolina), Iñaki Alarcia (perkusioa), Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte (Oreka TX), Patxi Villen (gitarra eta uilleann pipe), Eneko Espino (txistua), Ainara Moreno (harpa), Gorka Bravo (zarrabetea), Jimmy Bidaurreta (teklatua), Maria Jesus Artetxe (ahotsa), Iñigo Lopez de Santiago (trikitixa) eta Jose (gitarra). Kontzertu bakarra izango da, sarrera librekoa aretoa bete arte.

Hamasei kontzertu eta jarduera osagarri izango dira aurtengo edizioan. Emanaldiak Euskal Herriko zein nazioarteko taldeen eskutik iritsiko dira, eta, horien artean, abenduaren 30ean Mendizorrotzeko Kiroldegian Ara Malikian biolinistak emango duen kontzertua nabarmentzen da:

 

  • Azaroak 19, larunbata: Kalejira bat Gasteizko erdigune historikoan zehar, 11:30etik aurrera.
  • Azaroak 25, ostirala, 19:00etan Beñat Etxepare Antzokian: John McCusker biolinista, ekoizle eta konpositorea, eta Mike McGoldrick flauta jotzaile handia. Normalean Mark Knopflerrekin jotzen duen bikote eskoziarra.
  • Azaroak 26, larunbata, 19:00etan Beñat Etxepare Antzokian: Irlandatik, Muireann Nic Amhlaoibh abeslari eta flauta jotzaile sarituaren hirukotea; irrati eta telebistako ohiko aurkezlea ere bada.
  • Azaroak 27, igandea, 12:00etan Beñat Etxepare Antzokian: Aragoiko Titiriteros de Binéfar taldearen txiki-folk emanaldia; txikientzako eta familia osoarentzako kontzertua.
  • Abenduak 3, larunbata, 19:00etan Felix Petite Antzokian: Palentziako El Naan taldearen zuzeneko indartsua, poesia garaikidearekin eta antzinako instrumentuekin uztartuta.
  • Abenduak 4, igandea: 12:00etan Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, Folk eta Herrikoi Musika Eskolen VII. Topaketa; eta 19:00etan Felix Petite Antzokian Atlantic Folk Trio hirukotearen (Gaztela eta Leon) kontzertua.
  • Abenduak 9, ostirala, 19:00etan Felix Petite Antzokian: Kuttune euskal taldearen emanaldia.
  • Abenduak 10, larunbata, 19:00etan Felix Petite Antzokian: Ana Alcaide Toledoko nyckelharpista eta biolinista bikaina; jaialdian errepikatuz, bere seigarren albuma aurkeztuko du, Reza Shayesteh musikari irandarraren laguntzarekin. Zuzeneko honetan, musika, poesia, dantza eta bideo-proiekzioak elkartzen dira, zentzumen-ikuskizun paregabea sortzeko.
  • Abenduak 11, igandea, Felix Petite Antzokian: 12:00etan La Chica Charcos-en txiki-folk emanaldia, familia osoarentzat; eta 19:00etan Trivium Klezmer Aragoiko hirukotearen kontzertua.
  • Abenduak 17, larunbata, 19:00etan Beñat Etxepare Antzokian: Pärbo bikote galiziarraren emanaldia.
  • Abenduak 30, ostirala, 19:00etan Mendizorrotzeko Kiroldegian: mundu mailako ospea duen Ara Malikian jatorri armeniarreko biolinista libanoarraren emanaldia.
  • Urtarrilak 4, asteazkena, 20:30ean Principal Antzokian: Alos Quartet & Lagunak, bi hamarkadako ibilbidea egina duen Euskal Herriko laukotearen kontzertu berezia, Aitzina Folk jaialdiaren hamargarren edizioari agur esateko, lagunez inguratuta: besteak beste, Amak taldeko neskak, Tarna Leongo bikotea, Juan Mari Beltran, Ana Alcaide, Bill Cooley, Oreka TX, Gorka Bravo Barreiro, Karlos Subijana, Jose Manuel Tejedor Asturiasko gaitaria, Koldo Uriarte pianista arabarra, Jimmy Bidaurreta, Garazi Egiguren, Azaitz Unanue eta Auzaga.
Aitzina Folk jaialdiaren X. edizioaren aurkezpena. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

 

Tailerrak eta Kepa Junkeraren dokumentala

Musika proposamenez gain, Aitzina Elkarteak jarduera osagarriez beteriko programazio oparoa prestatu du: besteak beste, askotariko tailerrak izango dira (zanfona, biolina edo harpa, txalaparta, uilleann pipe, irrintziak eta dantzak), eta Kepa Junkerari buruzko Berpiztu dokumentalaren proiektatuko dute, irailean Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean.

Sarrerak

Jarduera guztietarako sarrera eskaintzen duten 50 abonamendu jarriko dituzte salgai, bi preziotan: 80 eta 120 euroan. Abonamendu horiek eta banakako sarrerak (5 eta 60 euro arteko prezioekin) www.aitzinafolk.org webgunean eskura daitezke dagoeneko.

Folka eta elkartasuna

Urtez urte hazten joan den jaialdia da Aitzina Folk, baita pandemia garaian ere. Folk kultura eta musika tradizionala babestuz, helburu solidario bat betetzeko jaio zen duela hamarkada bat: ataxia telangiektasiarako (AT) sendabidea edo tratamendua bilatzen duten ikerketa proiektuak finantzatzeko dirua biltzea. Jaialdia boluntarioek kudeatzen dute, beren denbora eta ahalegina eskainiz.

Ataxia telangiektasia gaixotasun arraroa, genetikoa eta neurodegeneratiboa da. Oraindik ez du sendabiderik, eta Euskal Herrian gaitzak eragindako bi mutil daude; Espainiako estatu osoan, 40 haur eta gazte inguru.

Azken edizioan, antolatzaileek 30.000 euroko diru bilketa lortu zuten, gaur egun Aefat elkartea finantzatzen ari den ikerketa proiektuei zuzenean laguntzeko. Elkarte horrek estatu mailako pazienteak eta familiak biltzen ditu 2009tik.

Aurreko bederatzi edizioetan, 140 talde eta artista baino gehiago igaro dira jaialdiaren agertokietatik; 35.000 ikusle baino gehiago bildu dira (3.500 inguru 2021ean); eta 240.000 euro baino gehiago bildu dituzte gaixotasuna ikertzeko. "Gure seme-alaben gaixotasuna ikertzeko dirua biltzeko ekitaldi solidario nagusia da Aitzina Folk", aldarrikatu du Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide