GEU Elkartearen Instagram kontu faltsu batekin iruzur egiten saiatu dira

Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 16:00
Eskuinean, Instagrameko hainbat erabiltzailek jaso duten mezua. / ALEA

Azken egunetan GEU Elkartearen sari bat irabazi duzula dioen mezu arraro bat jaso duzu zure Instagram kontuan? Kontuz! Mezua klonatutako kontu faltsu batena da, eta iruzur saiakera bat da.

Larunbat honetan, urriaren 1ean, GEU Elkartearen 30. urteurrena ospatzeko GEU Fest jaialdia izango da Gasteizen; besteak beste, Zetak taldearen kontzertua ikusteko aukera egongo da, 22:30ean Jimmy Jazz aretoan. Hiru hamarkadako ibilbidean lortutako arrakastaren adibide bat izan dugu azken egunetan: Hackerrak ere euskaraz egiten hasi dira.

Izan ere, azken egunetan, GEU Elkartearena dirudien kontu bat agertu da Instagramen, baina klonatutako kontu faltsu bat da, eta gero eta ohikoagoa den iruzur mota bat egiten saiatu da. Bi kontuen izena berdina da: GEU Elkartea. Baina benetakoaren IDa @geuelkartea den bitartean (232 publikaziorekin eta 1.399 jarraitzailerekin), iruzurra egiten saiatu den kontua @_geuelkartea da, pribatua da, eta kopiatutako bederatzi publikazio baino ez ditu.

Fake kontuak 1.247 kontu jarraitzen ditu (ziurrenik kontu originalari "lapurtutakoak"), eta, zoritxarrez, 461 jarraitzaile lortu ditu jada. Horretarako erabilitako teknika honakoa izan ohi da: kontu originalaren jarraitzaileei jarraitzen hastea, ahalik eta follow back gehien lortzeko; hau da, jarraitzaile horiek jakinarazpena jasotzean, kontu faltsua jarraitzen hasteko.

Ondoren, kontu faltsuak jarraitzaile berriak lortzen dituenean, mezu pribatu bat bidaltzen die, datuak lapurtu nahian. Kasu honetan honako mezu hau jaso dute Instagrameko dozenaka erabiltzailek:

Zorionak mezu hau jaso duzuenoi... aukeratu zaituzte irabazle.

Jarraitu beheko urratsak zure saria lortzeko:

  • Eman izena orain (+ webgune batera eramaten duen lotura bat)
  • Osatu zure erregistroa.
  • Izen-ematea doan!!!

Erantzun mezu honi "EGINA"-rekin zure erregistroa amaitu ondoren.

Erregistratzen amaitu eta zure erregistroaren emaitzaren pantaila-argazkia bidaltzen duzunean, berehala jakinaraziko dugu gure Instagram historian.

Erreklamatu al duzu saria?

Sari faltsua: Zetak ikusteko sarrerak

Loturak Google Sites plataformaren bitartez sortutako webgune faltsu batera garamatza. Bertan, larunbatean Zetak taldearen kontzertua ikusteko bi sarreren zozketa irabazi dugula jakinarazten digute, hitzez hitz: "Zozketa. Zorionak irabazi duzula 2 sarrera egin klik botoian registrarse. Osatu zure izena ematea, zure saria berehala prozesatu ahal izateko!! Izen-ematea amaitu ondoren, pantaila-argazkiaren froga bidali beharko diguzu!!".

Mezu horrekin batera, GEU Fest jaialdiaren barruan Zetak-ek eskainiko duen kontzerturako sarreren zozketa originalaren irudia agertzen da, eta, beheko partean, gaztelaniaz "Regístrese Ahora" dioen botoi gorri bat. Botoia sakatu eta aurrera egin nahi izatekotan, antibirusa erabiltzen dutenek pishing saiakera bat blokeatu dela dioen jakinarazpena jasoko dute; besteen kasuan, hobe da botoi gorri hori ez sakatzea.

Salaketa abian

ALEAk jakin duenez, gutxienez pertsona batek mezua sinetsi eta bere banku-txartelaren zenbakia eman du. Ondorioz, iruzurgileek "diru kantitate txiki bat" kendu diote.

GEU Elkarteak eta kaltetutako pertsonek Ertzaintzaren aurrean salaketa jartzeko izapideak abiatu dituzte dagoeneko. Nolanahi ere, iruzurraren edo iruzur saiakeraren biktima izan diren pertsonek elkartearekin harremanetan jartzeko aukera dute, 945 222 153 telefono zenbakian edo info@geuelkartea.eus helbide elektronikoaren bitartez, gertatutakoa argitzeko eta salaketa koordinatzeko.

Horrekin batera, GEU Elkarteak eskatu du kontuz ibiltzea, kontu faltsua ez jarraitzea edo jarraitzeari uztea, eta, noski, aipatutako mezuari ez erantzutea, are gutxiago datu pertsonalak emateko. Bide batez, kontu faltsua (@_geuelkartea) masiboki salatzeko eskaera egin dute, beste kontu bat ordezteagatik Instagramek itxi dezan.

Zozketa ofiziala

Azkenik, gogorarazi dute duela bost egun GEU Elkarteak Zetak taldearen kontzertua ikusteko bi sarreren zozketa (ofiziala) martxan jarri zuela Instagram bidez. Parte hartu nahi dutenek honako urrats sinple hauek jarraitu beharko dituzte, sare sozialean bertan, inolako webgunera jo gabe:

  1. Jarraitu @geuelkartea Instagramen.
  2. Argitalpen honi "atsegin dut" eman
  3. Izendatu norekin nahiko zenukeen kontzertuan Zoriontasuna abestia kantatu.

Irailaren 30ean, ostiralean, 10:30ean zabalduko dute zozketaren emaitza, GEUren Instagram kontuko istorioetan; kontu originalean, noski.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide