Hogei proiekzio baino gehiago eskainiko ditu Afrikaldia zinema jaialdiak

Erredakzioa 2022ko urr. 3a, 09:00
Philippe Lacôteren 'La nuit des rois' filmaren fotograma bat. / Argazkia: AFRIKALDIA

Urriaren 3tik 8ra bitartean, Afrikako hogei film baino gehiago izango dira Philippe Lacôte bolikostarraren La nuit des rois filmak irekiko duen Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren II. edizioan. Armando Buika, Arantza Ibarra eta Katixa De Silva izango dira epaimahaian.

Gaur hasiko da Afrikaldia, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia. Zinemaldi berezi honen bigarren edizioa. Urriaren 3tik 8ra bitartean ospatuko da, eta hogei herrialde baino gehiagoko hogei film eta dokumental proiektatuko dira hiriko hainbat espaziotan. Aurtengo ardatza migrazioa izango da, Afrikako begirada batetik

Dozena bat lan (sei film luze eta sei dokumental) lehiatuko dira Sail Ofizialean, eta Florida Zinemetan ikusi ahal izango dira. Horien artean, estatu mailako hiru estreinaldi izango dira: Hegoafrikako Mlungu Wan filma (Andre ona), Jenna Cato Bassena; Otiti, Nigeriako Ema Edosiorena, eta Vuta N´kuvute (Tirabira), Amil Shivjirena. Gainerakoak lehen aldiz eskainiko dira Euskal Herrian.

Armando Buika aktoreak, Arantza Ibarra Basañe zuzendariak eta Katixa De Silva Ruiz de Austri ekoizleak osatuko dute aurtengo epaimahaia, edizio honetako lan onena izendatzeko ardurarekin.

Inaugurazio gala

Jaialdiari hasiera emateko aukeratutako agertokia Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu Auditorioa izango da. Hilaren 3an, astelehenean, Philippe Lacôte bolikostarrak zuzendutako La nuit des rois ("Erregeen gaua") filmak irekiko du inaugurazio ekitaldia. 2021eko edizioan, Afrikaldiko publikoa liluratu zuen, epaimahaiaren saria jasoz, eta mundu mailan ezaguna bilakatu da, Burkina Fasoko Fespaco zinemaldi ospetsuan proiektatzeraino. Boli Kostako gaizkile txiki baten istorioa kontatzen du filmak. Beldurtuta, baso baten erdian dagoen La Maca kartzelara sartzen da. Espetxeak arau propioak ditu, eta presoak dira agintariak.

 

Hurbiltzen diren ikusleek Philippe Lacôte zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango dute. Proiekzioaren eta solasaldiaren ostean, Afrikaldiaren aurtengo protagonistak ezagutzeko aukera egongo da, Rebeca Nguissani kazetariak gidatuko duen ekitaldian; besteak beste, edizio honetan hautatutako filmen trailerrak eskainiko dituzte.

Sarrerak dagoeneko salgai daude, eta berri guztiak jarraitu ahal izango dira www.afrikaldia.com webgunean, baita Instagram, Facebook eta Twitter kanalen bitartez.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide