Urrian itzuliko da Afrikaldia, Afrikako zinema jaialdia

Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 13:30
Karina Senatore venezuelarrak diseinatu du aurtengo kartela. / Argazkia: AFRIKALDIA

Urriaren 3tik 8ra ospatuko da Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren bigarren edizioa. Karina Senatorek diseinatu du aurtengo kartela, afrikar begirada batetik pertsonen migrazioaren inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin.

Afrikaldiak, Afrikako Zinemen Euskal Jaialdiak, urriaren lehen astean ospatuko duen bere bigarren edizioaren kartela aurkeztu du aste honetan. Zinemaldiak dozena bat emanaldi eskainiko ditu Florida zinemetan, kalitatezko zinemaren bidez ikus-entzuleak Afrikan murgiltzeko.

Iaz egin zuten lehenengo edizioa, 2021ean, eta orduan bezalaxe, Afrikaldiak Afrikako diaspora EHUko ikasleengana hurbiltzearen aldeko apustua egingo du. Horregatik, urriaren 3tik 8ra, jaialdiak irauten duen bitartean, hainbat zuzendari eta aktore izango dira Arabako Campusean, Afrikako herrialdeek bizi duten egoera politiko eta migratzaileaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko.

Karina Senatore, edizio honetako kartela diseinatu duen 36 urteko emakume venezuelarra, EHUko Sorkuntzan eta Diseinuan graduatua da. Ibilbide profesional luzea du: besteak beste, liburuak eta azal diskografikoak diseinatzeko eta editatzeko hainbat lan egin ditu, baita logotipoak eta ikus-identitate korporatiboak ere.

"Kartelak Afrikako migrazio errealitatea jasotzen du, eta bi gaztek ordezkatzen dute. Izan ere, gazteak dira prozesu horietan gehien inplikatutako biztanleak", azaldu du Senatorek berak. Diseinuari dagokionez, afro-futurismo mugimenduan oinarritu da: "Korronte artistiko eta kultural horrek hamarkadetan zehar identitate berri bat aldarrikatu du, zientzia fikzioaren eta fantasia historikoaren bitartez; izan ere, Afrikari buruzko mendebaldeko ikuspegia errealitatea gutxitan irudikatzen duten topikoz josita dago".

Kartelaren aurkezpen prentsaurrekoa Posta kaleko Fotoprix dendan egin dute, Afrikaldiaren egoitza ofizialean. Diseinatzailearekin batera, bertan izan dira Kultura Bendera elkarteko Lenda Akua Ayepah, Manuel Iradier Afrikako Elkarteko Alvaro Iradier, eta Dama Diakite Gasteizko Afrikako diasporaren ordezkaria.

Afrikaldia Espainiako estatuko iparraldeko Afrikako zinemen jaialdi bakarra da. Gasteizen finkatutako Afrikako herritarren hamabi elkarteren laguntzarekin, Kultura Bendera Elkarteak eta Manuel Iradier Afrikar Elkarteak sustatzen dute jaialdia, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna ikusarazteko eta euskal eta afrikar kulturen arteko topaguneak bultzatzeko.

Kartelaren diseinua: KARINA SENATORE

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide