Enpresa Lasterketa bueltan izango da urriaren 15ean

Erredakzioa 2022ko urr. 7a, 10:00
Enpresa Lasterketaren aurreko edizio bat. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Vital Egunean Gasteizko erdigunera itzuliko da Enpresa Lasterketa. 18:00etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik, bost kilometroko zirkuitua izango du, eta Arabako enpresetako 600 ordezkarik parte hartuko dute.

Urriaren 14an eta 15ean ospatuko den Vital Egunaren barruan, ekitaldi nagusietako bat izango da Enpresa Lasterketaren XX. edizioa. Hiriko erdiguneko kaleetan zehar egin ohi duen ibilbidea berreskuratuko du larunbatean. Hirigune historikoa eta oinezkoen kaleak zeharkatuko dituen proba tradizional hau Vital Fundazioak eta Ascentiumek antolatzen dute, Aldundiaren eta Arabako Parke Teknologikoaren laguntzarekin. Probak bi hamarkada bete dituen arren, azken urteetan Vital Egunaren barruan antolatu dute; formatu horretan egingo den laugarren edizioa da aurtengoa. 

Aurten, lurraldeko 60 enpresa baino gehiagoren ordezkari diren 600 lasterkari inguru espero dituzte: bi, hiru edo lau kideko taldetan; maskulinoak, femeninoak edo mistoak. Talde espiritua indartzeko, irteera, ibilbidea eta helmuga elkarrekin egin beharko dituzte talde bereko korrikalariek.

Lasterketa bost kilometroko zirkuitu batean egingo da, eta 18:00etan abiatuko da Posta kaletik, Andre Maria Zuriaren plazan amaitzeko. Kategoria bakoitzeko lehen bi sailkatuak eta parte-hartzaile gehien dituzten hamar enpresak sarituko dituzte.

Izen-emateak zabalik jarraitzen du www.fundacionvital.eus webgunean, urriaren 13ra arte. Bi laguneko taldeek 30 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko; hiru taldekidekoek, berriz, 45 euro; eta lau kideko taldeen kasuan, 60 euro. Dortsalak Vital Fundazio erakusketa-zentroan banatuko dituzte urriaren 14an, ostiralean, 18:00etatik 20:30era, eta urriaren 15ean, larunbatean bertan, 10:30etik 13:00etara bitartean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide