Modu batean edo bestean, erakunde gehienek daukate beren barne mitologia, eta hori nabarmenagoa izan ohi da herri erakundeak direnean. Urtez urte, jende andana biltzen da haien inguruan, eta, denboraren poderioz, iragana laino urrun bat bezala ikusten da. Kokatu gaitezen: 1992an, Bartzelonan Cobi izeneko zera bat asmatu zuten, eta serbiarrek Sarajevo setiopean jarri zuten. Bitartean, Boris Jeltsinek vodka botilari eusten zion. Etxera etorrita, Etsaiak, EH Sukarra edo Lin Ton Taun bezalako talde berriek haien lehen arrakastak izan zituzten, eta Euskaldunon Egunkariak aurrenekoz mantxeta gorria bidali zuen inprentara.
Bada, garai urrun horietan, historiaren eta kondairaren artean lausotzen diren testigantzek diote Gasteizko Irakasle Eskolako gela eta korridoreen inguruetan komunitate bat eratzen hasi zela. GEL izena hartu zuten: Geroa Elkarrekin Lantzen. Ez zen izan, ez, Jonan Fernandezen asmakizun horietako bat, gerora Gasteizko eta Araba osoko euskalgintzan erabateko protagonismoa hartuko zuen erakundearen hazia baizik. Hor abiatu zen, hain justu, GEU Elkartea.
Ordudanik, gauzak asko aldatu dira, eta, zorionez, Cobi amesgaizto baten oroimena baino ez da orain. Bai euskalgintzan zein GEU elkartean ere, gauzak egiteko moduak dezente aldatu dira, hasierako adorea bere horretan mantentzen badute ere. "Nik esango nuke, hain justu, aldaketa gehiena gauzak egiteko moduan nabaritu dela", azaldu du egungo GEU Elkarteko lehendakari Irati Iciarrek. "Duela zortzi urte inguru, zuzendaritza taldean sartu nintzenean, lan militante asko baina pixka bat desantolatuta topatu nuen. Batez ere elkartearen aldizkaria desagertu zenean, impasse moduko bat egon zen. Eta une horretan argi ikusi zen lan profesional serioa, ondo antolatua egiten hasi behar genuela. Badakizu, gure aurrekontu, plan estrategiko eta halakoekin".
Kaleak hartu
Lan profesionalagoa egiteaz gain, une horretan argi izan zuten ere bazkideekin harreman zuzena mantendu behar zutela. "Bazkideei eskatzen zaie, baina gauzak eskaini behar zaizkie ere, haiek direlako Gasteizko euskaltzaleekin dugun zubia. Horregatik, garrantzitsua da lantalde indartsu bat izatea, baina lantalde hori oso lotuta egon behar da oinarri sozial horrekin. Azken urteotan lantaldeak gorputza eta indarra hartu ditu, eta horri esker lortu da, hein handi batean, orain GEU erreferentzia izatea", nabarmendu du Iciarrek.
Filosofia horri helduta ekin diote kandelei putz egitearekin batera ohikoak diren ospakizunei. Urriaren 1ean egingo dute, eta 30 kandela izango dituzte aurrean. "Gasteizko euskaltzale guztiei irekita dago, noski, baina, funtsean, 30. urteurren hau hein handi batean barrura begirako ariketa bat da; gure jendearekin konektatzeko aitzakia bat", azaldu du elkarteko lehendakariak. Modu berean, elkartearen eta, bide batez, Gasteizko euskararen historia hilabete batez erakutsiko dituen erakusketa bat ere paratu dute Montehermoso jauregian. "Askotan, ospakizunak ekitaldi soil batera mugatzen dira, baina guk egun oso bateko proposamenean hedatu nahi izan dugu", adierazi du Iciarrek.
"Faltan bota izan dugun kale giroa berreskuratu nahi izan dugu". IRATI ICIAR, GEU ELKARTEKO LEHENDAKARIA
Funtsean, azken urteetan egin duten lanaren lagin bat izatea nahi dute. Kasurako, hor islatuko dira aisialdia eta euskara batzen dituen GEUrekin Mendira ekimena, familia osoari begirako Igandeak Jai edota Iban Zaldua idazle eta irakaslearenn ardurapean dagoen Irakurle Kluba; bi hamarkada bete dituen "unibertso txikia".
Horrenbeste like, zoom, pantailatxo eta follower protagonista diren garaiotan, jendearekiko aurrez aurreko kontaktua berreskuratzeko ahalegina egin dute. "Funtsean, aitzakia bat da jendearekin egoteko, pandemia garaian hainbeste faltan bota dugun kale giro hori berreskuratzeko". Aihotz plazan Gasteizko jaietan izandako esperientziak are gehiago hauspotu du kontaktu zuzen hori berreskuratzeko nahia. "Tradizionalki, euskararen aldeko mugimenduak beti alde positibo hori landu du ekitaldi guztietan: hartu-emanak, ospakizuna, jana, edana eta musika. Tira, euskaldunok iaioak gara halakoak antolatzen; ez zaigu batere gaizki ateratzen. Egia esanda, horretan ez gara batere originalak izan, kar kar!".
Ez da, ez, Euskalgintzak aurten izan duen urteurren bakarra. Iciar bera UEUko jarduera akademikoen koordinatzailea da, eta erakunde horrek ere aurten 50 urte bete ditu —ospatzeko, bertara txiripaz iristen den bekadun bati buruzko telesaila egin dute UEUko kideek, Oscar sarietan lehiatzeko moduko interpretazioekin—; beste horrenbeste bete ditu Elhuyar fundazioak. Topaguneak, 25; eta, Aranzadi zientzia elkarteak, 75. "Ospakizun gehienetan islatzen da euskalgintzak argi duen filosofia bera: goazen berriro kaleak hartzera, guztion erakunde horiek ikusaraztera", aldarrikatu du Iciarrek.
Eguneroko zereginei aurre egin ahal izateko, lantaldearen garrantzia azpimarratu du lehendakariak, proiektuari hezurdura ematen diolako. Dioenez, azken urteotan aldaketa dezente egon dira bertan, baina euskara elkarte gehienetan gertatzen den fenomenoa dela azaldu du. "Jendeak egonkortasuna bilatzen du, eta, batzuetan, euskara elkarteetan diru laguntzen arabera antolatu behar gara. Ahalegin asko eskatzen duen lana da halako elkarte batean egiten dena, eta batzuetan zaila da aurrera eramatea". Horregatik, instituzioen laguntza eskertuta ere, aldarrikatu du erakunde publikoen babesa indartu beharra dagoela, hizkuntzaren normalizazioaren alde taxuz lan egin ahal izateko. Halere, eta txanponaren beste aldeari erreparatuta, aldaketa horiei ere alde positiboa ikusten die Iciarrek. "Jende berriak ideia berri eta freskoak ekartzen ditu beti, eta hori eskertzekoa da. Gainera, joan-etorri horiek guztiek saretze indartsu bat sortzen dute. Euskaltzaleen mugimendua bizirik dago, hein handi batean, etengabeko dinamika bat duelako".
Saretze horren barruan elkarteak duen garrantzia azpimarratu du GEUko kideak. "Komeni da, noski, marka potente bat izatea, irudi eta logo batekin. Baina jende askok oraindik ez daki halako jarduera askoren atzean euskara elkarte bat dagoela. Halere, niretzat marka ere bada eragile moduan egotea, gure ekimen guztien protagonistak izan gabe. Eragileak izatea, bai publikoaren aurrean, baina baita Euskararen Mahaian egotea, diputazioarekin egindako bileretan aritzea edota Topaguneko zuzendaritzan egotea". Hortaz, euskalgintzaren uhartedian lanean jarraituko dute GEU Elkarteko langile, boluntario eta bazkideek, jakin badakitelako paradisuko uharte bakarti batean baino, askoz politagoa dela bizipozaren olatuek orraztutako artxipelago zabal baten bizitzea. Cobirik gabeko artxipelagoa, noski.
Alex Vadillo
"Ilusioa" da Alex Vadillok gehien erabiltzen duen hitza GEU Elkartean emandako lehen urteak gogora ekartzen dituenean. "Magisteritza Eskolaren inguruan sortu zenean, nahiko talde anitza egon zen. Orain normala iruditzen zaigu, baina, garai horietan, ez zen hain arrunta". Sektore desberdinetatik etorritako lagun horiek kezka komuna zuten: Gasteizen euskara indartzea. Talde eragile bat sortu zuten, eta egin zen lehen gauzetako bat izan zen aldizkari bat martxan jartzea. "Ikusten genuen beste hainbat lekutako euskara taldeek beren aldizkaria zutela, eta, guk, funtsean, gauza berdina egin genuen". Bi taldetan banatu ziren hasierako kideak: lehen taldekoak elkarteaz arduratzen ziren; bigarrenekoak, aldizkariaz". Hasiera batean 30 bat lagun baino ez ziren. "Nahiko modu arinean funtzionatzen genuen, ez zegoen egitura konplexurik". Gerora, elkartea finantzatzeko kuota sistema bat jarri zuten, baina berehala konturatu ziren kopuru horrekin ez zegoela gauza askorik egitea, eta diru laguntzak bilatzeari ekin zioten. Diruak estaltzen ez zuena, borondatearekin eta ilusioarekin estaltzen saiatu ziren. "Hasiera batean Magisteritza Eskolan egiten ziren bilerak; gero, Koldo Mitxelena institutuan lan egin genuen, garai bateko atezainaren etxetxo batean". Egoitza finkorik gabe ibili ziren, handik hona, azkenean Seminarioan bulego bat lortu zuten arte. Ordenagailu bat zuten ondasun bakartzat. "Baina elkartea handitzen ari zen, eta aldizkaria, arazoz arazo, hilero ateratzen zen". Lehen urteetan boluntarioen bitartez moldatu baziren ere, pixkanaka konturatu ziren elkartea beste tamaina bat hartzen ari zela, eta erabaki zuten gauzak beste modu batean egiten hasi behar zirela. Hortaz, boluntarioez gain, elkartearentzat modu profesionalean eta dedikazio osoarekin lan egiteko lehen aukerak sortu zituzten.
Saioa Fernandez de Arangiz
Institutu garaian izan zuen Saioa Fernandez de Arangizek GEU aldizkariaren berri, eta, beste gasteiztar askok bezala, horren bitartez ezagutu zuen elkartea. "Abel irakaslea elkarteko kidea zen, eta klasera aldizkaria ekarri zigun". Ondoren, kazetaritza ikasteko erabakia hartu zuen, eta lehen garai horietan azterketak eta lehen kolaborazioak uztartzen hasi zen. "Hasiera batean, kale inkestak izan ziren, baina gero elkarrizketa eta erreportajeak ere lantzen hasi nintzen". Behin paperezko aldizkariaren zikloa bukatuta, GEU Elkarteak beste proiektu komunikatibo bat lantzeari ekin zion: Hirinet egitasmoa, eta bertan lan egiteko deitu zioten. Hasierako une horietan, elkartearen inguruan zeudenek paperezko produktu bat ekoizteko ideia zuten ere, baina hori egiteko baliabide nahikorik ez zuten. Momentuz, web atari bat egiteari ekin zioten. Horrela, 2012an hasita eta lau urte inguruz, 'hirinet.net' ataria izan zen Gasteizko euskaldunen erreferentzia nagusia, Fernandez de Arangizen ardurapean. "Proiektu horren inguruan kolaboratzaile talde bat eratu zen, eta, hein handi batean, sare hori mantendu zen gero sortuko zen ALEAn". Oraingoan, webguneaz gain, paperezko produktua atera ahal izan zuten, eta proiektu berrian ere hainbat urte eman zituen lanean. "Hirinet GEUren barruan zegoen, baina, ondoren, ALEAk entitate propioa hartu zuen".
Estitxu Breñas
Hamabi urtez GEU aldizkariaren ardura izan zuen Estitxu Breñasek. Aurretik AEKn egondakoa, berariaz aldizkaria zuzentzeko deitu zuten. "Bulegora iritsi nintzen, eta deskargua egin zidaten. Esan zidaten hor nuela proiektua, eta ea nola eusten genion horri", azaldu du Breñasek, urteurrenerako prestatutako bideo batean. Haren inguruan kolaboratzaile talde bat zegoen, eta haren ardura zen horiek guztiak koordinatzea. "Bakoitzak bere lana zuen aldizkaritik kanpo, baina aldizkariarekin kolaboratzen zuten". Hasierak ez ziren errazak izan, besteak beste, aldizkariaren lehen bi zenbakien ostean inprentarekin zor handi bat sortu zelako, eta hori ordaindu beharra zegoen. Pixkanaka, baina, egoera bide onetik bideratzea lortu zuten. Hasieran, askotariko gaiak jorratzen zituen aldizkariak, baina, pixkanaka, kultur arloan zentratu zen proiektua. "Erabaki genuen ildo nagusia kulturala izan behar zela, eta baita gero eta berritzaileagoa zen euskararen unibertso zabal horren isla ere". Horrek aukera eman zien ere proiektuaren inguruan bildutako jendearen sarea gehiago ehuntzeko". Breñasen hitzetan, batez ere bilatzen zuten "euskararekin gozatzea, euskarari ahalik eta zuku handiena ateratzea, eta dibertitzea". Aldizkariaren eta elkartearen arteko uztarketa horretan, aldizkaria toki askotara eraman zuten. "Parral tabernan hasita, Hika Ateneora edo Artiumera, eta handik Montehermosora edo garaiko Azkena aretora". Gorabeherez betetako urteak izan ziren, baina hilabetez hilabete aldizkaria ateratzea lortu zuten. Alabaina, 2008. urteko krisiak gogor jo zuen aldizkaria, bereziki urte horretan publizitatearen bitartez eskuratutako finantziazioa amildu zelako. "Kolpe gogorra izan zen; ez zegoen eusteko modurik eta aldizkaria ixteko erabaki zaila hartzea egokitu zitzaidan".
Naroa Cuesta
Kazetaritza ikasi zuen Naroa Cuestak, eta horretan zegoela iritsi zitzaion aldizkarian kolaboratzeko aukera. "Horrelako proposamen bat iristen zaizunean, baietz esaten duzu". Kolaborazio horien ostean, aldizkaria desagertu eta gero, 2010ean Mintzalaguna programa kudeatzeko proposamena egin zioten. Gogora ekarri duenez, garai horretan elkartea ez zegoen egoera oso onean, aldizkaria ez ezik, 2008ko krisiak gogor jo zuelako elkartea ere. "Arazoa da une horretan elkartea ez zela oso 'elkarte' edo 'mugimendu'. Langileak baginen, baina ikusi genuen ezinbestekoa zela zerbait gehiago egitea". Ataka horretatik ateratzeko, Cuestak dio Mintzalaguna proiektua gako izan zela. "Nire ustez, Gasteiz bezalako hiri batek halako proiektu bat behar zuen". Diru laguntzak lortzeko aukera izan zuten, baina batez ere jende andanaz inguratzeko abagunea izan zuten ere. "Gainera, hor aldaera berriak sortu ziren, hala nola Gurasolagunak edo Gaztelagunak, eta horrek eman zigun aukera jende berri asko ezagutzeko". Elkartean langile modura zortzi urte eman eta gero, Cuestak nabarmendu du arlo profesionalean gauza ugari ikasi dituela. "Orain teknologia berriek asko erraztu dute dena, baina, duela zortzi urte webgune bat egitea ez zen gaur bezain erraza", aipatu du. Arlo pertsonalean ere "lagun pila bat" eman dizkio GEUk. Horrenbeste mintzalagun edukita, gainera, noizean behin topo egiten du bileraren batean aspaldiko ezagunen batekin. "Zurekin euskaraz, ezta?", esaten diote.
Joseba Gorostiza
"Euskaldunak ezagutzea eta gune bat sortzea". Hitz horien bitartez laburbildu ditu Joseba Gorostizak GEU Elkartearen hasierako helburuak. "Berehala konturatu ginen jende asko elkartu ginela eta ideia asko genituela, baina ideia horiek nonbaitetik bideratu behar zirela". Hortaz, aldizkariaren ideia atera zen, tresna horren inguruan Gasteizko euskaldunak biltzeko. Horretan tematu ziren. "Diru gutxi genuen, baina ilusio handia".Gogo horri eutsita, aldizkaria prestatu zuten, ahal izan zuten moduan. Baina inprentaren faktura iritsi zitzaienean jabetu ziren ilusioa ez dela nahikoa fakturak ordaintzeko. "Kopuru horiekin, konturatu ginen erabateko porrota izango zela". Inprentako fakturarena ez zen izan hasierako une horietan izan zuten komeria bakarra. "Nik 'Egin' egunkarian lan egiten nuen, baina diseinatzaile batek prestatutako maketa baten gainean idazten nuen. Tira, ez genekien maketatzen! Alex [Vadillo] arduratu zen maketazioa ikasteaz, eta ordu asko eman zituen horretan". Bitartean, Gorostiza arduratu zen kanpoko harremanak lantzeaz eta kolaboratzaileak lortzeaz. "Musu-truk egiten genuen lan, baina ilusioak bederen hori egiteko aukera ematen zigun". Banaketaren kontua ez zen ere oso ortodoxoa. "Guk geuk egiten genuen, autoan. Beste behin, Koldo Mitxelena institutura joan ginen, eta irakasleekin hitz egin genuen, prest zeuden ikasleek ere lagun zezaten banaketan". Ilusioa bai, baina errealitatea tematia da, eta handik gutxira konturatu ziren ezinezkoa zela horrela jarraitzea. Trantsizio garai baten ondoren, lan hori modu profesionalean egingo zuen jendea bilatzeari ekin zioten. "Gainera, hor ikusten genuen aukera polit bat zegoela kazetaritzaren alorrean ere lanpostuak sortzeko. Oraingo GEU Elkartean oso ondo ikusten da ogibidea eta ilusioa batuta emaitza itzelak lortzen direla".
Ane Pedruzo
Etxean bertan ezagutu zuen Ane Pedruzok GEU aldizkaria, ama elkarteko bazkidea zelako. Eta Radio Vitorian praktiketan ari zela, Estitxu Breñasek aldizkarian idazteko aukera eskaini zion. Fernandez de Arangiz bezala, Pedruzo ere kale inkestak eta halako pieza txikiak egiten hasi zen. "Oroitzen naiz Naroa [Cuesta] eta biok elkarrekin bizi ginela, eta aldizkarirako kolaborazioa egin behar genuenean, bakoitza bere logelan sartzen zen, inork ez molestatzeko. Ardura handia zen!". Gero, aldizkaria itxi eta gutxira, Mintzalaguna proiektuko teknikari bezala hasi zen lanean. Aurreko kideen lanari esker zegoen orubeaz baliatu ziren komunikatiboki proiektua are gehiago indartzeko. Pedruzok gogora ekarri du elkarteak une ahulak bizi izan zituela. Izan ere, lan boluntario hutsetik lan profesionalera igarotzea hobekuntza handia izan zen, baina, bueltan, horrek ekarri zuen ere nolabaiteko distantzia bat bazkideekiko eta euskaltzaleekiko. "Iritsi zen une bat non GEUn ia-ia langileak baino ez zeuden, eta hori ez da elkarte baten oinarria". Horregatik, zuzendaritza indartzeari ekin zioten, bai eta bazkideak aktibatzeari ere. Etorkizunari begira ere euskalgintzan pausu sendoak emateko beharra azpimarratu du Pedruzok. "Hausnartu dezagun nola egin aurrera, elkarren osagarriak izaten jarraitzeko. Azken finean, ez gara irlatxoak, artxipelago bat baizik".
Ainhoa Arriaga
Hasiera batean aldizkarian bazegoen ere, GEU Elkartearen ardura egokitu zitzaion Ainhoa Arriagari. Berak ere gogoan du nola garai batean "kuota-bazkide asko" zeuden, baina, nolabait esateko, desaktibatuta zeuden, elkartean modu aktiboan parte hartzen ez zutelako. "Langileon menpe geratzen ari zen dena, eta bakarrik sentitzen ginen; baina baziren aukera asko partaidetza artikulatzeko. Horregatik, parte hartze prozesu bat abiatu genuen, batzarrak, batzordeak eta horrelakoak osatuz. Eta, egia esanda, asko nabaritu genuen aldaketa, jendea mobilizatu egin zelako". Arriagak ere biziki gogoan du 2008ko krisiak elkartean eragin zuen zaplaztekoa, baina baita Mintzalaguna taldeak hasi ziren garaiko berreskurapena ere. Garai zail horretan, bazkideen kuotei esker ozta-ozta moldatu ziren, eta diru laguntzak bilatzeari ekin zioten. Ondoren etorri zen komunikazio proiektu berri bati ekiteko ilusioa, eta horretan ere ahalegin berezia egin behar izan zuten, batez ere arlo komertzialean. Horrela sortu zen Hirinet ataria, gerora ALEA bilakatuko zena. Urte hauek guztiak igarota —"pentsa, hogei urte inguru nituela hasi nintzen ni GEU Elkartean"—, Arriaga "oso harro" sentitzen da gaur egun dagoen lantaldeaz, eta baita beren ahaleginari esker lortutakoaz ere. "Hau poztekoa da. Bai iraganean zein orain, GEU Elkartea erreferentea da Gasteizko euskalgintzan".