Natos y Waor Gasteizen izango dira, Vital Egunaren barruan

Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 12:30
Natos y Waor madrildarrak une honetako rap talde garrantzitsuenetako bat da. / ALEA

Urriaren 14an eta 15ean, Vital Egunak Natos y Waor taldearen doako kontzertua eskainiko du. Beraiekin izango dira La Furia eta DJ Canyn. Asteburuan zehar, kale ihes-jokoa, martxa solidarioa eta Enpresa Lasterketa izango dira, baita Kantu Kolore ere, Laudion eta Murgian.

Beren abesti eta bideoen erreprodukzio kopuruekin (1.500 milioitik gora) eta disko bakoitzarekin gehien saldutakoen zerrendetan izanik, Natos y Waor bikotea Espainiako estatuko rap talde garrantzitsuenetako bat bihurtu da azken urteetan. Gaur egun, jaialdi handi gehienetan aritzen dira, eta kaleratu berri duten Luna llena diskoaren barruan Gasteizen geldialdi bat egingo dute, hilaren 15ean.

Izan ere, urriaren 14an eta 15ean ospatuko da Vital Eguna ekimenaren aurtengo edizioa, ekitaldi jasangarri gisa Erronka Garbia ziurtagiria berrituz. Ostiral eta larunbatean, musika protagonista izango duen programazioa eskainiko du Vital Fundazioak, "Arabako gizartearekin alaitasuna eta dibertsioa partekatzeko asmoz". Baina musika ez da jarduera bakarra izango; izan ere, kale ihes-joko berritzaile bat, gaueko martxa solidarioa eta Enpresen Lasterketa ere izango dira, familian, lagunartean zein lankideekin gozatzeko. Gainera, Laudion eta Murgian ere musika jarduerak izango dira.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta izen-emateak www.vitaleguna.eus webgunearen bitartez egiteko aukera zabalik da jada.

 

Larunbat musikala

Zalantzarik gabe, eskaintza musikala izango da jarduera erakargarriena. Izan ere, aurreikus daitekeenez, milaka lagun bilduko dira Foru plazako kontzertuetan, urriaren 15ean, larunbatean. Natos y Waor rap bikote madrildar arrakastatsua 22:00etan igoko da oholtzara, baina plaza girotzeko laguntza izango dute: 19:00etan hasiko da musika, DJ Canyn-en eskutik; ondoren, 20:00etan, Nafarroatik, La Furia rap oldarkor, borrokalari eta feministaren erreferentearen txanda izango da; 21:00etan, madrildarrek plaza sutan jarri aurretik, DJ Canyn-ek arinduko du itxaronaldia.

Porta Inferi kale ihes-jokoa

Aurtengo edizioaren proposamenik berritzaileena Porta Inferni kale ihes-jokoa izango da. Kondaira batean oinarrituta dago, eta abentura 80. hamarkadan hasten da, Gasteizen zegoen infernurako ate bat irekitzen denean. Sorgin batek hiriko puntu zehatzetan eskultura bereziak kokatuz zigilatzea lortu du. Gaur egun, zigilatzeak huts egiten ari dira eta atea ireki daiteke. Abentura ekintza azkarreko taldeak bidaltzean datza, infernua aska ez dadin.

Jarduera hamar pertsona arteko taldeentzako da, 14 urtetik gorakoentzat, eta parte hartu nahi dutenek Vital Egunaren webgunean eman dezakete izena. Hamar txanda egongo dira: ostiralean, hilak 14, 18:00etan, 19:30ean, 20:30ean, 21:30ean; eta larunbatean, hilak 15, 10:00etan, 11:30ean, 12:30ean, 16:00etan, 17:30ean eta 18:30ean.

Gaueko Martxa Solidarioa

Vital Eguneko klasikoetako bat Gaueko Martxa Solidarioa izango da aurten ere, jendeak gehien espero duen jardueretako bat. Aurten Armentiako basora itzuliko da, zortzi kilometroko ibilbidean zehar, Vital Estadio Fundazioaren instalazioetan (Cervantes ibilbidearen 20. zenbakian) irteera eta helmuga izango direlarik. Ostiralean, hilaren 14an, 20:00etan izango da.

Partaide bakoitzeko, Vital Fundazioak diru kopuru bat emango dio Elikagaien Arabako Bankuari, eta irteeran kausa solidario horretan parte hartu nahi dutenen dohaintzak jasoko dira. Zero lerroa ere egongo da, eta ekarpenak egin daitezke Kutxabanken bidez: ES58 2095 3153 6191 1448 407 kontura banku-transferentzia eginez, edo Bizum bidez 00025 kodea erabiliz.

Enpresa Lasterketak 20 urte

Beste jarduera bat Enpresa Lasterketa izango da, herri-lasterketen zaleentzat ezinbesteko hitzordu bihurtu dena eta Gasteizko erdigunera itzuliko dena, hilaren 15ean, larunbatean, 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Bi hamarkadaren ondoren, azken lau edizioetan Vital Egunarekin batera antolatu da. Parte-hartzaileen artean jarrera osasungarria sustatzea du helburu, kirol espiritua eta lan espiritua uztartuz.

Bost kilometroko zirkuitua du, eta enpresen ordezkari diren bi, hiru edo lau laguneko taldeek har dezakete parte. Izen-emateak zabalik daude www.vitaleguna.eus webgunean.

'Kantu Kolore', Laudion eta Murgian

Arabako beste udalerri batzuetara ere iritsiko da Vital Eguna. Larunbatean, hilaren 15ean, Kantu Kolore ikuskizuna Laudioko Alberto Acero plazan izango da, 12:30ean; baita Murgian ere, 18:30ean Bea-Murgia plazan.

Kantu Kolore 2015ean jaiotako taldea da, 20 urtetik gorako esperientzia duten musikarien batasunetik, eta lehen hezkuntzako eskola umeei zuzendutako musika proiektu bat sustatzen dute. Helburua musikaren bidez ikastea da, nolabaiteko eduki didaktikoa duten abestiak proposatuz. Horrela, haurrek gozatu egiten dute eta abestuz, dantzatuz eta, batez ere, ondo pasatuz barneratzen dituzte ezagutzak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide