Urtarrilean izango da Hertzainak taldearen azken kontzertua, Gasteizen

Erredakzioa 2022ko urr. 5a, 12:30
Josu Zabala, Gari eta 'Txanpi', Hertzainak taldearen itzuleran. / Argazkia: IBAI ARRIETA

Agur esateko bi kontzertu emango ditu Hertzainak taldeak: lehenengoa BECen, abenduaren 16an; bigarrena eta azkena Gasteizen izango da, urtarrilaren hasieran, baina data zehatzik ez dago oraindik.

Azkena gure alde birarekin, behin betiko agur esango du Hertzainak-ek. Horretarako, 1978an Gasteizen sortu eta 1981ean bere lehen kontzertua eskaini zuen taldearen formazio klasikoa berreskuratuko du, Josu Zabala, Iñaki Garitaonaindia Gari eta Luis Javier Saiz Txanpi-ren eskutik.

Bilboko Itsasmuseoan eskainitako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, bi kontzertu baino ez ditu izango azken bira honek. Lehenengo emanaldia, masiboagoa, abenduaren 16an izango da, BECen (Barakaldo): 19:00etan izango da ate irekiera, 20:00etan gonbidatutako musikariak arituko dira, 22:00etan Hertzainak oholtzara igo aurretik. "Milaka lagun bilduko dituen gaua izatea nahi genuke, horregatik aukeratu dugu ezustekoz beteriko emanaldi gogoangarri bat eskaintzeko moduko aretoa", azaldu dute.

Bigarren eta azken emanaldia izango den Gasteizko kontzertuari dagokionez, taldeak ez du oraindik data zehaztu, ezta lekua ere, baina "urtarrilaren hasieran" izango dela iragarri dute. "Gasteizekoa bilduagoa izatea aurreikusten dugu, lagunarteko agur ospakizun bat. Horretarako aproposa den aretoa hautatu dugu, gure aldeko azkena eskaintzeko neurrikoa", aurreratu dute.

Nolanahi ere, bi kontzertuetan hainbat musikari gonbidatuk parte hartuko dute, bai Hertzainak taldearen aurretik, bai bitartean.

Sarrerak

Oraingoz, ez dute Gasteizko kontzerturako sarreren salmentari buruzko informaziorik eman. Baina BECeko emanaldi handia ikusteko sarrerak gaur, urriaren 5ean, jarri dituzte salgai, www.hertzainak.eus webgunean. Kutxabank-eko bezeroek atzo, urriaren 4an, izan zuten aurresalmentan erosteko aukera. Prezioak 29, 40 eta 45 eurokoak izango dira, eremu edo eserlekuaren arabera.

Asteazken honetan abenduaren 16ko kontzerturako sarrera guztiak agortu bezain pronto, BECen bigarren kontzertu bat iragarri du Hertzainak-ek, abenduaren 17rako. Sarrerak dagoeneko salgai daude webgune berean. "Ez dugulako inor kanpo utzi nahi, ez dugulako inor agurtu barik utzi gura", azaldu du taldeak.

 

"Azkena gure alde"

Taldea 1993an desegin zen ofizialki, urriaren 30ean Izarran (Urkabustaiz), Kubaren aldeko jaialdi batean. Horren ostean itzulera xume batzuk egin dituzte —2012an Hell Doradon, Tito Aldamaren omenez; edo 2019an Bilboko Kafe Antzokian eta Euskalduna Jauregian, Josu eta Gariren eskutik—, eta taldekideak bestelako proiektu batzuetan murgildu dira.

Hala ere, hiru hamarkadaren ostean, lehen aldiz oholtzara itzuliko da formazio klasikoa —Gari gitarra eta ahotsean, Josu Zabala baxuan eta trikitixan, eta Luis Javier Saiz Txanpi baterian—, beste zenbait musikarirekin. Izan ere, 2019ko bira txikian "sorrarazitako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa utzi zien" Josu eta Gariri.

"Pandemiak eten zuen gogo bizi bat erne zitzaien kontzertu haien ondorioz: Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu behar genuke. Bertan hasi zen dena eta bertan bukatzea zor diogu. Egin dezagun azkena gure alde, sortzen ikusi gintuen hirian. Horrenbeste merezi dugu bai Hertzainaken zaleek bai guk. Egin dezagun azken gure alde", adierazi dute.

Garai bateko soinu-bandaren zati bat

Euskal Rock Erradikalaren zein Euskadi Tropikala delako mugimenduaren soinu-bandari berebiziko ekarpena egin zion Hertzainak taldeak, 80. eta 90. hamarkadetan, besteak beste Josu Zabala, Gari, Kike, Txanpi, Delfo, Tito, Kurro edo Bingen Mendizabalen eskutik, baita garaiko pertsona askoren kolaborazioekin ere.

Betirako gure oroimenean gelditu dira, besteak beste, Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1985), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990), Denboraren orratzak (1992) eta Mundu berria daramagu bihotzean (1991) lanak, baita 1991n grabatutako zuzeneko diskoa ere. Oraindik ere, folk, rock, punk eta jamaikar doinuak nahastu eta euskal musika goitik behera eraldatu zuen taldearen ereserki errebelde eta adar-jotzaileak gaur egungo gazteengana iritsi dira.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide