1992. urtean errotu zenarekin hazten jarraitzen du GEU Elkarteak 2022.urtean. Gasteiz euskalduntzeko xedearekin, 30 urte bete ditu aurten GEU Elkarteak; euskaldun askoren ilusio eta borondateari esker egin du aurrera, eta herritar guztiekin ospatzeko egitaraua prestatu dute. Zetak taldearen kontzertua iragarri ostean, astelehen honetan eman dituzte urteurrenerako ekitaldien eta urriaren 1eko jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak.
Alde batetik, Geure euskararen historia 1992-2022 aurkeztuko dute Montehermoso Jauregiko Jovellanos aretoan, GEU Elkartearen eta "GEUre euskararen" historiari buruzko erakusketa. Irailaren 29an, ostegunean, 18:30ean izango da inaugurazioa (luntx batekin lagunduta), eta urriaren 30era arte bisitatu ahal izango da. "Hainbat eskutatik pasa den historia dugu, orain eta hemen, guztion begietara ekarri nahi duguna", azaldu dute.
Bestalde, urriaren 1ean izango da ospakizun nagusia: GEU 30 Fest jaialdia. Egun osoko egitaraua Zetak taldearen kontzertuarekin borobilduko dute (sarrerak hemen salgai), 22:30ean Jimmy Jazz aretoan, baina askotariko ekitaldiak izango dira goizetik.
Egun osoko jaia
10:00etan, GEUrekin Mendira eta Mintza ibilaldia abiatuko da Arka plazatik, eta Zabalganako basoa, Armentia eta Olarizu lotuko dituzte Eraztun Berdearen ibilbidetik. 11:00etan, Igandeak jai dinamikaren barruan, Irrien Lagunak-ek 3 urtetik gorako umeentzako Elkartasun jantokia ikuskizuna eskainiko du Aldabe gizarte etxean, beste "oparitxo" batekin batera.
11:30ean, Ignacio Aldekoa Kultura Etxean ospatuko dute Irakurle Klubaren 20. urteurrena: Iban Zaldua idazleak gidatuta, Gasteizko zenbait idazlek (Karmele Jaio, Rikardo Arregi, Edu Zelaieta…) beren liburu kuttunei buruz hitz egingo dute, eta publikoak bere irakurketa biografiari aipamenak egiteko aukera egongo da. Bertaratutakoentzako luntx bat egingo dute bertan 12:30ean, 2022/2023 ikasturteko egitarauaren aurkezpenarekin batera.
12:30ean ere, Alde Zaharrera iritsiko da jai giroa. Hasteko, ardo eta garagardo dastatzeak egingo dituzte, Kutxiko Errexala elkartean eta Errementari kaleko Gautxori elkartean. Ondoren, bazkalaurreko kalejira bat egingo dute Kutxi kalean gora, Fariñasetik abiatuta. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute Landatxon. Bazkalostean eta gaueko kontzertuaren aurretik, festak Falerina Lorategian segituko du: 18:00etan, Luze eta Motz, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen sei bakarrizketa, euskara eta generoa umoregai hartuta; 19:30ean, berriz, dantza plazan Azido Folkloriko taldearen eskutik.
Ekitaldietako batzuetan beharrezkoa izango da aldez aurretik apuntatzea. Jaialdiaren inguruko informazio guztia eta izena emateko formularioak GEU Elkartearen webgunean daude.