Hogeita hamar urte bete ditu GEU elkarteak, eta herritar guztiekin ospatzeko moduko egitaraua prestatu dute urriaren 1ean egingo diren ospakizunetarako. Laster iragarriko dituzten jarduera guztien artean, Zetak taldearen kontzertua izango da nagusietako bat. Jimmy Jazz aretoan izango da, 22:30ean; gaur izango dira sarrerak salgai, 18:00etatik aurrera.
Bi urteko etenaren ostean, 2022a itzuleraren urtea izan da Pello Reparazek gidatutako taldearentzat. Herri Urratseko abestiarekin batera itzuli zen Zetak, Erramun Martikorenarekin elkarlanean egindako Itzulera-rekin, soinu elektronikoei bide emanez. Bideoklipa Pellok zuzendu zuen, Iratxe Reparazekin batera, eta txalaparta eta Kukai dantza taldeko Oskara koreografia ere batu zituzten.