Aurtengo lehen kontzertuak iragarri ditu Aitzina Folk jaialdiak

Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 19:30
Besteak beste, El Naan taldea arituko da jaialdian abenduaren 3an. / Argazkia: AITZINA FOLK

Urte amaieran ospatuko da Aitzina Folk jaialdi solidarioaren X. edizioa. Urriaren 15ean kontzertu batekin aurkeztuko duten programazioaren lehen baieztapenak John McCusker, Mike McGoldrick, Muireann Nic Amhlaoibh, El Naan eta Ana Alcaide dira.

Azaroko eta abenduko asteburuetan ospatuko den Aitzina Folk jaialdi solidarioaren X. edizioak bere programazio osoa aurkeztuko du urriaren 15ean, larunbatean, 19:00etan Gasteizko Santa Maria Katedralean antolatutako kontzertu batean.

Karlos Subijanaren emanaldi berezia izango da, hainbat artistak lagunduta: Xabier Martinez de Otxagabia (biolina), Iñaki Alarcia (perkusioa), Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte (Oreka TX), Patxi Villen (gitarra eta uilleann pipe), Eneko Espino (txistua), Ainara Moreno (harpa), Gorka Bravo (zarrabetea), Jimmy Bidaurreta (teklatua), Maria Jesus Artetxe (ahotsa), Iñigo Lopez de Santiago (trikitixa) eta Jose (gitarra). Kontzertu bakarra izango da, sarrera librekoa aretoa bete arte.

Bertan, jaialdiaren urteurren borobila ospatzeko prestatu dituzten hamabost kontzertu eta jarduera baino gehiago aurkeztuko dituzte. Euskal Herriko zein nazioarteko taldeen emanaldiak izango dira, eta, horietako lau aurreratu dituzte momentuz:

  • Azaroak 25, ostirala: John McCusker biolinista, ekoizle eta konpositorea, eta Mike McGoldrick flauta jotzaile handia. Normalean Mark Knopflerrekin jotzen duen bikote eskoziarra.
  • Azaroak 26, larunbata: Irlandatik, Muireann Nic Amhlaoibh abeslari eta flauta jotzaile sarituaren hirukotea; irrati eta telebistako ohiko aurkezlea ere bada.
  • Abenduak 3, larunbata: Palentziako El Naan taldearen zuzeneko indartsua, poesia garaikidearekin eta antzinako instrumentuekin uztartuta.
  • Abenduak 10, larunbata: Ana Alcaide Toledoko nyckelharpista eta biolinista bikaina; jaialdian errepikatuz, bere seigarren albuma aurkeztuko du, Reza Shayesteh musikari irandarraren laguntzarekin. Zuzeneko honetan, musika, poesia, dantza eta bideo-proiekzioak elkartzen dira, zentzumen-ikuskizun paregabea sortzeko.

Folka eta elkartasuna

Urtez urte hazten joan den jaialdia da Aitzina Folk, baita pandemia garaian ere. Folk kultura eta musika tradizionala babestuz, helburu solidario bat betetzeko jaio zen duela hamarkada bat: ataxia telangiektasiarako (AT) sendabidea edo tratamendua bilatzen duten ikerketa proiektuak finantzatzeko dirua biltzea. Jaialdia boluntarioek kudeatzen dute, beren denbora eta ahalegina eskainiz.

Ataxia telangiektasia gaixotasun arraroa, genetikoa eta neurodegeneratiboa da. Oraindik ez du sendabiderik, eta Euskal Herrian gaitzak eragindako bi mutil daude; Espainiako estatu osoan, 40 haur eta gazte inguru.

Azken edizioan, antolatzaileek 30.000 euroko diru bilketa lortu zuten, gaur egun Aefat elkartea finantzatzen ari den ikerketa proiektuei zuzenean laguntzeko. Elkarte horrek estatu mailako pazienteak eta familiak biltzen ditu 2009tik.

Aurreko bederatzi edizioetan, 140 talde eta artista baino gehiago igaro dira jaialdiaren agertokietatik; 35.000 ikusle baino gehiago bildu dira (3.500 inguru 2021ean); eta 240.000 euro baino gehiago bildu dituzte gaixotasuna ikertzeko. "Gure seme-alaben gaixotasuna ikertzeko dirua biltzeko ekitaldi solidario nagusia da Aitzina Folk", aldarrikatu du Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide