El Correo egunkariak argitaratu duenez, ostiral honetako goizaldean, ziztada bidezko ustezko beste eraso bat gertatu da Gasteizko diskoteka batean, duela astebete beste bi gaztek salatu zuten lokal berean eta antzeko testuinguruan. Neska gazte bat 06:00ak aldera iritsi da Txagorritxu ospitalera, ziztada bat jaso ostean zorabioak eta hankak lokartuta sentitu dituelako.
Gaztea aretotik atera da gaizki sentitzen hasi denean, eta hasiera batean Ertzaintzak artatu du. Ondoren, ospitalera eraman dute, bertan artatu eta dagozkion analitikak egiteko, ondoezaren jatorria antzemateko helburuarekin.
Hiru kasu horien harira, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du. Besteak beste, dagoeneko eskatu dituzte aretoko segurtasun-kameren irudiak, xehetasunez aztertzeko.
Polizia iturrien arabera, hiru gazteetako batek ere ez du ustezko erasotzailerik identifikatu eta joan den asteko bi analitiken emaitza negatiboa izan da. Nolanahi ere, ziztatutako substantzia burundanga izan liteke, biktimaren borondatea deuseztatzen duen droga bat, baina antzeman ezin daitekeena.