Pintada matxistak

Erasorik ez erantzunik gabe

Ane Pedruzo 2022ko urr. 6a, 09:21

Pintada matxistaren gainean egindako ilustrazioa, Salburuko gizarte etxean. / C.Mattos eta A. Saenz de Buruaga

'Stop Feminazis' moduko esaldi matxistak eta svastikak. Horrela "atondu" zuen norbaitek Salburua gizarte-etxeko gizonen komuna. Erasoari aurre egiteko askotariko ekintzak egin dira, bi ilustratzaile feministen eskutik pintadak estali eta egoera ikusarazteko horma-irudi esanguratsua sortzeraino.

Lehen pintadak maiatzaren hasieran agertu ziren: Stop Feminazis eta svastikak. Jatorrizko margoarekin estali eta gutxira, berriz agertu ziren. Ostera errespetua eskatuz jarritako kartelei erantzunez, Feminismo garaikideak aurrez aurre jartzen gaitu esaldia (gazteleraz) eta svastika gehiago agertu ziren.

Erasotzailea berrerorlea zela ikusita, auzia lantalde bilera batera eraman, eta egoerari aurre egiteko bestelako aukerak hausnartzen hasi ziren. Gizarte-etxeko elkartze aretoko arduradunak proposatutakotik tiraka hasi ziren orduan: aniztasunaren kontrako pintadak janari-irudi bihurtzen dituen Cibo goitizenaz ezagunagoa den Pier Paolo Spinazzè artista italiarraren lanaren ildoko zerbait egitea. "Ideia hura izan zen proiektuaren hazia", azaldu du Nuria Amabizka gizarte-etxeko koordinatzaileak.

Horiek horrela, Ania Saenz de Buruaga eta Carolina Mattos artista feministekin harremanetan jarri ziren esku-hartze artistikoa egiteko proposatuz. Biek ala biek gogoz heldu zioten proposamenari. Saenz de Buruaga artista gasteiztarrak matxismoaren kontrako sentsibilizazio lanak egin ohi ditu, baina aitortu duenez, sekula ez du "horren erantzun zuzena eta potentea" emateko proposamenik jaso. "Gainera, gizarte-etxe batetik, ez nuen espero! Oso zorioneko sentitu nintzen gonbitea jasotzean, parte hartu nahi nuen dudarik gabe! Erronka zoragarria iruditu zitzaidan. Ez genuen hainbesteko askatasuna eta ausardia espero. Goraipatzekoa da gizarte-etxeko langileen jarrera: alaitasuna, emozioa eta babesa. Jarrera hori kutsatu egiten da eta eskertzekoa da". Sorkuntza prozesuan bidaide izan duen Carolina Mattos ilustratzaile argentinarrak gehitu duenez, proposamena ondo hausnartua zegoela agerikoa zen. "Pintadak gelditzeko saiakera desberdinak egin ondoren, ez zuten arazoa bere horretan utzi, estaltzeko modu sortzaileak irudikatzen jarraitu zuten. Horrelako mezu erasokorrak leku askotan agertzen dira –kaleetan, komunetan…– eta garrantzitsua da ez naturalizatzea". 

Zoritik haragoko erasoa

Nuria Amabizka Salburua gizarte-etxeko koordinatzailea da 2015ean ateak ireki zituenetik. Azaldu duenez, azken urteetan gizarte-etxearen kanpoko hormetan zenbait grafiti agertu izan dira, baina behin ezabatuta ez dira berriz azaldu. Dioenez, eraso hau desberdina izan da. "Argi genuen bestelako erantzun bat behar zela".

Pintaden nolakotasuna kontuan hartuta, Saenz de Buruaga artista gasteiztarraren aburuz, ez du ematen "bandalismo hutsa" denik. Ez zaio iruditzen feminismoari buruzko informaziorik ez duen pertsona batek egina denik. "Badaki, edo zerbait entzun edo irakurri du, eta aurrez aurre jartzen gaituela uste du [horrelako esaldiekin]".

"Erasoaren aurrean, komunitate bateratua irudikatu nahi izan dugu"

C. Mattos, ilustratzailea

Ilustratzaile argentinarra, bere aldetik, nazismoaren kontzeptua arinkeriaz erabiltzearen guztiz kontra dago. "Genozida bat bere eskubideen alde borrokatzen ari den biztanleriaren %50arekin alderatzea lekuz kanpo dago. Feminismo garaikidearen kontzeptuari dagokionez, feminismoan betidanik egon dira adar desberdinak, urteekin eraldatzen doan mugimendua da, eta persona bakoitza bere lekua topatzen doa. Ikusi beharko litzateke zein alderditan sentitu den konfrontatua erasotzailea… Askotan pribilegioak kolokan sentitzeak aurrez aurre jartzen gaitu, baina horrek beste izen bat du…".

Ederra bezain irmoa

Ekimen honekin, Salburuko zonaldeko lantaldeak "horrelako erasoek beti ere erantzuna izango dutela berretsi" nahi izan du. "Nonahi agertzen diren mezu matxisten aurrean egon ohi den isiltasuna eteteko akuilu izan dadila". Amabizkak gehitu duenez, "natura eta gorputzak agertzea nahi genuen, ezberdinak garela, eta garen modukoak errespetatuak izan behar garela islatuz".

Mattosen hitzetan, "eraso anonimoak ez zuen elkarrizketarik bilatzen, ezta onartzen ere, eta horren aurrean komunitate bateratu bat irudikatu" nahi izan dute. "Jatorrizko pintadak estali bagenituen ere, gure horma-irudiaren zergatia agerikoa izatea nahi genuen. Mezua argia da: ez dago erantzunik gabeko erasorik, eta erasotzailearen anonimotasun eta oldarkortasunaren aurrean, komunitatean eta solasaldi feminista eta inklusiboan babesten gara". Saenz de Buruagaren ustetan, egindako lana "originala" izateaz gain, balio erantsia dakar: "Horrelako erasoekin nazkatuta eta haserre gaude, baina energia soberan dugu sormena eta koloreak erabiliz ere erantzuteko". Gizarte-etxeko proposamena izateak eta gizarte-etxean kokatua egoteak asko laguntzen duela iritzi du gainera, mezua "lau haizeetara" zabaltzeko, eta "publiko anitzarengana" heltzeko.

Ania Saenz de Buruaga eta Carolina Mattos ilustratzaileak. / Salburuko gizarte etxea

"Energia soberan dugu sormena eta koloreak erabiliz erantzuteko"

A. Saenz de Buruaga, ilustratzailea

Esku-hartze artistikoak Udaleko Berdintasunerako Zerbitzuaren laguntza izan du. Honen esanetan, "funtsezkoa da eraso guztiei erantzuna ematea, baita azpiegitura publikoetan ere. Salburuko gizarte-etxean planteatutako ekimen sortzaileak erreparazioa, sentsibilizazioa eta indarkeria matxistaren aurrean genero-berdintasunaren aldeko apustuari ikusgarritasuna ematen dio". Intentsitatea edozein dela ere, erasoei aurre egiten laguntzen duela gogoratu dute. "Hain beharrezkoa den ahalduntze feminista hauspotzen du, baita genero-berdintasunerantz aurrera egitea ere".

Eta orain?

Koordinatzailearen hitzetan, izaera honetako ekimenen onarpena erabatekoa izateko denbora behar da, eta litekeena da bidean erresistentziak topatzea. "Tamalez, erreakzio txarrak (ere) espero ditugu". Egindako esku-hartzea jendearen gustukoa izatea espero du Saenz de Buruagak, baina baita kontrakoa ere. Dioenez, "zoritxarrez" beti egon dira feminismoaren kontrako pertsonak, eta horma-irudia kontrakotasun horren "erantzun zuzena" izan denez, jarrera hori dutenek are eta okerrago hartzea aukera erreala da. "Imajinatzen dut egin zuenak, edo horrelako pentsaerak dituztenek, gaizki hartuko dutela, borroka pertsonaltzat".

Ekimen artistikoaren eta horren argazki erakusketaren testuinguruan, gizarte-etxeko komunak misto bihurtzeko urratsa egin nahi izan dute, baina momentuz proposamenak ez du biderik egingo. "Legediak ez du aukera hori jasotzen, eta eraikuntza publikoa izanik, aukerak ondo aztertu beharko genituzke ezer egin baino lehen. Gainera, horrelako aldaketa bat bat-batean egitea, inolako parte-hartze prozesurik gabe, gure kontra etor daiteke, beraz, pixkanaka eta kontu handiz joatea komeni da" azaldu du Amabizkak. "Komunak mistoak izango balira, jende askori erraztuko genieke bizimodua. Esaterako, trans kolektiboa hor dago, eta kontuan hartu behar ditugu”", gehitu du. Saenz de Buruagaren iritziz, "komun mistoak ezinbestekoak dira gaur egungo gizarteko errealitateari erantzun egokia emateko eta genero sistema deuseztatzeko".

Bada, komun mistoak, momentuz, ez. Baina Salburuko gizarte-etxeko lantaldea erronka zalea da, eta ikusteke dago etorkizunak zer dakarren. Bien bitartean, gizarte-etxeak Erasorik ez erantzunik gabe: iluntasuna koloreztatzen erakusketa hartuko du azaroaren 6ra arte, eta ostean beste gizarte-etxe batzuetan izango da ikusgai; Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, gainera, Salburuko ludotekan auzoko gazte batzuen artean aukeratutako berdintasunaren aldeko esaldiak jarriko dituzte gizarte-etxeko eskaileretan. Txarrenari onena aterata, aurrera!

Maiatza hasieran agertu ziren lehen pintada matxistak. / Salburuko gizarte etxea

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago