Erdi Aroko Azoka asteburu honetan itzuliko da Gasteizera

Erredakzioa 2022ko irailaren 20a

Erdi Aroko Azokaren 2019ko edizioa, pandemia iritsi baino lehen. / ALEA

Hiru urteren ostean, irailaren 23, 24 eta 25ean berriz ere Erdi Aroan murgilduko da Gasteiz. Postuak, kale ikuskizunak, erakusketak, haurrentzako jarduerak eta lehiaketak izango dira asteburu osoan zehar.

Esan liteke zentzu askotan Covid-19aren pandemiak Erdi Arora bueltan eraman gaituela, baina, besteak beste, bi urteko etenaldia eragin du, hain zuzen ere, urtero Gasteizen ospatu ohi den Erdi Aroko Azokari dagokionez. Egoera bere onera itzultzearekin batera, asteburu honetan egitasmoaren XIX. edizioa Arabako hiriburuko Alde Zaharrera itzuliko da, irailaren 23tik 25era, hau da, ostiraletik igandera.

Hiru egunetan zehar, askotariko jarduerak izango dira: 200 postu baino gehiago, kale animazioa, bisita gidatuak, musika, antzerkia, erakusketak, umeentzako jarduerak... Horien guztien erdigunean, Erdi Aroko giroa eta historia; izan ere, ikuskizunetako asko garai hartan iparraldea eta hegoaldea estrategikoki lotzen zituen gure hiriaren historiarekin lotutakoak izango dira. Gainera, dekorazio, janzkera, argazkilaritza edota pintura lehiaketak antolatuko dituzte aurten.

Azokaren ordutegia honakoa izango da: ostiralean, 17:00etatik 22:30era; larunbatean, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:30era; eta, igandean, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00era.

EGITARAUA

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago