Bertako konpainien azken lanak, Gasteizko Antzerki Jaialdiaren protagonista

Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 17:00
Bertako konpainien prentsaurrekoa, Principal Antzokian. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Urriaren 1etik azaroaren 27ra bitartean ospatuko den Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 47. ediziorako abonamenduak irailaren 15ean jarriko dituzte salgai. Hamasei euskal konpainiek beren proposamenak aurkeztu dituzte gaur, Principal Antzokian.

Hasi da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdirako atzera-kontaketa. Urriaren 1etik aurrera eta bi hilabetez, 34 ikuskizun eskainiko ditu aurtengo edizioak: horietatik 16 euskal konpainienak dira, 9 nazioartekoak eta beste 9 estatu mailakoak; 12 estreinaldi absolutuak izango dira, bost estatu mailako estreinaldiak, eta sei Euskal Herrian lehen aldiz ikusiko direnak. Guztira, 44 saio izango dira.

Bertako hamasei konpainia horietako ordezkariek haien proposamenak aurkeztu dituzte gaur, Principal Antzokian eskainitako prentsaurreko batean. Marta Monfort Udal Antzoki Sareko arduradunak azaldu duenez, nazioarteko kartela berreskuratuz ere, "euskal sorkuntzaren aldeko apustuari eutsi" nahi izan diola jaialdiak: "Etxean bezala sentitzea nahi dugu".

Konpainia bakoitzak bere ikuskizunaren xehetasunak eman ditu, ordena kronologikoaren arabera:

  • Pez Limbo konpainiako Eduardo Hernandok Itsas behera lana aurkeztu du. Jesus Ibañez de Matauko antzokian antzeztuko dute, urriaren 5ean euskaraz eta urriaren 6an gaztelaniaz.
  • Marie De Jongh konpainiak Ama lana taularatuko du urriaren 14an, Felix Petite antzokian, Irene Zarrabeitiak azaldu duen moduan.
  • Off Local antzerki irekiaren zikloari dagokionez, bi fasetan banatuko da eta sei proposamen izango ditu:
    • Urriaren 13tik 16ra: La vuelta a casa (Arrapala), Oracle Motel (Parasite Kolektiboa) eta Justicia (Carmen San Esteban).
    • Azaroaren 17tik 20ra: Daysi Crazy (Pez Limbo), Tránsitos (Amaia Garrosa) eta Raska nazka (Kolectivo Monstrenko).
  • Ortzai konpainiako Andoni Lauzirikak hitz batzuk esan ditu Perra lanaren inguruan: azaroaren 4an izango da emanaldia, Principal Antzokian.
  • Familientzako ikuskizunen zikloak ere euskal ekoizpen bat izango du, Zurrunka antzerki-konpainiako Eñaut Gorbeak iragarri duen moduan: azaroaren 6an gozatu ahal izango da Gure kanoa ikuskizunaz, Principal Antzokian.
  • Tanttaka teatroak Sex berdinak lana aurkeztuko du azaroaren 19an Principal Antzokian, Mireia Gabilondok azaldu bezala.
  • Larrua proiektuaren La casa vacía azaroaren 15ean aurkeztuko dute Principal Antzokian.
  • Khea Ziaterren Faces azaroaren 5ean ikusi ahal izango da Ibañez de Matauko antzokian.
  • Azkenik, jaialdia amaitu ostean, abenduko lehen egunetan, Udal Antzoki Sareak Haurtxoak proiektua berreskuratu du 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzat. Horren barruan, Teatro Paraiso konpainiak Luidi estreinatuko du abenduaren 3an Federico Garcia Lorca Antzokian, Rosa A. Garciak azaldu duenez.

Sarrerak eta abonamenduak

Abonamenduen salmenta datorren ostegunean, irailaren 15ean, hasiko da, ohiko bideen bitartez. Irailaren 20an abonu irekiak erosi ahal izango dira (aldez aurretik hitzordua eskatuta), eta 22an sarreren aldez aurreko salmenta hasiko da. Berritasun gisa, hemendik aurrera sarrerak internet bidez eskuratzen dituztenek ez dute komisiorik ordaindu beharko.

EGITARAU OSOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide