Pandemiagatik bi urtez bertan behera utzita egon ondoren, aurten Erdi Aroko Merkatua berreskuratuko du Gasteizek. Udalak dagoeneko abiatu du hori antolatzeko lizitazioa.
Irailaren 23, 24 eta 25eko astebururako finkatu dute hitzordua, ostiralean 17:00etan hasita eta igandeko 22:00ak arte.
Ohi bezala, jana eta edariarekin batera, artisautza postuak egongo dira, bai eta Erdi Aroko lanbideen erakustaldiak ere. Gutxienez 200 postu egongo dira bertan, eta 350 postu gehienez.
Antzinako tailer eta lanbideen inguruan gutxienez 30 erakustaldi izango dira: errementaritza, aiztogintza, hargintza, argizarien lanketa, artileko ehunak, buztingintza, beira, artilezko ehuna, okindegia, saskigintza, larrugintza, zapatagintza, urregintza eta harrizko taila, besteak beste.
Ekitaldiei dagokienez, Aihotz plazan Prokuradore Nagusiaren zinaren antzeztuko da Gasteizko alkatearen aurrean. Ganboatarren eta oinaztarren arteko liskarren gaineko antzerkia egingo dute, eta antzeztuko dira ere udal merkatuaz zaintzeaz arduratzen ziren garaiko udaltzainen jarduna. Kultura kristau eta musulmana erakusteaz gain, juduen ezkontza bat eta musika sefardia ere egongo dira, kultura hebrearraren erakusle. Horrez gain, Erdi Aroko kanpamentu baten irudikapena egingo dute.