Gasteizko Irakurle Kluba: 20 urte eta aurrera

Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 20:00

Irakurle Kluba bere 20. urtemuga ospatzeko bildu zen GEU Festaren egunean. / ALEA

Hogei urte bete berri dituen Gasteizko Irakurle Klubean bederatzi liburu irakurri eta eztabaidatuko dituzte ikasturte honetan, urritik ekainera bitartean. Lehenengo saioa urriaren 27an egingo dute, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea nobelaren inguruan.

Gasteizko euskal komunitateak bi urtemuga ospatu zituen urriaren 1ean, iragan larunbatean, GEU Fest jaialdiaren barruan: alde batetik, 30 urteko ibilbidea ospatu eta bere komunitatea bildu zuen GEU Elkarteak; bestalde, GEUrekin eskutik helduta, Gasteizko Irakurle Klubak bere 20. urteurrena ospatu zuen.

Iban Zalduak koordinatutako Irakurle Klubaren ospakizunean, Karmele Jaio, Rikardo Arregi eta Edu Zelaieta idazle gasteiztarrek hartu zuten lehen hitza, beren liburu kuttunenei buruz aritzeko. Ondoren, Zalduak berak hitz egin zuen, 2022/2023 ikasturterako asmoen berri eman eta aurtengo programazioa aurkezteko. Amaieran luntx bat egin aurretik, bi hamarkada hauetan jorratu dituzten liburuen erakusketa inauguratu zuten, Ignacio Aldecoa Kultur Etxean bertan.

Orain, ospakizunen ostean, iritsi da aurtengo programazioa zabaltzeko ordua, Irakurle Klubeko kideen zein klubarekin inoiz harremana izan duten guztien artean, parte hartzeko gonbidapenarekin batera. Bilerak hileko azken ostegunetan egin ohi dituzte, abenduko eta apirileko salbuespenekin, jaiegunak direla eta. Saio guztiak, kontrako abisurik ez badago, 19:30ean izango dira, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko Amaritu aretoan; aukera izanez gero, liburu bakoitzaren egilea edota itzultzailea gonbidatzen saiatuko dira.

Parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, eta bakoitzaren esku dago zein saiotara joan erabakitzea: "Guztietara, batera, zenbaitetara, bakarrik interesatzen zaizkizun liburuenetara... Baldintza bakarra dago: liburua irakurrita ekartzea, eta, horrekin batera, haren gainean hitz egiteko eta eztabaidatzeko gogoa", azaldu du Iban Zalduak.

Lehenengo saioan Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea eleberria izango da protagonista, urriaren 27an, ostegunean, 19:30etik aurrera. "Beraz, joan liburua lortzen, irakurtzen, eta zure abilezia dialektikoak zorrozten, egun horretarako", ohar egin dute.

Gainera, Irakurle Klubeko zerrendako liburuetan deskontua lortzeko aukera dago Gasteizko Zuloa liburu dendan, horretarako dela esanda (horretarako baldin bada, noski).

Egitaraua

Honako hauek dira aurten irakurri eta eztabaidatuko dituzten liburuen zerrenda:

  • Urriak 27, osteguna: Arantxa Urretabizkaia, Azken etxea, Pamiela 2022.
  • Azaroak 24, osteguna: Anton Txekhov, 31 ipuin, Elkar 2022.
  • Abenduak 22, osteguna: Fermin Etxegoien, Totelak, Erein 2021.
  • Urtarrilak 26, osteguna: W.G. Sebald, Austerlitz, Igela 2022.
  • Otsailak 23, osteguna: Jack Kerouac, Errepidean, Pasazaite 2018.
  • Martxoak 30, osteguna: Arrate Egaña, Itzalen distira, Erein 2022.
  • Apirilak 20, osteguna: Edna O'Brien, Landa aldeko neskak, Erein-Igela 2022.
  • Maiatzak 25, osteguna: Jon Benito, Lagun minak, Farmazia Beltza 2022.
  • Ekainak 29, osteguna: Uxue Apaolaza, Bihurguneko nasa, Susa 2021.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago